Hibai Arbide Aza.
LEKU-LEKUTAN

Kontraesanen bila Ukrainan

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun

Hau idazteko unean bi aste daramatzat Ukrainan gerraren berri ematen. Horrek esan nahi du, ezer baino lehen, oker nengoela. BERRIAn idatzi nuen azken zutabearen arabera, ez zen eskala handiko gerrarik egongo. Gerra hori ez zela gertatuko esan nuen, eta, horretaz gain, kazetariek gertatuko ez zen gerra horri buruz gehiegi hitz egiteaz kexatu nintzen. Oker nengoen. Beraz, hemendik aurrera, irakurtzen jarraitu nahi baduzu, zure ardura da. Badakizu agian ez dudala arrazoirik.

Oker egoteagatik, Ukrainako berriak nola eman behar nituen galdegin nion neure buruari. Bi aste hauetan, nire asmoa izan da interesgarriak iruditzen zaizkidan elementuak bilatzea eta nire aurreiritziak haustea. Hau da, nire aurretiko ondorioak berresten ez dituzten xehetasunak bilatu, zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta gutxiago ulertzen dudalako. Bilaketa horretan Annarekin eta Anastasiarekin egin nuen topo; Ukrainako armada erregularreko bi emakume dira, feministak, nazionalistak eta ezkertiarrak. Bi emakume horiek urteak daramatzate talde feministetan militatzen, eta Torahko bertsoak aipatzen dituzte.

Neonaziek osatutako Ukrainako armadaren iruditik ezin dira urrunago egon; nik neuk ere sinetsi dut irudi hori. Jakina, neonaziak daude Ukrainako bandoan, baina, Anastasiaren arabera, Errusiaren aldeko ikusmenak dioena baino askoz garrantzi txikiagoa dute: «Hemen eskuin-muturreko mugimenduak besterik ez bagenitu, ez genuke laguntza handirik izango. Hauteskundeetan, eskuin muturreko alderdiek %1-3koa baino ez zuten lortu. Jende guztiak ez ditu babesten. Jende gehienak ez du ikuspegi polotiko argirik, ezker-eskuin posiziorik. Ukrainaren aldekoak dira, beren lurrari eusten diote. Une honetan, base militarrean, boluntarioek botikak, elikagaiak eta babes ekipoak ekartzen dizkigute. Ukrainako herriak babesten du armada», dio Anastasiak.

Vilkak eta Stepek ere diote neonaziak Ukrainako bandoan gerra honetan parte hartzen duen jendearen zati txiki bat baino ez direla. Erresistentzia Batzordeari laguntzen dioten aktibisten taldekoak dira. Hau da, anarkistek, antiautoritarioek eta antifaxistek osatutako milizia baten laguntzaileak. Lurraldearen Defentsarako Unitateen parte dira. Uste dute zibilek osatutako milizia antolatzeko modua, nork bere burua antolatzeko eta autonomiarako irizpideekin, guztiz bat datorrela haiek defendatzen dituzten ideia libertarioekin.

Gerrako lehen hilabetean, Lurraldearen Defentsarako Unitateak inork espero baino ahalmen militar handiagoa erakusten ari dira. Erresistentzia-batzorde anarkistak eta haren aliatuak ere animoz indartsu daude, nahiz eta etsaia oso boteretsua izan. «Ez dugu Putinen erregimen homofobiko, sexista eta xenofoboaren menpe bizi nahi» dio Vilkak. «Errusiar bandoak erretorika antifaxista erabiltzen du, baina antifaxismo faltsua da, eta, bitartean, benetako antifaxista errusiarrak espetxeratzen ditu», gehitu du Stepek.

Norbaitek gerra honi buruzko nire erreportajeetako bati buruz hitz egiten duenean, onena da esatea «ez dut ezer ulertzen». Hau da, eskemak hautsi dizkiodala adieraztea, nik ere ez baitut ezer ulertzen. Bistan da Ukrainako bandoa ez dela osatzen Anna, Anastasia, Vilka eta Stepen ideia berak dituen jendearekin soilik. Baina zenbat eta gehiago saiatu ikasten, orduan eta gehiago konturatzen naiz gatazka hau oso konplexua dela, ñabardurez betea dagoela eta ez dela ulergarria, ezta esplikagarria ere, azalpen sinpleen bidez. Are okerragoa da.

Izan ere, konplexutasuna esplikatzeak ere ez duelako konpontzen nire kontraesan nagusia: nola erakuts daiteke herri batek inbasio bati aurre egiteko duen eskubidea eta, aldi berean, antimilitarismoa, deseskalada eta bakea defendatu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.