Kataluniako hauteskundeak. Carlos Carrizosa. Ciutadanseko diputatugaia

«Bozok ezinbestekoak dira normaltasuna berreskuratzeko»

Prozesua amaitzeko eta aro berri bat bermatzeko «giltza» dutela uste du Carrizosak. Dioenez, «katalan guztientzat» gobernatuko luketen arren, «independentziaren amorratuentzat» ez dute ezer eskaintzeko.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Zuzenbidean lizentziaduna eta Bartzelonako Abokatuen Eskolako kidea da Carlos Carrizosa (Bartzelona, 1964). Ciutadans bitartez, Ines Arrimadasen bigarrena da abenduaren 21eko hauteskundeetan eta «benetako aldaketa» lemapean, argi du bere alderdi politikoaren garaipenaren bitartez berma daitekeela bakarrik. Alderdiak Bartzelonan duen egoitzan solastatu da BERRIArekin.

Inkestek toki onean uzten duteCiutadans. Nola hartzen dituzu hauteskunde hauek?

Ilusioz. Kataluniako benetako aldaketa guk irabazita bermatuko da bakarrik. Hiru hamarkadetan gobernu nazionalistak nagusitu ondoren, Ciutadansek du proces-aren amaiera eta aro berri baten hasiera bermatzeko giltza, Espainia sendo eta Europa batu baten altzoan.

Zertan izango dira erabakigarriak?

Alderdi independentistek demokraziaren muga gurutzatu ondotik, Katalunian eragindako egonkortasun eza berreskuratzeko balioko dute. Enpresek ihes egin dute, langabeziak gora egin du, hoteletako kontratazioek behera egin dute, eta, beraz, neurgailu guztiek egiaztatzen dute prozesu independentista kaltegarria izan dela katalanontzat. Hori gutxi balitz bezala, haustura egon da katalanon artean; lankideak, lagunak, familiak liskartu dira, edo, ez dute politikaz hitz egiten. Bozok ezinbestekoak dira normaltasuna berreskuratzeko.

Diozun egonkortasun faltak justifikatzen al du Espainiako Gobernuak politika judizializatzeko hartu duen joera?

Eskatzen didazu politikoki azaltzea epaileen erabakiak. Botere banaketaren alde gaude, eta ez dugu beste irtenbiderik epailearen erabakiak errespetatzea baino. Legeak bete ez dituzten horiek bazekiten zein arrisku zegoen, eta, hala ere, legeak ez betetzea erabaki dute.

Uste duzu botere judiziala independentea dela Espainian?

Gauza asko hobetu daitezke. Ciutadansek behin baino gehiagotan azaldu du, Auzitegi Konstituzionaleko eta botere judizialaren kontseiluko magistratuen izendapenean, besteak beste. Baina hori beste gai bat da, eta, noski, epaileek, bere horretan, independentzia bermeak dituzte.

Abokatua izanik, zer deritzozu Auzitegi Gorenak Carles Puigdemonten kontrako euroagindua bertan behera utzi izanari?

Magistratuak zuen auzibidearen aukeretako bat zen, eta bideratu zuen, auzipetuen artean delitu ezberdinak aplikatzea ekiditeko. Baina berriz diot, ez naiz epailearen erabakia baloratzen hasiko.

Hitz egin dezagun erabakitzeko eskubideaz. El País egunkariaren inkesta baten arabera, Ciutadanseko hautesleen %57daude erreferendum adostuaren alde. Nola da posible zuek bide hori ukatzea?

Egia esan, ez dut kopuru horren aditzerik. [Datuak erakutsi dizkio BERRIAk]. Lehen albistea. Hala ere, eztabaida ez da erreferenduma bai edo ez. Oraingo eztabaida da edo aldebakarreko bidea, alegia, demokraziaren kontrako kolpea, edo legezkotasuna bermatzea. Erreferenduma sustatzen dutenak independentistak dira.

Inkesta berean ikus daiteke katalanen %82k babesten dutela erreferenduma, izan independentista edo ez. Ciutadansek demokrazia aldarri izanik, ez al dago erreferenduma baino lanabes demokratikoagorik?

Katalunia banatuta dago, eta, beraz, erreferendumaren bidez gehiago banatzea ez da irtenbidea. Guk erreformatutako Espainia baten aldeko apustua egiten dugu, globalizazioan mugak jartzeak ez baitu zentzurik. Erreferendum nazionalistek EBren hondamendia ekarriko lukete.

Ciutadans politikara iritsi zen inertziak aldatu eta ustelkeriarekin amaitu asmoz. Nola uler daitekebabesa ematea PPri?

Erraza da. Gure lehentasuna izan zen Pedro Sanchezekin gobernu ituna sinatzea. Aukera hori baztertu zen, besteak beste, Podemosek onartu ez zuelako. Ustelkeriaren kontrako gure konpromisoa erabatekoa da, hala ere. Katalunian, zoritxarrez ezin dute berdin esan: ERCk Convergenciarekin gobernatu du, CDCk %3aren auziaren azalpenik eman gabe.

Erreferendumaren aldeko mobilizazio jendetsuak baketsuak izan dira. C's-ek parte hartu duen mobilizazioetan eskuin muturrak eraso larriak egin ditu.

Ez da horrela: mobilizazio nazionalistak ezin baketsuagoak direla eta mobilizazio konstituzionalistak eskuin muturrak gidatuak direla. Gertakariak manipulatzea da hori. Gertatu da etxean zegoen jende asko, prozesuaz nekatuta, mobilizatzen hasi dela. Ez gobernuak gidatuta, mobilizazio nazionalistetan gertatzen den bezala. Eskuin muturraren erasoak kondenatzen dira, zalantzarik gabe, eta errotik atera behar dira, eraso oro bezala. Hori bai, nahi baduzu pasatuko dizut guk pairatu ditugun erasoen zerrenda ere. Polizien babesa behar dugu; beraz, esango didazu hau irribarreen iraultza baketsua den edo ez.

Zer gertatuko da abenduaren 22tik aurrera?

Espero dut alderdi konstituzionalistek garaitzea eta ados jartzea aldaketa aro berri hau bermatzeko. Orain arte ez bezala, guk irabaziz gero, katalan guztientzat gobernatuko dugu, prozesuaren lorontzia baztertu eta elkartzen gaituzten lan ildoak jorratuz.

Erreferendumaren nahiak bere horretan jarraituko du, ordea.

Gatazka erdigunetik kenduko dugu, benetan ezinbestekoak diren politikak sustatuz. Eta, noski, lan egingo dugu Espainiako Konstituzioa aldatzeko. Hori bai, argi dago independentziaren amorratuak direnentzat ez dugula ezer eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.