Onintza Enbeita.
BIRA

Errelatoa

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Azken 50 urteetan gertatu dena kontatzeko karrera moduko batean ari dira zenbait alderdi politiko eta elkarte Euskal Herrian. Badirudi egia bakarra kabitzen dela errelatoan. Litekeena da hala izatea; hau da, litekeena da egia bat baino ez izatea. Kontua da egiak ertz, bizipen eta izen asko dituela. Guztiok kontatzen dugu gatazka berdina, baina bakoitzak berak bizi izan duen lekutik. Honezkero 46 urte pasatu dira Txiki eta Otaegi hil zituztenetik. Ez ziren izan irailaren 27 hartan hil zituzten bakarrak, eta ez ziren izan azkenak. Ezabatutako izenez beteta dago errelatoaren zati bat, eta izen guztiek merezi dute gogoratuak izatea. Ez bakarrik bihar egingo diren manifestazio edo oroitzapen ekitaldietan, bestela ere bai. Ondorengo belaunaldiei gauzen xehetasunak zor dizkiegu: izenak eta izanak. Bakoitzari dagokigu kontatzea zer eta zergatik egin zen. Edo egin genuen zuzenago, esatea komeni bada. Egiaren ertz guztiek osatzen dute historia eta hura kontatzea komeni zaigu: historia. Gertatu dena berriro ez errepikatzeaz hitz egiten dugunean zertaz ari gara bestela? Gertatu dena berriro ez gertatzeko zer eta zergatik gertatu den jakin behar dute ondorengo belaunaldiek, eta geuk ere egiarekin daukagun zorra kendu egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.