Ainhoa Etxebarria. Gazteako esataria

«Odol berokoa naiz, eta pentsatu aurretik egiten dut berba»

Etxebarriak 'Txiringitu!' irratsaioa zuzentzen eta aurkezten du astegunetan, 16:00etatik 19:00etara. Mikrofono aurrean euskalkian mintzatzea defendatzen du Gazteako esatariak.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko uztailak 21
Joan den ikasturtean ETB2ko El conquis-en eztabaida saioan parte hartu zuen Ainhoa Etxebarriak (Ondarroa, Bizkaia, 1993). Uda hasieran Sttutgarten (Alemania) izan zen, Obabakoak antzezten. Euskarazko websail batean ere parte hartuko du laster.

Zertan da berezia Txiringitu! saioaren tonua urte osoan egiten duzunarekin alderatuta?

Ikasturtean Gaztea Box saioa egiten dugu Alain Perezek, Ibon Fernandezek eta hirurok. Ondo dator apurtzea, zeren udan saiatzen baldin bazara esentzia bera mantentzen, tartean oporraldiak direla, pobre gelditu baitaiteke. Eta ez duzu berdin deskonektatzen. Erabaki dugu programa oso musikala egitea, normalean baino gehiago. Txiringitu!-n kolaboratzaile bakarra daukagu orain: Leire Letu musikaria. Bi astean behin, udako kanta bat interpretatzen du bere modura.

Informazioa ere tartekatzen duzue, dena den.

Bai, soilik egunean egunekoa. Twitterren sartzen gara, eta musikarekin loturarik ez duten albisteak ematen ditugu. Udarekin zerikusia duten gaiak ere aipatzen ditugu, eta musikarekin lotzen.

Zergatik jarri zenioten saioari Txiringitu! izena?

Ni udan non egoten naiz? Txiringitua-n. Galdetu nuen ea izena ondarrutarrez jar genezakeen, eta baiezkoa jaso genuen; tonu jostalaria ematen dio izenak.

Udan irratian aritzeak baditu bere berezitasunak, ezta?

Entzuleen dinamika ez da neguko bera; neguan gehiago aritzen dira Whatsapp-etik idazten. Atentzioa eman dit traktorean lanean aritzen diren zenbait entzulek idazten digutela.

Beñat Uribetxeberria lankideak kontrapuntua emango dizula esango al zenuke?

Ez, ba: arazoa da oso antzekoak garela. Uribetxeberriak antzerkia ere ikasi du, eta kontu asko adostu egiten ditugu; hartu diogu puntua, hala ere, batak besteari.

Gaztea irrati nazionala da, eta euskalkian aritzen zara. Kritikarik jaso al duzu horregatik?

Kritika onak eta txarrak jaso ditut. Gaztean hasi aurretik Euskadi Irratian aritu nintzen, eta bertan soilik euskara batuan mintzatzen nintzen. Gazteako gure nagusia euskalkien aldeko apustua egiten ari zen; Gaztean ondarrutarrez hasi nintzenean kexuak jaso nituen, zenbait entzulek ez nindutelako ulertzen. Orain, nahasketa bat sortu dut: ondarrutarra eta bizkaiera nahastu, euskara batuko hitzekin... Era berean, lankideek laguntzen dute nik esandakoa ulertzen, euskalkikoa euskara batuan errepikatuz.

Halako zerbait egitea onargarriagoa izan daiteke ahozko hedabide batean idatzizkoan baino, ezta?

Bai, hala da. Dena den, Iñigo Martinez futbolariak egin zuen moduan, noizbait prentsa adierazpen bat idatzi behar baldin badut, nik ere ondarrutarrez idatziko nuke.

Musika asko jartzen duzue irratsaioan. Zeren arabera egiten duzue musika aukeraketa?

Zerrenda bat daukagu, eta lankide batek egun osoko pauta idazten du. Pauta hori egiten da kantuak eta taldeak errepikatu ez daitezen.

20.000 lagun baino gehiago bildu dira euskarazko kontzertu batean. Horrek ez zintuzkete bultzatu behar Gaztean euskarazko musika gehiago jartzera?

Ni ez naiz musikaren pautako bileran egoten. Pautan euskarazko kanta asko dauzkagu, eta talde berriak sartzen ditugu. Ni beti saiatzen naiz euskarazko kantek presentzia izan dezaten.

Harry Potterren oso zalea zara. Irratian nola egiten da magia?

Odol berokoa naiz, eta pentsatu aurretik egiten dut berba. Egunen batean fardel bat iritsiko zait... Lankideek esaten didate hori dela nire grazia. Bestetik, lankideek elkar ezagutzea eta ondo konpontzea funtsezkoa da irratiaren magiarako; inprobisazioa, bestetik, landu egin daiteke.

Zein da oraintxe bertan zure udako kantarik gogokoena?

Bomba Stereoren Playa Grande nabarmenduko nuke, oso freskoa da. Hala ere, asko jartzen dut Gatiburen Aske maitte.

Reggaetonaren alde ala kontra?

Kontraesana sentitzen dut: erritmoak gorputza mugitzera eramaten nau, baina letretara joz gero... June Fernandezek artikulu oso on bat idatzi zuen kontraesan horren inguruan. Tremenda Jauriak letra feministak sartzen ditu reggaetonean, eta hori aparta da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna