Grezia, koalizio baten beharra

Gehiengo osorako aukera argirik gabe, NDk eta Syrizak aliantzak negoziatu beharko dituzte gaurko bozen ondoren. Mitsotakisek bakarrik gobernatu nahi du; Tsiprasek, «progresisten koalizio batean»

Grezia, koalizio baten beharra.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Egonkortasun politikoaren ondoren, baliteke Grezia berriz ere ziurtasunik gabeko garai politiko batean murgiltzea. Hauteskunde legea aldatzeak, besteak beste, eragin baitu alderdiek askoz ere zailago dutela aulkien gehiengo osoa biltzea gaurko parlamenturako bozetan; eta horrek, ezinbestean, luzatu egingo ditu gobernua osatzeko negoziazioak.

Praktikan, Kyriakos Mitsotakis jarduneko lehen ministroaren ND Demokrazia Berria eskuindarra eta Alexis Tsipras gobernuburu ohiaren Syriza ezkertiarra dira boto gehien biltzeko aukera duten alderdiak; eta, beraz, gobernua osatzen saiatzeko aukera dutenak. Mitsotakisek kanpainan esan du bakarrik gobernatu nahi duela, baina Tsiprasek beste era batera ikusten du errealitatea, eta jada adierazi du «progresisten koalizio bat» osatzea izango duela helburu datozen egunetan.

Syrizaren burua jakitun baitago agintera itzultzeko ezinbestekoa izango duela ezkerreko beste alderdiekin hitz egitea: inkestei erreparatuz gero, gutxienez Pasok-Kinal aliantzarekin eta KKE Greziako Alderdi Komunistarekin, eta, emaitzen arabera, agian Giannis Varufakis Finantza ministro ohi ezagunaren MERA25ekin ere bai.

Agertoki horrek badu beste irakurketa bat ere. Ezkerra zatituta aurkeztuko da, eta litekeena da horrek mesede egitea Mitsotakisi, zeinak, agintaldiaren bigarren zatian pare bat eskandaluizan dituen arren, ez duen beherakada handirik izango jasoko lukeen babesean. Hori diote, behintzat, inkestek. Iazko hiru espioitza kasuek hautsak harrotu zituzten—gobernuburuak aitortu zuen oposizioko politikari bat zelatatu zutela, hori zergatik egin zuten argitu gabe—, eta joan den otsaileko tren istripuak are gehiago gaiztotu zuen giroa —57 lagun hil ziren—; baina, eskandaluak eskandalu, herritar askok ez dute aldaketarako beharrik ikusi.

Ekonomian dago jarrera horren arrazoietako bat. Greziak %4ko hazkundea izan zuen iaz, eta egungo langabezia tasa %11 inguruan dago; duela hamar urte, hori halako bi zen. Tsiprasek aurreko agintaldian egin bezala, Mitsotakisek ere igo du gutxieneko soldata, 650 eurotik 780ra, eta inflazioari aurre egiteko laguntzak eta neurriak ere hartu ditu; horietako asko ezkerrarenak direla esan liteke —supermerkatuetan gastatzeko 75 euroko bonu bat hilero, adibidez—.

Inkesten arabera, NDk botoen %33,5 inguru jasoko lituzke, eta atzetik izango luke Syriza, babesen %27 bilduta. Gehiengo osorik gabe, biek arazoak izango lituzkete aulkien erdiak baino gehiago biltzeko: Mitsotakisek ez luke nahikoa izango eskuineko beste alderdiekin, eta, Tsiprasi dagokionez, komunistek kanpainan esan dute ez dutela Syrizarekin eta MERA25ekin hitz egingo. Bozak berriz egiteko mehatxua, hortaz, ezin da baztertu.

Eskuin muturra, debekatuta

Espioitza kasuak, tren istripua eta ekonomia izan dira kanpainako auzi nagusiak alderdien artean. Horiez aritu aurretik, beste gertakari batek piztu zuen arreta, joan den apirilaren 11n: Greziako Parlamentuak debekatu egin zuen Alderdi Nazionala-Greziarrak eskuin muturreko indarrak parlamenturako hauteskundeetan parte hartzea. Auzitegi Gorenari horretaz iritzia emateko ere eskatu zion, eta epaileek, iragan maiatzaren 2an, baiezkoa eman zioten ganberari.

Ilias Kasidiarisek sortu zuen Alderdi Nazionala-Greziarrak, 2020an. Kasidiaris espetxean da urte hartako urritik, hamahiru urteko kartzelaldira zigortu baitzuten, talde kriminal bat zuzentzea leporatuta; talde hori Egunsenti Urrekara zen, urte berean legez kanpokotzat eta talde kriminaltzat jo zuten alderdi neonazia.

Bozen ikuspuntutik, Egunsenti Urrekarak 2012 eta 2015 artean—krisi ekonomiko betean— egindako lau hauteskundeetan izan zuen arrakastarik handiena, hemezortzi eta 21 diputatu artean lortu baitzituen —botoen %6,3 eta %7 artean—. Alderdi Nazionala-Greziarrak indarrari dagokionez, aurtengoak lehen bozak zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.