COP26

Oihanaren zaintzaileak

Ekuadorko oihanetik Boliviako goi lautadaraino, jatorrizko herriek arriskuan ikusten dute beren burua. COP26 goi bileran plazaratu dituzte beren aldarriak: besteak beste, petrolio eta meatze ustiaketak eteteko.

Minga indigenak, Glasgowko COP26 goi bileran, beren herriaren egoera azaltzen. IÑAKI PETXARROMAN.
inaki petxarroman
Glasgow
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Minga indigenek ekitaldi asko egin dituzte egunotan Glasgown. COP26ko gune urdineko ordezkaritza ofizialen standen arteko bat izan da haiena, baina giroa ezberdina da han. Jende gaztearen joan-etorri ugariek bereizgarri egiten dute, eta jatorrizko herrietako ordezkarien jantzi koloretsuek.

Izatez, indigenen sendabelarrei eta medikuntzari buruzko ekitaldi bat zen herenegungoa, baina parte hartzaileek aldarri ozen bat bihurtu dute munduarentzat. «Ekuadorko Gobernuak petrolioa ustiatu nahi du Yasuni eskualdean, eta gure eskubideak urratzen ditu horrela. Ez dugu nahi petroliorik. Errespetatu gaitzatela bakarrik nahi dugu». Gaztelaniaz mintzatu dira, erraztasunik gabe, Ekuadorko Amazoniako hiru ordezkari. Guarani eta teromenane tribuetakoak dira, eta aretoan tentuz entzun diete.

Angel Correa presidenteak aginduta, urteetako ika-mika eta gorabeheren ondoren, 2016an hasi ziren ustiatzen Ekuadorko Amazoniako petrolioa. Horrek bat-batean eta kalterako inarrosi zuen jatorrizko herrien bizimodua. Bizitza irauli zion, esate baterako, Carlos Huia Cahuiya Iteca gazteari. Ume bat besterik ez zela, petrolio konpainiak beren lurraldean sartu ziren, eta, ahal izan zuten erresistentziarik handiena egin bazuten ere, okupatzen zuten eremutik alde egitea beste aukerarik ez zuten izan. «Ez gara gwaraniak bakarrik bizi Yasunin. Gure anai-arreba taromenaneak ere han bizi dira, eta denok gaude arriskuan. Petrolio enpresak sartu ahala, guk oihanean barrurago sartu behar dugu, eta gure anai-arrebei ez zaie gustatzen inork molestatzea. Hiltzeko arriskua daukagu. Correaren garaian, Yasuni ustiatzen hasi zirenean, taromenane anai-arrebek nire familia hil zuten». Negarrez hustu da jendearen errukizko begiraden aurrean. Aretoan ere batek baino gehiagok ezin izan die malkoei eutsi.

Kritika gogorrak egin dizkiote Ekuadorko Gobernuari, eta, hark «entzungor» egiten dienez, eskaera ozena nazioarteari. Hueiya Alicia Cahuiya Iteca: «Yasuni gure etxea da. Gobernuek negoziatzen dute jatorrizko herrien bizitza kontuan eduki gabe, eta guk eskatzen dugu ez dezatela negozio gehiago egin gure lurrarekin. Bakean uztea nahi dugu, gu hiltzen jarraitzen dutelako. Gobernuak errespetatu egin behar du gure etxea. Gazteak etorkizunik gabe utzi nahi dituzte. COP26ri eskatzen diogu hori entzun dezala, segurtasuna nahi dugula gure bizimoduari eusteko. Ez dugu nahi odolik, heriotzarik, petroliorik Yasunin. Lurralde hau, oihan hau, biodibertsitate handi hau guk zaindu dugu. Badakigu hori garrantzitsua dela munduarentzat ere. Bada, utz gaitzatela».

Ekuadorko Gobernuaren izenean, Guillermo Lasso presidenteak COP26n agindu du Galapago uharteetan 60.000 kilometroko itsas erreserba gune bat ezarriko duela. Ez du deus esan Amazoniari buruz, eta horrek mindu egin ditu bertako indigenak. «Ez du errespetatzen gure bizitza. Sufritzen ari gara, eta, protesta egiten dugunean, atxilotu eta kartzelara bidaltzen gaituzte. Ekuadorren badago natura babesteko lege bat, eta esaten du oihana babestu egin behar dela. Ez dira errespetatzen ari, eta babesguneak hondatzen ari dira. Lassok dio finantzaketa behar duela Amazonia zaintzeko. Gezurra da. Guk nahi dugu aitortzea jatorrizko herriak garela benetan oihana zainduko dugunak, orain arte bezala», gaineratu du Cahuiya Itecak.

Karbono merkatuan beren oihana trukerako erabiltzeari ere ez diote ongi irizten: «Gure lurraldea bizitzaz beterik dago. Ez dugu nahi gurea karbono salmenta horrekin nahasterik ere. Guk ez dugu salgai egon nahi. Guk bizitza sustatzeko proiektuak ditugu, osasunean, hezkuntzan, garapenean... Gure modura egin nahi dugu aurrera, ez gobernuak agintzen digun moduan».

Urak kutsatzen

Munduko biodibertsitaterik handiena duten 17 estatuetako bat da Ekuador. Aberastasun horren zatirik handiena Amazonian dago. «Garrantzitsua da gure bizitza, animaliena, gure etxean dagoen biodibertsitate itzela zaintzea».

Biodibertsitate horren parte dira, adibidez, botika gisa erabiltzen dituzten sendabelarrak. Haiek lagundu diete, diotenez, COVID-19ari aurre egiten. «Kanpotik gobernuak bidalitako medikuek eurek ekarri zuten, eta gure anai-arrebak kutsatu egin ziren, baina gure erara sendatu dira. Guretzat ez da hain gogorra izan. Arbasoengandik heldu zaizkigun ezagutzak ondokoei ere utzi nahi dizkiegu. Baina ikusten dugu nola iristen diren gringoak patenteak egitera, eta diru asko irabazten dute. Guk ez dugu hori nahi. Arbasoen ezagutza hori gordetzea beharrezkoa da, ez dezaten kanpokoek negozioa egin gure ezagutzarekin», esan du Ramon Uboye Gaba Caigak.

COVID-19arekin baino kezkatuago daude petrolioak kutsatzen dituen iturburu eta ibaiekin. Izan ere, diotenez, indigenak hiltzen ari dira ur kutsatuetatik edaten dutelako. «Hiru milioi hektareako lurraldean bizi gara, eta ura edaten dugu jakin gabe iturburuan zer dagoen, petrolio ustiaketa batek kutsatu duen edo ez. Ehizarako egunero 80 kilometro ibiltzen gara, eta animaliak harrapatu, eta ez dakigu zer edan duten haiek. Ohartzen gara, baina, gure lurra suntsitu ahala, kutsadurarekin hiltzen ari garela. Gure zaharrak minbiziarekin hiltzen ari dira, eta kezka handia dugu horrekin». Diotenez, «arbasoen jakinduria» hori gordetzen duten gizon-emakumeak arriskuan direlako kezka bizia dute. «Gure iraganeko ezagutza gorde duten jakintsuak hiruzpalau bakarrik dira, eta arriskuan daude. Haiek gabe, umezurtz geratuko gara. Horregatik eskatzen dugu ez egiteko errepide gehiago guregana iristeko», eskatu du Hueiya Alicia Cahuiya Itecak.

Izan ere, pozik daude «farmazia batean» bizi direlako. Alternatibak ere badituzte: ekoturismo komunitarioa bultzatu nahi dute, esate baterako. «Gure kultura eta nortasuna erakutsi nahi diegu etortzen direnei: animaliak, jaguarrak, anakondak... Gure lurra eta bizimodua erakutsi nahi diogu munduari, baina errespetatzen bagaituzte. Gobernuak ez digu uzten beste alternatibarik petrolioa baino», kexatu da Cahuiya Itecak. Eta azken mezua eman du Gaba Caigak: «Petroliorik gabe bizi gara gu, baina urik gabe ezin gara bizi. Mundua ere ezin da bizi urik gabe».

Minga herri indigenako kideetako batzuk lehen aldiz irten dira beren herritik Glasgowra iristeko. Ez da erraza izan haientzat, baina antzeko mezua eman dute guztiek: errespeta ditzatela beren lurra, nortasuna eta natur baliabideak. Kitxua hizkuntzan minga hitzak duen esanahiari helduta egin nahi dute bidea, «denon artean, kolektiboki». Horretarako, batzarrak eta ekitaldi ugari egin dituzte egunotan Glasgown, elkarren berri izan eta esperientziak partekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.