Onintza Enbeita.
BIRA

Bandoak

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Gerra guk irabazi genuen, eta zuek ez duzue nahi duzuena egingo». Hala esan zion izena gogoratzea nahi ez dudan norbaitek gure aitaita Balendini 1979ko egun batez. Ordurako Francok lau urte zerematzan lurpean, eta konstituzio bedeinkatua onartuta zegoen. Hala ere, mundu guztiak zekien nork irabazi zuen estatu kolpearen osteko gerra; baita nork galdu zuen ere. Herri guztiak ikusi zuen irabazleek nola ostu zituzten lurrak, etxeak eta askatasuna. Beste gauza bat da transmititu zaigunetik zer hartu eta bota dugun, baina gertatu zena guztien begi bistan gertatu zen.

Eta orain, Gernika nola erre zuten guztiok elkarri bizkarretik helduta gogora dezagun nahi dute. Guztiok sufritu genuen, herri osoa erre zuten, gerran guztiok galtzen dugu... bada, ez. Guztiok sufritu genuen, baina batzuk bereziki saiatu ziren bizirik atera zirenek sufritzen jarrai zezaten. Herri osoa erre zuten, baina berreraiki zutenean nortzuen artean banatu zuten herria? Gerran guztiok galtzen dugu, baina batzuek beste batzuek baino gehiago.

Ni harro nago galtzaileen bandoan jaio izanaz, baina apirilaren 26 guztietan sentitzen dut zaurietan atzamarra sartzen didatela. Memoria ariketa ederra iruditzen zait irabazleak eta galtzaileak nortzuk izan ziren aitortzea. Ez ezer egiteko, jakiteko baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.