
BIRA
Lehortea
Lehen urrun gertatzen ziren gauzak gertatzen ari dira hemen. Nafarroan neurriak hartu dituzte ur eskasiari aurre egiteko, eta Araban bide beretik doaz. Egun hauetan zerbait erori da zerutik, baina ez behar adina. Batzuek diote hegazkinek dutela erru guztia, beste batzuek diote kapitalismoak anabasa osora garamatzala (eta hala da), badago ura badagoela dioenik ere, entzun dut hirietako lorategiak edateko ez den urarekin ureztatzea nahikoa izango dela, eta beste aldera begiratuta lorategian igerileku txikia jarriko duen jende asko dago. Agian guztiok izango dugu arrazoia eta agian inork ez, baina zerbait, gutxi bada ere, aldatu egin behar genuke. Ez ura izateko bakarrik: bizirauteko ere bai. Lagun batek esaten didan moduan, ezin da iraunkorra izan Londresera arropak erostera joatea, eta arrazoi ematen diot. Aldi berean, ezin dugu uraren ordez hainbeste edari artifizial edan, haiek egiteko zenbat ur erabiltzen duten jakinda. Nik ere uste dut lorategietarako ez dela ur edangarririk erabili behar, baina itsasotik hurbil bizita, ez dakit nola ez dugun ur horri gatza kentzeko ezer egiten halako kasuetan erabiltzeko. Urarena urrun gertatzen zen bitartean denok egon garela lasai: txorrota irekitzean guk behar dugun adina ateratzen bada, orain ere ez gara asko mugituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu