Goizetan jaikitzen naizenerako badaukat lana: zure artikulua irakurtzea!». Barre egin nuen, baina hunkitu egin nintzen, benetan. Zure bizitza kontatu diguzun aldiro, izan publikoan nahiz lagun artean, gutako askoren bizitza kontatu duzu. Bizitza oso bat egin duzu maite dituzun gauzen alde borrokan, eta sekula ez duzu pasiorik galdu. Horregatik pentsatu dut merezi duzula irakurtzea, nik ere goizero izaten dudala jaiki orduko lana: zutaz eta zure moduan guretzat eredu izan diren emakumeez gogoratzea. Ez du inporta munduak ezkutatu egin bazaituzte: zuen epeletan hazi gara. Zuen epeletan ikasi dugu gerra zibila deitu zioten hartan zer egin ziguten. Zuen atzetik joan ginen manifestazioetara euskararen alde, presoen alde, lan baldintza duinen alde, feminismoaren alde... zuen eskuari gogor helduta ulertu genuen batzuetan, polizia oldartzen bada ere, hantxe eutsi behar zaiola. Eta, batez ere, irakatsi diguzue barre egiteko eskubidea badugula: bizitzak ez duela sekula amorerik ematen.
Emakumeei taldeka egiten dizkigute omenaldiak: emakume baserritarrak, emakume kirolariak... eta horrela ezkutatu dituzte gure izenak luzaroan. Ni beti egongo naiz zure taldean, baina izen-abizen bereziekin omentzea merezi duzu: Elisa Kaltzada, ohore bat da zuretzat (ere) idaztea.

BIRA
Elisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu