urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Afrikako estatuak

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Afrika maite dugunok, sarri askotan deskolonizazioaren urteetako itxaropenaren miran egiten dugu, garai hura bizi ez arren. Ryszard Kapuscinski kazetariak bikain jaso zuen sasoi hura, Ghanaren independentziaren bozkarioa azaltzetik Angolako gerraren infernuraino. 12-14 urteko epean gertatu ziren independentzia prozesu haiek, eta, estu hartuz gero, 1960ko hamarkadaren hasieran koka liteke ia guztia, hamar urte beranduagoko Portugalen deskolonizazioa kenduta.

Ilusio eta itxaropen eztanda hori, ez da esan beharrik, oso bizkor zapuztu zen, Patrice Lubumbaren Kongo adibide argien; eta gerora egindako ahalegin berritzaileek ere patu bera izan zuten, Burkina Fason Thomas Sankararekin gertatu bezala. Haren guztiaren beste ondorio bat kolonizazioaren apeten arabera eraikitako mapak bere horretan geratzea izan zen. Subiranotasuna Europako metropolietatik Afrikako kolonietako biztanleengana igaro zen —edo herrialde haietako buruzagiengana—, baina mapa kolonialak ia ukitu ere egin gabe. Ezin esan oso aspaldi marraztutako herrialdeak zirenik, nazioak eta kulturak biltzen zituztenik; beharbada, Espainiaren menpeko Amerikan gertatu bezala, hiru mendeko inperio kolonial baten ondorio. Afrikaren kasuan, XIX. mende amaieratik deskolonizaziora sei-zazpi hamarkada daude kolonia zaharrenen kasuan, eta horren erdia beste batzuenean -Alemaniaren menpe zeuden lurraldeak, kasurako—, I. Mundu Gerraren amaieran bereganatu zituzten frantsesek edo britainiarrek: Namibia, Togo, Kamerun, Tanganika eta egungo Ruanda eta Burundi.

Kontuak kontu, metropolien neurrira eraikitako kolonia haiek estatu independente bihurtu ziren, baina Europatik diseinatutako lurraldeak ukitu ere ez ziren egin. Londres-Paris-Berlin ardatzean marraztutako lerro haiek (Lisboa-Erroma-Madril-Brusela ahaztu gabe), hizkuntza, ohitura eta tradizio bereko herriak bereizi zituzten, eta ahaidetasunik gabeko herriak, historikoki etsaituta egondako gizataldeak ere, aginte bakarraren menpe ezarri. Gero, deskolonizazioak ez zituen mapa horiek aldatu, eta herritarrei ez zitzaien galdetu muga horien baitan geratu nahi zuten edo bestelako egituraren bat sortzea hobesten zuten. Gisa horretarako egindako ahaleginak oso garesti ordaindu zituzten, Biafran esaterako. Bestelako independentzia egitasmoetatik urrun dagoen fenomenoa da deskolonizazioa, baina lurraldetasunaren garrantzia beti aintzat hartu behar da: ordura arte estatu baten menpeko administrazio izandakoa bihurtu ohi da estatu independente berria, aurretik zeukan lurralde eremu berean. Trebiñuk, esaterako, Arabako araudia erabili du pandemian zehar, eta garrantzitsua litzateke gero ere behin betiko bihurtzea hori.

Etxeko parentesia itxi dezagun, eta Afrikara itzuli. 1945ean, NBE sortu zenean, Afrikako lau estatu baino ez zeuden erakundean, eta ez zen kontinente horretako herrialde berririk sartu 1956 arte. Hamarkada bat beranduago, 36 aulki zituzten NBEren egoitzan, eta 51 ziren Portugalen Krabelinen Iraultza amaitutakoan. Munduan estatu gehien dituen kontinentea da Afrika, ia guztiak Europako metropoli batek lurraldearekiko zeukan agintea galtzearen ondorio.

Horixe izan zen etena, horratik. Deskolonizazioa, Europako metropolietatik bereizita norbere lurraldea —eta herritarrak, noski— ahalduntzea gertaera txalogarria da, baina berdintsu beharko lukete herritarrek lurralde berriarekiko ahalduntzeko gaitasuna. Afrikako 54 estatu daude NBEn aitortuta, hau da, deskolonizazio urteetan ia 50 sortu ziren, baina hurrengo lau hamarkadetan, gaur egunera arte, hiru baino ez dira jaio. Lehena, Hegoafrikako erregimen arrazistaren gainbeheraren ondorioz, Namibiako okupazioa amaitzetik iritsi zen. Beraz, bi baino ez dira, egiaz, Afrikako estatuetan mugak aldatuta eratu diren estatuak: Eritreak egunotan ospatu du Etiopiatik bereizi zeneko 28. urteurrena. Hego Sudanek uztailean egingo du bere independentziaren hamargarren urteurrenaren ospakizuna.

Giza eskubideen zerrenda guztietan erregimen gogorrenen artean ageri da lehena; independentzia lortu eta gutxira amaitu zen Eritrean ere bizimodu libre baterako itxaropena. Zer esan Hego Sudanez: Khartoumekiko gerrak ehunka milioi eta erdi lagun hil izana aski ez, eta independentziak beste gatazka armatu odoltsu bat ekarri zuen herrialdera.

Gerra baten odolusten bata, erregimen anker batek gidatuta bestea, eta, hori gutxi ez balitz bezala, Etiopiako gobernuak Tigrayn abiatutako gerran konplize izan da Eritrea. Somaliako egoera batuz gero, Afrikako adarra gatazkekin, gosetearekin, giza eskubideen faltarekin lotu izan da. Baina bada herrialde bat eskualdeko beste guztien indizeak baino hobeak dituena: Somaliland. Ez dago NBEn, nazioarteko aitortza daukan Somalia baino estatu egonkorragoa izan arren. 30 urte bete ziren joan den astean independentzia aldarrikatu eta Somaliatik bereiztea erabaki zuenetik, eta gainerako estatuen aitortza ofizialik izan ez arren, munduko eskualderik nahasienetakoan egonkortasun demokratikoaren eredu da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.