Albistea entzun

Bikote harremanak, gizarteko desoreken isla

Lau emaztek beren lanak eta gogoetak aurkeztu zizkieten atzo Baionako antzokia bete zutenei. Bikote harremanek gizartean duten lekuaz eztabaidatu zuten, Loverdose festibal feministaren barnean.
Baionako Loverdose festibaleko lehen mahai ingurua.
Baionako Loverdose festibaleko lehen mahai ingurua. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Garazi Aduriz -

2023ko maiatzak 21 - Baiona

Baionako antzokiko tokiak poliki-poliki betez zihoazen atzo goizean. Emazteak ziren tokiak hartzen zituzten gehienak. Denak Celine Bessiere, Mari Luz Esteban, Christelle Murhula eta Elisa Rojasen beha zeuden, esango zuten guztia adi-adi entzuteko xedez. Gaia: Bikotea sistema heteropatriarkalean: nola eta zerendako uztartzen dira menpekotasun harreman ezberdinak?. «Laurak feminismoaren pentsalariak zarete, emazteak gizartean duen lekuaz gogoeta egiten duzue; ongi etorri», hasi zuen moderatzaileak.

Hizlari bakoitzak bere espezialitatetik heldu zion gaiari. Mari Luz Esteban antropologo eta EHUko irakasleak hartu zuen hitza lehenik, eta, sarrera orokorra egitea erabaki zuen. «Herentzia feministan» militanteak betidanik maitasunaz arduratu izana ikus daitekeela azaldu zuen. Hala ere, azken hamarkadetara arte maitasuna ez zen landu «ikergai» gisa, Estebanen arabera: «Maitasuna pentsaketen erdigunean jartzekoa zela iruditu zitzaigun, gure bizitzen erdigunean baitago». Gaur egungo sistema kapitalistari eusten dio maitasunak, Estebanen ustez. Horrez gain, maitasun harreman anitz ditugula oroitarazi zuen, baina gaur egun «hierarkizaraziak» zirela, «bikotekidearekiko maitasuna piramide gainean jarrita».

Elisa Rojas abokatuak hartu zuen segida, Paristik, bideokonferentzia bidez. Bere burua feminista gisa eta pertsona elbarrien eskubideen aldeko militante gisa definitu zuen. Hala, haren espezialitatea kapazitismoa zela azaldu zuen: «Kapazitismoak dio gizartea elbarritasunik gabeko jendeak pentsatua dela, inongo desgaitasunik ez dutenentzat; horrela, botere harreman bat sortzen da desgaitasunik gabekoen eta elbarrituen artean». Horiek horrela, elbarriek bikote harremanak izateko dituzten zailtasunak aipatu zituen: «aukeratu gabeko bakartasunean» daude asko, haren arabera. «Baina zenbateraino ez ote da gizartean onartua izateko soilik beharrezkoa ikusten bikote harreman bat izatea?».

Christelle Murhula kazetariak hartu zuen hitza ondoren. Haren liburua aurkezten hasi zen: «Konfinamendu garaian otu zitzaidan liburuaren gaia; prentsan ziren gai nagusietako bat zen nola salbatu nire bikote harremana; orduan, aztertu nahi izan nuen zergatik ematen diogun hainbesteko garrantzia gure gizartean». Murhularentzat garrantzitsua izan zen emazte guztiei zegokien liburu bat idaztea: «Ez dago emazte unibertsal bat; emazte klasearen barnean hainbat geruza sozial daude». Hain zuzen, azaldu zuen emazte beltza izanik jasaten duen «misoginia» ezberdina dela emazte zuri batek jasaten duenarekin konparatuz. «Frantzian, emazte zuria, elbarritasunik gabekoa, aski goiko klasekoa eta heterosexuala hartzen da emazte unibertsaltzat. Besteok ez dugu aukerarik bikote harremanak edukitzeko».

Celine Bessiere familiaren soziologo feministak segitu zuen. «Gure lana gizartea den bezala deskribatzea da; gure diagnostikoa da gizon eta emazteen artean oraindik berdintasunik eza dagoela ekonomiari dagokionez etxeetan berean». Datu batzuk aurkeztu zituen: batez beste, emazteek gizonek baino %25 gutxiago kobratzen dute gaur-gaurkoz Frantzian, eta bikote heterosexualetan dauden emazteek, berriz, bikotekideak baino %42 gutxiago irabazten dute. «Horrek erakusten du esfera pribatuan ere badela borroka politiko bat egiteko, emazteen gain gelditzen diren etxeko lanek justifikatzen baitute ezberdintasun hori».

Estebanek hasieran esandakoari erreparatu zion Bessierek, familia gizartearen parte zela adierazita, haren mendekotasun harreman guztiekin. «Beraz, ez dut lortzen imajinatzea bikote harremanak aldatu daitezkeela gizartea aldatu gabe». Murhulak eta Rojasek ere bat egin zuten ideia horrekin.

Loverdose festibala

Ostiralean hasi zen Baionako lehen festibal feminista. PAF elkarteak antolatu du, eta ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik maitasunaz eztabaidatzea du helburu. Bide horretan, arrakasta handia ukan zuten tailer eta hitzaldiak egin zituzten ostiralean eta atzo, emazte asko bilduta gai beraren inguruan luze eta ertz askotatik aritzeko. Gaur amaituko dute festibala, film proiekzioa batekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
RD-936 errepidea, Beskoitze (Lapurdi) parean. ©BERRIA

Bi lagun hil dira Beskoitzen, trafiko istripuan

Berria

Motorrean zihoazen biak, eta traktore baten kontra talka egin dute. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.

Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.