Onintza Enbeita.
BIRA

Gorputza

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Geure-geurea dugun gauza bakarra gorputza da. Inork kendu ezin diguna. Norbaitek gure borondatearen kontra erabiltzen duenean ere, gurekin gelditzen da. Egunero oheratzen da gurekin, eta jaikitzen garenean ere hor dago. Oinez goazela mugitu egiten da, jaten dugunean elikatu, larrua jotzen dugunean sutu, barre egiten dugunean gaztetu, negar egiten dugunean garbitu. Zerbait gaizki doanean abisatu egiten digu: kosta egiten zaio ohetik ateratzea, uzkurtu egiten da. Negua badatorrela esaten saiatzen da, eguzkiarekin piztu egiten da, gaixoaldia usaintzen duenerako alerta jartzen da. Gorputzak ahotsak baino gehiago adierazten du, adierazten digu, ezer esan gabe.

Baina guk ez diogu geure gorputzari konplizitatez begiratzen. Balio estetiko soiletara kondenatu dugu eta zigortu egiten dugu. Ez zaigu gustatzen. Lodia delako, argalegi dagoelako, azal zuria duelako, behar ez dituen formak dituelako, luzea delako, laburra delako… beti badugu zerbait geure gorputzaren kontra. Dirua, energia eta denbora gastatzen ditugu den moduan parekorik ez duen geure gorputza aldatu nahian. Baina gorputzak berak eman dizkigu tresna nahikoa geure azala senti dezagun, gure barrua usaindu dezagun, egin nahi duguna entzun dezagun eta geure burua den moduan ikus dezagun. Saia gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.