Albistea entzun

HEZKUNTZA BIDEGURUTZEAN (IV)

Arraza segregazioa eskolan

DBHko ikasleak eskolako lanak egiten, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren programaren barruan.
DBHko ikasleak eskolako lanak egiten, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren programaren barruan. NAFARROAKO HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Javier Indurain Eseverri - Nafarroako SOS Arrazakeria

2021eko otsailak 13

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dut segregazioa gertatzen dela gizartearen aniztasuna islatzen ez duten eremu guztietan: genero aniztasuna, jatorriari edo arrazari dagokiona, familien osaerari dagokiona, kultura aniztasuna, hizkuntza aniztasuna eta abar; izan liteke eskolan, parlamentuan, enpresa batzordean edo erakunde antirrazista batean. Hemen, gizartearen arraza aniztasuna izango dugu hizpide (besteak beste ijitoak, pertsona arrazializatuak, migratzaileak, eta zuriak edo payo-ak): aniztasun hori islatzen ez den esparru guztietan, arraza segregazioa da nagusi. Beste batzuk ere badaude, noski, baina, artikulu honetan, horretan jarriko dut arreta.

Hala, baiezta daiteke Nafarroako eskola eremuan badagoela arraza segregazioa. 2019-2020ko ikasturtean, ikastetxe pribatuek ikasle kanpotarren %16 baino ez zituzten hartu, eta eskola publikoek, berriz, %84. Gainera, ikasle horiek ez dira modu homogeneo batean banatzen hezkuntza sektore horien barruan. Hezkuntza publikoan, zentro batzuetako ikasleen erdiak baino gehiago kanpotarrak edo arrazializatuak dira; hezkuntza pribatu itundugabean, berriz, zenbait zentrotan ia ez dago halako ikaslerik. Argi utzi nahi dut, gainera, arraza segregazioa neurtzeko dagoen datu bakarra ikasle atzerritarrena dela, eta ez dituela barnean hartzen ikasle ijitoak, ezta adoptatuak izan diren edo familia nazionalizatuetatik datozen ikasle arrazializatuak ere; hortaz, errealitatea are eskandalagarriagoa izango da segur aski. Ez naiz asko luzatuko gai horren inguruan; izan ere, legedian neurriak hartzen ari dira arazo horri aurre egiteko, bai estatuko gobernua, bai Nafarroakoa. Aztertu egin behar ditugu neurri horiek eta, batez ere, haien bitartez lortzen diren emaitzak.

Baina azpimarratzekoa da eskola publikoetan ere izaten dela arraza segregazioa: zentro batzuetan, ehuneko handi bat dira ikasle atzerritarrak, eta beste batzuetan, ratioak oso txikiak dira. Kontu endemikoa da. Hori zentroen edo gurasoen jarreraren ondorio da batzuetan, baina hezkuntza publikoan arraza segregazioa izateko arrazoi nagusia, gaur-gaurkoz, hezkuntza sisteman bertan dago: hizkuntza ereduetan. Ikasle ijito, arrazializatu eta atzerritar gutxi edo oso gutxi izaten dira bereziki D ereduan —euskarazkoan—. Begi bistakoa da neurriak hartu beharko direla arazo horri aurre egiteko, eta neurri horiek ez direla legediaren arlokoak izango: bestelakoak izango dira.

Hori dena diot, hain zuzen, honexegatik: egun hauetan, parlamentuan eztabaida sortu da proposamen baten inguruan, eta proposamen horretan neurriak hartzeko eskatzen zen etorkinek euskarazko hizkuntza ereduarekin bat egin dezaten. Ez dut aztertu proposamena, eta, beraz, ezin dut esan zertan asmatu duten, baina eztabaidan eman dituzten erantzun batzuek kezka eman didate. Arraza segregazioa ez da desiragarria inongo arlotan, eta are gutxiago hezkuntzan: segur aski Nafarroako Parlamentuko talde guztiak bat etorriko dira nirekin horretan. Hori oinarri hartuta, eztabaidan aurkeztu diren argudio batzuk ez ditut ulertzen, eta kezkagarriak iruditzen zaizkit. Kezkagarria iruditzen zait esatea «soilik» eskola publikoen aldeko kanpainak egin behar direla eta hizkuntza eredu jakin baten aldeko kanpainek «ereduen arteko lehia» eragingo luketela. Kezkatu egiten nau; izan ere, eztabaidan bertan esan dutenez, «hezkuntza publiko osoa babestea da garrantzitsuena». Hain zuzen, eskola publiko eta kalitatezko bat izatea da garrantzitsuena: balioak transmitituko dituena eta, beraz, bereizketarik egin ez eta bertan inongo segregaziorik izateko modua emango ez duena, edozein izanda ere bereizkeriarako arrazoia: arraza, generoa, arlo sozioekonomikoa, gaitasunak edo beste batzuk.

Hezkuntza publiko eta kalitatezko bat lortzeko, ezinbestekoa da neurriak hartzea. Neurri horiek egiturazkoak izango dira, eta baita arloz arlokoak ere: segregazioa gertatzen den sektoreetan martxan jartzekoak, dela zentro batzuetan, zenbait hiri eremutan edo hizkuntza eredu jakin batzuetan. Larria da arraza segregazioko eremuak existitzea, baina, irakaskuntzari dagokionez, are kezkagarriagoa da; izan ere, belaunaldi berriei balioak helarazi nahi dizkiegu, besteak beste arrazakeriarik gabeko gizarte bat sortzea, baina nola lortuko dugu hori ikasgelak «burbuila» bihurtuta? Horiek ez baitute islatzen nolakoa den benetan gizartea, eta gizarte horretan bizitzeko heztea da, hain justu, hezkuntza sistemaren helburua. Laburbilduz, ikasgela segregatuak dira.

Nire ustez, bai Nafarroako Gobernuak eta bai Parlamentuak konpontzeko daukate Nafarroako hezkuntza sistema publikoan egun dagoen arraza segregazioa. Ardura handiko lana da, erabakigarria, eta premiazkoa. Egun hauetan Nafarroako Parlamentuan eman dituzten argudioak entzunda, ez dirudi bide onetik goazenik.

BIHAR
Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea): 'Hezkuntza sistema propio baterako lehen notak'.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.