Kalte ekonomikoa saihesteko

Mexikok onartu egin du AEBetan asiloa eskatzen duten Erdialdeko Amerikako etorkinak hartzea. Trumpek, beraz, bertan behera utzi du Mexikoko inportazioei muga zergak handitzeko mehatxua

Erdialdeko Amerikako etorkin familia bateko kideak Mexikoko poliziekin hizketan, joan den ostegunean, Tapachula inguruan (Mexiko). JOSE TORRES / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Donald Trump gerra komertzial bat planteatuta ahalegindu da Mexikoren bizkar uzten migrazio krisiaren kudeaketa, eta, neurri batean, Etxe Zuriko maizterrak nahi zuena lortu du. AEBek eta Mexikok migrazio itun bat sinatu zuten atzo goizaldean: horren arabera, aurrerantzean Mexikok hartuko ditu herrialdeko muga zeharkatu eta AEBetan asilo eskaera egiten duten Erdialdeko Amerikako etorkin papergabeak,AEBetako auzitegiek eskaerez ebatzi bitartean. Hori horrela, Trumpek bertan behera utzi du joan den maiatzaren 31n egindako mehatxua, eta ez dizkie %5eko muga zergak ezarriko Mexikoko produktu guztiei.

Neurri hori bihar zen indarrean sartzekoa, baina joan den ostegunerako ikusi ahal izan zen Mexiko erreakzionatzeko prest zegoela. Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuak iragarri zuen Guardia Nazionaleko 6.000 kide Guatemalako mugara bidaliko zituela, eta, atzo goizaldean Marcelo Ebrard Atzerri ministroak prentsari adierazi zioenez, «lurralde osora» hedatuko dituzte presidente berriak hauspotutako indar militar berriko soldaduak; hau da, ez dira soilik hegoaldeko mugan egongo. Ez zuen jakinarazi, ordea, zenbat militar hedatuko dituzten.

Bi estatuek adierazpen bateratu bat kaleratu zuten, eta Mexikok beste konpromiso bat hartu du, hirugarrena: lana eta osasun arreta eskainiko dizkie etorkin horiei. AEBek, bestalde, lan egingo dute asilo eskaeren ebazpenak «azkartzeko». Prozedurak asko luzatu ohi dira, urteak, eta eskaerak ukatzea izaten da ohikoena.

Bi aldeek astebete inguru eman dute negoziatzen, eta Mexikok lortu, du, gutxienez, Trumpen asmoetako bati izkin egitea. Izan ere, Trumpek nahi zuen Mexikoko auzitegiek erantzutea asilo eskaera horiei, eta horrek arazo handiak eragingo zizkion Mexikoko administrazioari. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuek diotenez, Mexikok jasotako asilo eskaeren kopurua %200 igo zen urtearen aurreneko lau hilabeteetan.

Bientzako zen kaltegarria

Hori saihestu ahal izan du Lopez Obradorrek, baita Trumpen asmoek eragingo zuten kalte ekonomikoa ere. AEBetako presidenteak mehatxua egin eta berehala, Mexikoko dibisak, peso mexikarrak, bere balioaren %3,3 galdu zuen, azkeneko zazpi hilabeteetako beherakadarik handiena. Kontuan hartu behar da AEBak direlaMexikoren bazkide komertzialik behinena, esportazioen %70 inguru iparraldeko bizilagunarengana baitoaz.

Dena den, tarifak handitzea ez zen AEBetako ekonomiaren onerako izango. MME Munduko Merkataritza Erakundearen 2017ko datuen arabera, Mexiko da AEBetako enpresen lehen merkatua. Ez dago argi zerk aldarazi dion Trumpi iritzia: Mexikok eskainitako neurriek, alderdi barruko presioak, edo konturatzeak ondorioak ez zirela ekonomikoki onuragarriak izango.

Kontuak kontu, AEBetako presidentea oso pozik zegoen akordioa sinatu dutelako, eta eskerrak eman zizkion Lopez Obradorri. «Mundu guztia pozarren dago akordioarengatik», adierazi zuen Twitter bidez. Mexikoko presidentea ere sare sozial beraren bidez mintzatu zen, eta mexikar guztiei eman nahi izan zizkien eskerrak, «emandako babesagatik muga zergak ezartzea saihestu ahal izan baita».

Oposizioko kideek, baina, Lopez Obrador kritikatu zuten. Angel Avila Romero PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko eledunak nabarmendu zuen akordioa ez zela negoziazio bat izan, «errenditze bat» baizik. «Mexikok ez du hegoaldeko muga militarizatu behar; ez gara Donald Trumpen atzeko patioa». Marko Cortes PAN Ekintza Nazionala alderdi kontserbadoreko liderrak Lopez Obradorri leporatu zion itunak kalte egiten diela Mexikoren burujabetasunari eta duintasunari.

Washingtonen, berriz, guztiz kontrakoa pentsatzen dute. «Gure ustez immigrazioaren arazoa konponduko duen akordio bat daukagu orain», esan zuen Steve Mnuchin Altxorraren idazkariak. Dena den, ohartarazpen bat egin zuen. «Mexikok konpromisoak betetzen baldin baditu, espero dugu muga zergarik ez ezartzea; baina, jakina, ez bada gertatzen presidenteak hori egiteko agintea du». Akordioak dioenez, «neurri gehigarriak» hartuko dituzte hurrengo 90 egunetan ondorioak ez badira espero dituztenak.

Eta akordioak aipatzen du azkeneko egunotan negoziazio mahaian egon den plan bat. Mexikok, Guatemalak eta Hondurasek, CEPAL NBEren Latinoamerikarako Batzorde Ekonomikoaren laguntzarekin, garapena eta inbertsioak hauspotu nahi dituzte Mexiko hegoaldean eta Erdialdeko Amerikan. Horretarako, AEBei 4.800 milioi dolar inbertitzeko eskatzen diete; halere, itunari erreparatuta, kontrol militarra lehenetsi dute beste ezeren gainetik.

Bien bitartean, AEBetako mugara iristen diren papergabeak dozenaka milaka dira. Datu ofizialek diotenez, AEBetako Mugako Poliziak 144.000 migratzaile atxilotu zituen joan den maiatzean; ia azken hogei urteotako kopururik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.