Alemaniak indartutako oihua

Kataluniako auziaren harira kartzelatutakoak eta erbesteratutakoak etxeratzeko eskatu dute milaka lagunek Bartzelonan. Matxinada akusazioak kentzeko eskatu dio Torrentek fiskaltzari

Manifestazioan parte hartu zutenak, Tarragona kalean gora, atzo Bartzelonan. Antolatzaileen esanetan, 200.000 lagun bildu zituen mobilizazioak. E. FONTCUBERTA. / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Duela astebete pasatxo deitu zuten manifestaziora, prozesu subiranistaren aurkako kausa judizialaren harira preso dauden politikariak Kataluniako espetxeetara lekualdatzen hasi zirenean. ANC Biltzar Nazional Katalana, Omnium Cultural, eta Eskubide Zibilen Elkarte Katalanak, antolatzaileek, argi utzi zuten, baina, lekualdatzea ezin zitekeela Generalitateak eta Madrilek ia zazpi urteren ondoren berrabiarazitako elkarrizketen ondorengo keinu politikotzat hartu, inondik ere. Hortik mobilizazioaren leloa: Ni preso ni exili, us volem a casa (Ez preso ez erbestean, etxean nahi zaituztegu). Eta atzo egindako aldarrikapenari are eduki gehiago eman dio Alemaniako Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuaren aurkako matxinada delitua ukatzeak. Alemaniak, beraz, askatasun oihuak indartu zituen, atzo.

200.000 bat pertsona bildu zituen manifestazioak antolatzaileek emandako datuen arabera, eta Bartzelonako Udaltzaingoak esan zuen 110.000 izan zirela — apirilaren 15ean helburu berarekin Bartzelonan deitutako mobilizazioak 750.000 bat elkartu zituen antolatzaileen esanetan, eta 350.000 udaltzaingoarentzat—. Joan Miro parkearen ondotik abiatu zen mobilizazioa 19:00 inguru zirenean, eta, kilometro pasako ibilia egin ondoren, Model espetxearen parera iritsi zen. Jendetza dela eta, halere, mobilizazioarekin bat egin zutenek kostata egin ahal izan zuten aurrera. Bildutakoen artean ziren Quim Torra Generalitateko presidentea eta Pere Aragones presidenteordea, Roger Torrent Kataluniako Legebiltzarreko presidentea, JxC Junts Per Catalunyako, ERC Esquerra Republicanako, CUPeko, eta Catalunya en Comuko Kataluniako Parlamentuko diputatuak, baita PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanarenzuzendaritzako kideak ere.

Behin Modelen parera helduta, ekitaldi bat egin zuten —CDR Errepublikaren Aldeko Batzordeetako ekintzaileek kartzela okupatu zuten arratsaldean—, eta Elisenda Paluzie ANCko presidentea izan zen hitza hartzen lehena: «Epaiketa justu baterako bermeak, independentzia judiziala, eta botere banaketa urratu dira. Eta ez dugu guk bakarrik esaten, baita NBEren goi mandatariak ere».

Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea mintzatu zen ondoren, eta salatu zuen ez dela nahikoa politikari presoak etxera gerturatzearekin. «Askatasuna nahi dugu, eta hori da balekotzat hartuko genukeen keinu bakarra». Gobernu aldaketarekin Espainiako Fiskaltza Nagusian gertatutako aldaketen harira, eta Generalitatearen eta Madrilen elkarrizketak gogoan, Maurik azpimarratu zuen ez dutela ezer adostuko Espainiako Fiskaltza Nagusiarekin. «Espero dugun bakarra da [auzipetuei] karguak kentzea». Preso edo erbesteratuta daudenen senideek hitz egin zuten Eskubide Zibilen Elkarte Katalanaren izenean, eta, gertatzen ari dena salatzeaz gain, eskerrak eman zizkieten mobilizazioarekin bat egin zutenei.

Eta Maurik esandakoaren haritik mintzatu zen Torrent, goizean, ACN Kataluniako berri agentziarekin egindako elkarrizketa batean. Matxinada akusazioak kentzeko eskatu dio Maria Jose Segarra Espainiako fiskal nagusi berriari. «Elkarrizketa benetakoanahi duela erakusteko aukera du orain. Hori nahi duela erakutsiko luke matxinada akusazioak kenduz». Torrentek adierazi nahi izan zion Segarrari eskaera hori ez dutela «soilik» Kataluniako subiranistek egiten. «Europako auzitegiek ere hori diote».

Hain zuzen, Torrenten hitzei heldu zien, ondoren, Miquel Iceta PSCren idazkari nagusiak, eta legebiltzarreko presidenteari esan zion ez dezala politika jarri «prozesu judizialean azpian».

Llarenak, hamar egun

Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik Puigdemont Espainiaratzea erabaki du Alemania iparraldeko landerreko auzitegiak. Hori hala izanik, ordea, euroagindua baliogabetzekotan da Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailea. Hamar egunen buruan hartu beharko du erabaki bat. Torrententzat, «Llarenaren kontakizun makabroaren lur jotzea» gertatuko da euroagindua bertan behera uzten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.