Emakumeen olatuaren indarra

Milaka lagun kalera atera dira AEBetako hainbat hiritan, Donald Trump presidentearen neurrien aurka eta genero berdintasunaren alde. Denera, 80 bat ekintza egin dituzte munduko 31 hiritan

Emakumeen Martxaren manifestazio nagusia Washingtonen izan zen. Irudian milaka lagun agertzen dira, Etxe Zurira bidean zihoazela. JIM LO SCALZO / EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Emakumeen Martxa duela bi urte sortu zen, 2017ko urtarrilean, Donald Trumpek AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua hartu zuenean. Harrezkeroztik, urteroko ekinaldi bilakatu da, eta atzo egin zuten martxaren hirugarren aldia: milaka lagun kalera atera ziren Washingtonen eta AEBetako beste hainbat hiritan, Trumpen neurrien aurka eta genero berdintasunaren alde.

Antolatzaileentzat, bereziki aurtengoa ospakizunerako martxa bat zen, bi arrazoirengatik: batetik, uste dutelako 2017ko martxa arrakastatsuak hainbat emakume bultzatu zituela politikoki aktibo bilakatzera, eta aldaketa hori iaz sumatu zela gehien; bestetik, urteotako mugimenduak ahalbidetu duelako AEBetako Kongresuan inoiz baino emakume gehiago izatea —106 Ordezkarien Ganberan, eta 25 Senatuan—.

Diputatu horien artean dago Alderdi Demokratako Alexandria Ocasio-Cortez, hilabeteotanAEBetan zein munduan sona handia izaten ari den politikari gaztea. Hura New Yorkeko martxan izan zen, eta manifestazioaren ostean adierazi zuen beharrezkoa dela iazko bozetan «erakutsitako indarra neurri politikoetan islatzea». Hori lortzeko, ezinbestekotzat jo zuen emakumeen eskubideak defendatzea.

Iazko eta duela bi urteko martxetan baino jende gutxiago atera zen kalera, baina manifestariek frogatu zuten mugimenduak ez duela indarrik galdu. Amaierako adierazpenean, martxaren deitzaileek gonbita egin zieten kalera atera ez zirenei: «Inork zalantzarik badu tokirik ote duen Emakumeen Martxan, jakin ezazu ongi etorria zarela», adierazi zuen Carmen Perez mugimenduko kideak.

Hauteskunde kanpainan eta bi urteko agintaldian, Trumpek polemika handiak sortu ditu emakumeez esandako adierazpenengatik eta karguan dagoenetik hartu dituen erabaki batzuengatik; horietako bat izan zen Brett Kavanaugh epaile kontserbadorearen hautagaitza proposatzea Auzitegi Gorenerako. Hiru emakumek salatu arren sexu erasoak egin zizkiela, horrek ez zion eragotzi Kavanaughi behar adina boto lortzea Senatuan, eta bizi osorako kargua lortu zuen herrialdeko erakunde judizial garrantzitsuenean.

Denera, atzo 80 bat ekintza egin zituzten munduko 31 hiritan. Aurten ere leku ugaritara zabaldu da deialdia, eta, esaterako, Londresen eta Berlinen milaka lagun atera ziren kalera.

Martxaren zailtasunak

Emakumeen Martxak urte zaila izan du, juduen aurkako jarrerak egotzi baitizkiete mugimenduaren lider batzuei. Horren ondorioz, atzoko antolatuta zeuden martxa batzuk bertan behera utzi zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.