«Kontakizun faltsuaren kontra» egin du AEMk Bilbon

Manifestazioa egin dute, 'Gudariak direlako, amnistia osoa' lelopean. Esan dute amnistia dela «benetako bakea ekar dezakeen bakarra»

AEMren manifestazioaren burua, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak urteroko nazio manifestazioa egin zuen atzo Bilbon, Gudariak direlako, amnistia osoa goiburupean. Amaierako ekitaldi politikoan adierazi zutenez, ez daude prest «etorkizuna baldintzatzeko eraiki nahi duten kontakizun faltsua» onartzeko, eta, horregatik, euskal presoen izaera politikoa aldarrikatu nahi izan zuten: «Faxismoari aurpegia garbitzen diote, eta gudariak terrorista bihurtu nahi dituzte, borroka egiteko eskubideari uko egin diezaiogun», esan zuten.

«Herriaren askatasunaren aldeko gudariak» akordura ekarri zituzten; «herri honen militante eskuzabalenak», hala definitu zituzten, eta haien eredua goretsi zuten: «Haietaz harro gaude», esan zuten, «eta hari horietatik tiraka jarri nahi ditugu etorkizuneko borroka guztien oinarriak». «Lotsarik gabe eta argitasun osoz diogu Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokalariak direla, horregatik daudela kartzelan, erbestean eta deportazioan, eta horregatik ere aldarrikatzen dugu amnistia», erantsi zuten.

AEMren ustez, «euskal jauntxoak, frankismoaren eta X jaunaren oinordekoak eta frantziar jakobinoak» dira «herri honen historia politikorik hurbilenean eragindako sufrimendu osoaren errudun bakarrak».

Berriro ere, amnistia aldarrikatu zuten, eta kontzeptu horrekin «errepresaliatu politikoen askatasuna» baino harago joan nahi dutela azaldu zuten: «Amnistiaren aldarrikapena herrien eta langileen askatasunaren aldeko oihua da», esan zuten. «Amnistia zapalkuntzaren aurrean altxatu eta borroka egiteko eskubidearen defentsa da». Horregatik uste dute amnistia dela Euskal Herriari «benetako bakea ekar diezaiokeen alternatiba integral bakarra».

Borrokaren beharra ere nabarmendu zuten AEMko kideek amaierako ekitaldi politikoan: «Hemen, nondik datorren eta nora joan nahi duen argi daukan herri bat dago, borrokaren bitartez bere helburuak lor ditzakeela dakiena, baina borrokarik gabe desagertzera kondenatuta dagoena».

Amnistiaren ikurrak

Manifestazioa 18:15ean abiatu zen Jesusen Bihotza plazatik. Manifestazioaren buruan mobilizazioaren goiburua idatzia zuen pankarta joan zen, eta haren atzetik manifestariak, horietako asko ikurrinekin eta amnistiaren ikur ugarirekin. Bandera komunistak ere ikusi ziren tarteka.

Presoak kalera, amnistia osoa izan zen gehien errepikatutako oihua, baina bestelako leloak ere entzun ziren: Borroka da bide bakarra, Amnistiaren gabe bakerik ez, Amnistia ez da negoziatzen, Espetxeak apurtu, Gudariak dira, ez terroristak,eta abar.

Manifestazioak Kale Nagusian barrena egin zuen, eta Moyua plazara iritsitakoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean manifestariek Alde hemendik, utzi bakean oihukatu zuten.

Manifestazioak Kale Nagusitik jarraitu zuen. Foru aldundiaren jauregiaren albo batean Ertzaintzaren lau furgoneta zeuden, eta han Justizia Iñigorentzat—Ertzaintzak jaurtikitako pilota baten ondorioz hildako Iñigo Cabacas gogoan— eta Herriak ez du barkatuko oihuak entzun ziren,

Manifestazio 19:00etan iritsi zen Arriaga plazara, eta han egin zuten bukaerako ekitaldi politikoa. Eusko gudariak kantatuz eta amnistiaren eta euskal presoen aldeko oihuak eginez amaitu zuten mobilizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.