Noiz sortua: 2020-03-01 00:30:00

Puxika gorriak oxigeno eske

Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea bermatzea galdegin dute milaka lagunek Iruñean. Bideoa, albistearen amaieran.
<em>Euskara eskubidea</em> aldarrikatu zuen manifestazioak milaka lagun bildu zituen atzo arratsaldean Iruñeko karriketan.
Euskara eskubidea aldarrikatu zuen manifestazioak milaka lagun bildu zituen atzo arratsaldean Iruñeko karriketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2020ko martxoak 1

Euskaraz ikasteko eskubidea. 1970eko hamarkadan bezala orain, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu zuten atzo Iruñean bildutako euskaltzaleek 5.000 lagun, antolatzaileen arabera. Argi eta garbi agertu zuten mezua buruko pankartan: Euskara eskubidea. Ni mas, ni menos (Ez gehiago, ezta gutxiago ere). Haurren gurditxoek ireki zioten bidea manifestazioari, eta, tarteka, puxika gorriak goratu zituzten protestan parte hartu zutenek, euskararentzat oxigeno eske antzean.

Pankartari eusten Iruñeko eta Antsoaingo (Nafarroa) haur eskoletako gurasoak, NUPeko ikasleak eta Mendigorriko (Nafarroa) eskolako gurasoak zeuden, panoramaren adierazgarri. Protestaren bukaeran gogorarazi zuten 1970eko hamarkadako borrokei esker erdietsi zela euskaraz ikasteko eskubidea, eta bide berari jarraitzeko deia egin zuten.

Nafarroako Gobernuari dei zuzena egin zion Ainhoa Oiaga Iruñeko haur eskola euskaldunetako amak, antolatzaile guzien izenean: «Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia». Unai Irigarai NUPeko ikasleak ere mikrofonoa hartu zuen: «Gure lingua navarrorum ukatuz elebakartasunera kondenatu nahi gaituzten agintariak haien teilatu gorriari harrika ari zaizkio».

Navarra Sumaren jarrera deitoratu zuten, Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaintza erdira baino gutxiagora murriztuko duela eta. «Eskaintza eta eskaria binomio tranpatiaren atzean ezkutatu nahi den euskarafobia gordina dugu honako hau», esan zuen Oiagak. «Ez gara zenbakiak, pertsonak gara, eta euskaraz ikasteko eskubidea dugu». Antsoainen ere ez da euskarazko haur eskolarik. Iruñera joan behar dute, eta Oiagak ohartarazi zuen eskaria murriztuta are zailagoa izanen dutela.

Iñigo Lerga aita mendigorriarrak azaldu zuen Nafarroako Gobernuak ez duela bere herriko eskolan D eredua jarri nahi: «Berriro ere, herritar batzuk bigarren mailako tratatuak, aukera berdintasuna ukatuz». Gogora ekarri zuen Castejongo eskolan (Nafarroa) ez dietela PAI ingelesezko programa alde batera uzten utzi, eta Sakanan arazoak dituztela Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko.

Unibertsitate publikoari dagokionez, Irigaraik eskubide urraketa salatu zuen: «Ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dugu ikasketak euskaraz egiteko». Eleaniztasunaren aldeko aldarria egin zuen: «Bi hizkuntza modu egoki eta orokortuan irakatsi eta ikasi ahal izateko bide bakarra euskarazko murgiltze eredua eskaintzea da. Horixe nahi dugu gure txikientzat, eta hautu hori egin nahi duen orok aukera izatea ere bai».

Gurditxoari tiraka

Erika Peña mendigorriarra alabarekin batera joan zen manifestaziora. Buruan zihoazen, bata gurditxoan, bestea tiraka. Nafarroako Gobernuak «Troiako zaldia» eman ziela salatu zuen, euskarazko matrikulak Garesen (Nafarroa) egiteko eskatu baitzieten. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Gil Sevillano Hezkuntza Zuzendari Orokorrak «engainatu» nahi izan dituztela salatu zuen, «tontotzat» hartu dituztelakoan. «Gure haurren bizitzak arriskuan jarriko dituzte Garesera bidaltzen bagaituzte».

Haur eskoletako irakasleak ere han izan ziren, pankarta propioarekin. Edorta Cuestak euskarazko eskaintza errespetatzeko eskatu zuen: «Lotsagarria da, aldaketen aurretik baino toki gutxiago eskainiko dituzte». Gainera, bizi duten «babesgabetasuna» salatu zuen, ez baitakite haien lanpostuetan mantenduko dituzten, nahiz eta bi hizkuntzetan aritzeko gai izan.

Esther Zabalegiren irrintziak itxi zuen manifestazioa. Horren aurretik, Sustrai Colina aritu zen bertsotan. Argi laburbildu zuen arratsaldea: «Bizi nahi dugu japoniar bat / Japonian bizi den legez / Ez dugulako gehiago izan nahi, / baina gutxiago ere ez».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Guardia bat pertsona bezero bati tenperatura hartzen, saltoki baten sarreran, Panama Hirian. ©Bienvenido Velasco / EFE

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Baionako ostatuetako terrazak, artxiboko argazki batean. ©/ ISABELLE MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herrian bigarren fasean sartu dira

Berria

Besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dituzte; baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako tabernetako terrazak, jendez beteta. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Hegoaldea, hirugarren fasearen peskizan

Edurne Begiristain

Datozen egunetan ere datuak onak badira, astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria. Erkidegoek kudeatuko dute nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko azken urratsa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna