AEBetako hauteskundeak. COVID-19a

Sen ona, joko politikoaren biktima

AEBetan ia bederatzi milioi COVID-19 kasu baieztatu dituzte dagoeneko, eta 29 estatu pandemia hasierako kutsatze kopuruetara heldu dira. Bitartean, hautagaiek jaurtigai bilakatu dute koronabirusa.

Miamin eraikinen barrura sartzeko nahitaezkoa da maskara. A. E. E.
arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Pandemia eta hura kontrolpean hartzeko proposamenak edo proposamenik ezak kanpainako zutabe nagusi bilakatu dira AEBetan. Izan ere, udazkeneko hotzak hurbildu ahala, kutsatzeak ugarituz joan dira, eta 29 estatutan dagoeneko heldu dira pandemia hasieran beste kasu izatera; zenbaitetan, larrialdiko neurriak hartu behar izateraino. Egoera horretan, Donald Trump hautagai errepublikanoak gero eta zailago du orain arteko jarrerari eustea, eta, hortaz ohartuta, komunikabide eta medikuen aurka jo du: komunikabideei egotzi die COVID-19az beste ezertaz ez hitz egitea, hautesleak «manipulatzeko helburu bakarrarekin»; eta medikuei, berriz, kutsatu eta hildakoen datuak «puztea».



Haren hitzek, baina, ez dute lehen adinako arrakasta bera lortu. Wisconsinen, esaterako, non erietxeetako oheen %84 eta zaintza berezietakoen %87 beteta dauden, Joe Biden presidentegai demokrataren aldera jo dute hautesleek, kasuak ugaritu ahala, eta astebetean bost punturen aldea hamabirena bihurtu da. Goraldia baliatzen ari da Biden bera ere, eta azken ekitaldietan gogor jo du presidentearen aurka, pandemia garaian izan duen jarrera salatuz; besteak beste, jendaurrean maskararik ez janzteagatik eta «errealitateari entzungor» egiteagatik «COVID-19ak jotakoak irainduz».

FIU Floridako Nazioarteko Unibertsitateko Osasun Zerbitzuetako buru Eneida O. Roldanentzat, ordea, egoera honek ez dio inori mesederik egiten. «Hauteskunde kanpainak sen ona galarazi digu. Denek dituzte proposamenak egoera aldatzeko, baina inor ez dago prest eseri eta hitz egiteko. Osasun publikoaz ari gara, eta badirudi ez garela horretaz ohartzen». Roldanek telefonoz hitz egin du BERRIArekin; izan ere, pandemia hasi zenetik etengabe ari dira PCR probak egiten unibertsitatearen menpeko Jackson Memorial Ospitalean: «Egunean mila proba egiteko ahalmena dugu, eta oraintxe 900 eta 950 artean ari gara egiten. Astelehenetik igandera gaude hemen, egunean zortzi orduz. Gurea ez da probak egiten dituen gune bakarra, noski, baina beste guneetan egiten diren proba guztiak hemen aztertzen ditugu».

Floridan egoera ez da beste tokietan bezain larria, baina neurriak hartu ezean okerrera egin dezakeela ohartarazi du Roldanek: «Gure alde dugu eguraldi ona. Hemen jendeak kalean egiten du bizitza, ez du etxean sartuta geratzeko beharrik, eta hori abantaila handia da halako egoera batean». Baina, hemen ere, azken egunetan, kutsatze tasak puntu erdi bat gora egin duela aitortu du. «Ez da bereziki larritzeko moduko igoera, baina bai erne egotekoa». Erne, batez ere, Halloween bezperan daudelako. AEBetan ospakizun garrantzitsua da gaur gauekoa: gazteak tabernetan biltzen dira, haurrak etxez etxe ibiltzen dira «ziria edo saria» oihukatuz eta familiak etxeetan biltzen dira aspaldian ikusi gabeko senideekin. «Egokiena litzateke etxe berekoak ez direnak biltzen direnean, maskara jantzita eramatea, baina denok dakigu zer gertatzen den tabernetan, non ezinezkoa den distantziak mantentzea eta maskara musuan edukitzea edaten duzun bitartean».

AEBetako Gobernuak hartutako neurriei buruz galdetuta, Roldanek argi du egin duena baino askoz gehiago egin zezakeela gobernuak: «Osasun publikoaz ari gara; halakoetan, gobernuak badu eskumena estatu guztietan indarrean sartu beharreko neurriak hartzeko. Gogoratu duela urte batzuk zer gertatu zen obesitate arazoekin. Agerian geratu zen gizentasuna arazo larria bilakatua zela adingabeengan, eta orduko gobernuak proposatu zuen janari lasterraren gaineko zergak igotzea. Egia da azkenean ez zela aurrera atera, baina mahai gainean izan zuen gaia. Orain ere egin dezakete halako zerbait, esaterako, maskara eramatera derrigortuz, baina, lehia betean daudenez, kanpaina egiteko baliatu besterik ez dute egin».

Etorkizuneko arazoa

Trumpek komunikabideen aurka eginiko erasoez galdetuta, barre egin du Roldanek, eta onartu bera ere bat datorrela estatuburuarekin, neurri batean «Egia da hau guztia hasi zenetik komunikabide askok ez dutela beste ezertaz hitz egin. Egia da informatu beharra dagoela, baina horri ere neurria hartu behar zaio. Hemen lehendik ere baziren osasun arazo oso larriak, eta inoiz ez zuten izan COVID-19a jasotzen ari den adinako tartea. Honekin ez dut esan nahi COVID-19az hitz egin behar ez denik, noski. Baina informazioa ematen jakin behar da; izua zabalduta ez dugu ezer lortuko».

Heriotzek eta kutsatzeek baino gehiago kezkatzen dute Roldan hainbat gaixotan ikusten ari diren ondorioek: «Gero eta gehiago, eta batez ere gazteetan, ikusten ari gara pertsonak itxuraz gaitza arazorik gabe gainditu dutenak, eta hil batzuk barru berriz erietxera etortzen direnak ordura arte ezagutu gabeko gaitzekin; hasi bihotzeko arazoetatik edo artritisa edo giltzurruneko arazoak garatzeraino. Halakoak zabaltzen badira, etorkizunean gizarte gaixo batekin aurkitu gaitezke, eta horrek arazo larria eragingo du osasun zerbitzuetan, batez ere osasun arreta aseguruen esku dagoen gurea herrialde batean, gurean».

Maila federalean hartu beharreko erabakien beharra nabarmendu du Roldanek, eta kritikatu halako erabaki bat ezin dela utzi gobernadoreen esku: «Ikusi dugu zer gertatu zaien euren kabuz kutsatzeak mugatzeko neurriak hartu dituztenei». Horren ordez, aurrez egindako kanpainetan oinarritu beharko litzatekeela uste du: «Garai batean, hemen edonon erretzen zen, baina kanpaina indartsu bat egin zen leku itxietan erretzearen aurka, eta begira. Oraindik ere badira debekuari entzungor egiten diotenak, baina gutxiengoa dira. Hori bera egin beharko litzateke maskararekin eta segurtasun distantziarekin».

Presidenteak eta gobernuko ordezkariek maskara dela-eta duten jarreraz galdetuta, argi du hori ere joko politikoan sailkatu behar dela. «Obesitatearen adibidera itzuliko naiz. Gogoratzen nola Barack Obama agintera heldu zenean Michelle Obamak kanpaina bat abiatu zuen haurrei osasuntsu jaten irakasteko? Biek, presidenteak eta haren emazteak, argi utzi zuten bizitza osasuntsu bat zeramatela. Baina zer uste duzu gertatu zela obesitatearekin? Inoiz baino datu okerragoak izan zirela urte hartan», dio Roldanek.

Haren iritziz, agintariek eredugarri izan behar luketen arren, horrek ez du zertan gizartearen jarrera aldatu. «Denbora behar dugu ohiturak aldatzeko, eta halako pandemia bati aurre egiteko, nahitaezkoa denean ohitura horiek kolpetik aldatzea, oso zaila da, agintean edonor egonda ere».

Roldanek argi du birusak ez duela alderdiez ulertzen, eta ez diola axola aurrean duena errepublikano edo demokrata izan. «Ni ez naiz politikaria, zientzialaria naiz, eta hala hitz egingo dizut. Hemen, arrisku nagusia da jendea aspertzen hasia dela neurri eta arauak betetzeaz, eta horrek berriz lehengora itzultzea ekar dezakeela. Hori gertatu da, hain zuzen, Wisconsinen edo Tennesseen».

Jackson Ospitaleko zuzendariaren esanetan, gaur egungo egoera gaindituko bada, eta txerto edo tratamendu eraginkorrik ez dagoen artean, neurriak betearaztera bultzatu behar dira herritarrak, «informazioa modu egokian eta egiazkoan emanez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.