Irlandako Errepublikan gobernua eratzeko akordioa lortu dute

Fianna Failek, Fine Gaelek eta Alderdi Berdeak bost urterako koalizio itun bat sinatu dute. Alderdi bakoitzeko oinarriek onartu beharko dute aurretik, gobernua eratu ahal izateko

Micheal Martin Fianna Fail alderdiko burua eta Leo Varadkar Fine Gaelekoa, hauteskunde eztabaida batean. N. CARSON / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bi hilabeteko negoziazioen ostean, koalizio gobernu baterako akordio bat lortu zuten atzo Irlandako Errepublikan. Fianna Failek, Fine Gaelek eta Alderdi Berdeak sinatu zuten ituna. Hiru indarren artean, ziurtatua dute gehiengoa legebiltzarrean, eta, beraz, gobernua eratzeko aukera izango dute. Akordioa historikoa da, lehenengoz izango baitira gobernukide Fianna Fail eta Fine Gael, ia mende betez elkarren aurkari nagusi izan direnak. Bi alderdi horiek boterean txandakatu dira 1922tik, Irlandako Estatua eratu zutenez geroztik. Orain, elkarrekin agintean aritzeko akordioa lortu dute, Berdeekin batera.

Sinatzaileek bost urterako gobernu akordioa hitzartu dute. Epe horretan, lehen ministroaren kargua txandaka hartuko dute Michael Martin Fianna Faileko buruak eta Leo Varadkar jarduneko lehen ministro eta Fine Gaeleko liderrak.

Akordioa gauzatuko denik, baina, ez dago bermatuta. Hura egintzat eman aurretik, alderdi bakoitzeko oinarriek eman behar diote oniritzia. Ekologisten kasuan, oinarrien bi herenek jo behar dute ituna balekotzat —Ipar Irlandako kideak barne—. Hau da, nahikoa litzateke berdeen militanteen herenek akordioaren aurka bozkatzea gobernua zapuzteko. Kontuan hartzekoa izango da Catherine Martin Alderdi Berdeko buruzagiordearen jarrera. Martinek kritikatu egin du bere alderdiak Fianna Failekin eta Fine Gaelekin negoziatu izana, eta oinarrien bozketan eragina izan dezake haren iritziak.

Militanteek ituna onartuko balute, gobernuak COVID-19ak eragin duen krisiari erantzutea izango luke lehen eginkizuna. Aurreratu dute ekonomia suspertzekoneurri sorta bat proposatuko dutela, 6.500 milioi euroren balioa duena.

Horrez gain, gizarte politikak eta larrialdi klimatikoa ezarri dituzte lehentasun gisa. «Uste dut gobernu programa honek hasiera berri bat irudikatzen duela zehazteko nola egingo diegun aurre etxebizitza, hezkuntza, osasun eta, batez ere, aldaketa klimatikoaren erronkei», adierazi zuen Martinek atzo.

Eamon Ryan berdeen buruak ziurtatu du gobernuak «izaera ekologista nabarmena» izango duela. Ezarri nahi dituzten aldaketak «landa eremuko Irlandarentzako onuragarriak» izango direla adierazi du. Izan ere, ekologisten eskariek kezka eragin dute agroindustriaren sektorean, herrialdeko motor ekonomiko garrantzitsuenetako batean.

Reuters berri agentziak iragarri duenez, Ipar Irlandarekin elkarlana sustatzeko sail bat eratzea ere aurreikusi du itunak. Sail hori lehen ministroaren bulegoaren ardurapean egongo litzateke. Elkarlanerako saila eratuko balitz,bazterrean utziko luke Fianna Failek hauteskunde programan jaso zuen proposamena: Dublinek Irlandaren batasunerako erreferendum bat nola antolatuko lukeen aztertzeko sail bat sortzea.

Gizarte politikak gako

Hiru alderdiek gizarte politikei aitortu dieten garrantzia ez da ausazkoa, joan den otsaileko hauteskundeetan zeresan handia izan baitzuen gobernuaren gizarte politiken inguruko atsekabeak. Fine Gaelek hazkunde ekonomikoa eta langabezia datu apalak aldeko izan zituen arren, boto asko galdu zituen bozetan: hamabi ordezkari galdu zituen —47tik 35era—, eta hirugarren indar bihurtu zen. Herritarren kezka nagusien artean ziren etxebizitzen garestitzea, osasun sistemaren itxarote zerrenda luzea eta bestelako zerbitzu publikoen funtzionamendu eskasa, esaterako. Gobernua ez zen gai izan arazo horiei erantzuteko.

Varadkarren gobernuak Fianna Failen laguntza izan zuen momentu garrantzitsuenetan. Aurrekontuak adostu zituzten, eta Fianna Failek abstentzioa erraztu zion bozketa zentsura mozioen aurrean. Eta Fianna Failek ere behera egin zuen: 45 ordezkaritik 38 eserlekura. Herritar askoren begietara, nabarmena izan da bi indarren arteko kidetasuna.

Fianna Failek baino ordezkari bat gutxiago lortu arren, Sinn Feinek lortu zuen boto gehien otsailean. Hori dela eta, harena izan zen gobernua osatzeko lehen ahalegina. Fianna Failek eta Fine Gaelek beren burua baztertu zuten negoziazioetatik, arrazoi etikoak eta politikoak argudiatuta. Sinn Fein ezkerreko alderdi txikien eta independenteen artean ahalegindu zen beharrezko botoak lortzen, baina ez zuen bete helburua.

Aldiz, tradizionalki Irlandako Errepublikako bi alderdi handienak izan direnek gobernu akordio bat hitzartu zuten apirilaren 14an, eta, gehiengo osoa eskuratzeko beste kide baten beharrean, negoziazioak abiatu zituzten bi egun geroago Berdeekin. Bi hilabeteko elkarrizketen ostean jaso dute uzta.

Sinn Feinen aukera

Sinn Feinek gobernua eratzea lortu ez badu ere, aldeko egoera izan dezakeela diote ahots ugarik, oposizioko indar nagusia izango bailitzateke.

Mary Lou McDonald Sinn Feineko buruak atzo adierazi zuen akordioa sinatu duten alderdiak ez direla aproposak herritarrek adierazi zuten «aldaketa gidatzeko», eta ez dutela horretarako konfiantzarik herritarrengan. Aldiz, «aldaketa geldiarazteko lanean» aritu izana leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.