BIRA
Erre bakoak
Pozik kantatzen dugu erre ez zituzten sorginen alabak garela. Ederra da pentsatzea batzuk salbatu zirela, eta haiengandik jaso genuela aske izateko gogoa. Horrek ez die sufrimendurik kentzen edo ukatzen erre zituztenei, baina behar dugu sinistea guztia ez zutela erre. Behar dugu jakitea mendeetako jakintza gordetzearren torturatu eta hil zituzten haiek utzi zutela zerbait, dena ez zuela inkisizioak eraman. Hunkitu egiten nau neska gazteak, kantu hori ahoan dutela, dantzan ikusteak.
Baina ez dezagun geure burua engainatu. Sorginak ez ziren izan ondorengoak izan zituzten bakarrak. Begiratu munduari, begiratu oraindik ordukoa dirudien eliza katolikoari. Zoritxarrez, historiaren kateari eutsi egin die indarkeriak eta gorrotoak ere. Oraindik zaila da emakumea izanda plaza publikoan leku bat hartzea, oraindik badira zalantzan jarri ezin ditugun egiturak, oraindik badira kristalezko sabaiak, oraindik badira burlak, oraindik badira umiliazioak, oraindik badira kartzelak, oraindik badira torturak, oraindik badira emakume bortxatuak, eta oraindik badira zapalduak eta zapaltzaileak.
Nerea Ibarzabalen bertso batek zabaldu zizkidan begiak, eta ezin dut burutik kendu: inkisidore haien seme-alabak ere gure artean daude.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.