Onintza Enbeita.
BIRA

Geografia

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ni jaio nintzenerako jende asko zegoen hemen. Etxeko txikia naiz ni, Balendin eta Klararen iloben artean txikiena, Teresa eta Patxirenetan seigarrena. Bizitzan emandako pauso bakoitzean jendea deskubritu dut. Hasieran mundu guztia zen interesgarria, gerora selektiboagoa egin naiz. Ohiko geografian lurraldeak bezala, nire mapan pertsonak eta sentimenduak banatu ditut: negarra, barrea, poza, parranda, maitasuna, ilusioa, ikasteko gogoa, pasioa, lotsa, indarra. Norabide aldaketek inguruko jendea aldatu egin didate, baina ez diot inor maitatzeari utzi bizitzak beste leku batera eraman duelako.

Kontua da konturatzen hasi naizela nire geografia humano horretan gero eta jende gehiago falta dela. Eta horrek mina ematen dit. Gurasoak bizi zaizkit, ahizpak ere bai, duela gutxira arte amama baneukan... baina nire mapa hutsunez betetzen ari da, eta ni etorri nintzenean betirako hemen egongo zirela pentsatzen nuen jende hori, desagertzen ari da. Eta beti ez bada ere, tarteka jasangaitza zait kontua.Bai, badakit bizitza ziklo bat dela eta amaitu egiten dela, baina nik geografia hori behar nuen, eta orain bakarrik gelditzen ari naizela iruditzen zait. Irrazionala eta infantila izango da nahi baduzue, baina horixe da sentitzen dudana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.