Pattal hasi, eta dotore bukatu

Ezustekoa eman du Barrenetxeak IV.ak, Urrizari 23-30 irabazita; bigarren aldiz jantzi du buruz buruko txapela. Galarretara gerturatutako 600 zaleek final handi batez disfrutatzeko aukera izan dute

Endika Barrenetxea, atzo, txapela buruan eta garaikurra eskuan duela, Galarretan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Urrats txikiak baina aldi berean handiak eginez heldu zen Endika Barrenetxea 30. tantora. Pronostiko guztiak apurtu zituen, eta Javier Urrizari gailendu zitzaion buruz buruzko finalean (23-30). Bere garaipen zerrendariburuz buruzko bigarren txapela gehitu zion atzo.

Barrenetxea IV.a hernaniarrak parean izan zuen aurkaria ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Urriza sasoiko heldu zen finalera: bere denboraldi onena egiten ari zen, jokatutako final guztiak irabazi baitzituen. Baina ezin izan zion atzokoan jarraipena eman. Horregatik, balio bikoitza du Barrenetxea IV.ak irabazitako txapelak.

COVID-19 gaitza pasatuta hasi zuen txapelketa Urrizak, eta, guztiz indarberrituta ez baldin bazegoen ere, partidaz partida hobetuz joan zen. Ezin izan zion, ordea, amestutako amaiera eman.

Finalak ikusgarria izateko osagai guztiak zituen. Jendetza elkartu zen Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta bildutako 600 pertsonek partida itzel batekin gozatu zuten. Barrenetxea IV.aren zaleek aurpegian irribarre bat zutela bueltatu ziren etxera; Urrizarenak, berriz, burumakur irten ziren Galarretatik.

Finala atzo jokatu bazen ere, protagonistek arlo psikologikoa martxan jarri zuten aurretik. Materiala aukeratu osteko adierazpenetan, Barrenetxea IV.ak aukeratutako pilota bat «biziegia» zela adierazi zuen Urrizak; eta hernaniarrak erantzun zion hark aukeratutako bat «motelegia» zela.

Barrenetxea IV.aren pilotarekin ekin zioten finalari. Aurrelariak saketik gura izan zion min egin, baina lehen saiakeran motz gelditu zen, eta Urrizak hartu zion aurrea markagailuan. Hark, berriz, ez zuen epailearengana joateko bidea hartu, eta ustezko pilota biziarekin jarraitu zuen jokatzen.

Hasiera aldekoa izan zuen, behintzat, Urrizak. BarrenetxeaIV.ak egindako hutsak baliatu zituen, eta 5-0 aurretik jartzea lortu zuen. Hernaniarrak «zentratzeko» eskatzen zion bere buruari. Lau tanto egin zituen jarraian, eta horietako bat oso polemikoa izan zen: epaileak ontzat eman zuen motz gelditu zitzaion sakea, eta Urriza eta ikusleak sinetsi ezinik zeuden. Barrenetxea IV.aren bigarren tantoa izan zen. Finalak parekatua izaten segitzen zuen, nagusi argirik gabe.

Motorra berotzen hasita

Lehen berdinketa 7-7koa izan zen, eta 8-9koarekin jarri zen Barrenetxea IV.a aurretik lehen aldiz. Aurrelariak inoiz baino pilota gehiago sartu zituen ezkerparetan, eta gehienetan ondo irten zitzaion apustua. Gainera, paretaren hezetasunagatik are gehiago irristatzen zen pilota .

Hasiera kaxkarra izan bazuen ere Barrenetxea IV.ak, behin aurrea hartuta markagailuan, hobetzera egin zuen. Hortik aurrera ez zen atzetik jarri. Tantoak lortzen jarraitzen zuen; alde txikiarekin, baina beti bere alde. Lehen atsedenaldira 13-15 heldu ziren.

Urriza indarra galtzen hasi zen, eta gailendu beharreko malda gero eta handiagoa zen. Sei tantoko zuloa ireki zuen Barrenetxea IV.ak, eta ezin izan zuen inoiz itxi Urrizak. Barrenetxea IV.a garesti ari zen saltzen tanto bakoitza.

Pixkanaka, moralki indarra galduz joan zen Urriza, eta, bere zaleen animoekin 4-0eko partziala lortu bazuen ere, ez zen nahikoa izan finalari buelta emateko.

Finaleko azken zatiko tantoak oso fisikoak izan ziren. Urrizak gerturatzeko keinua egin zuen, baina Barrenetxea IV.a tinko mantendu zen. Ez zuen piloteoan askorik ibili nahi izan, hori baita iruindarraren indargune nagusia. Urrizak sareetara bidalitako pilotarekin bukatu zen finala.

Partida osteko adierazpenetan Barrenetxea IV.ak azaldu zuenez, hasieran «blokeatuta» sentitu zen, eta hori izan zen markagailuan izan zuen desabantailaren arrazoia.

Hala ere, partidari buelta eman ahal izan zion, eta «oso pozik» amaitu zuen egindako lanarekin. «Ez nuen espero txapeldun izatea. Langilea naiz, eta txapel hau egindako lanaren emaitza da». Esan zuen ohartu zela bukaeran Urrizak «bigarren martxa» sartuko zuela, baina gelditu ahal izan zuela.

Lortutakoak balio berezia du harentzat. Finala amaitutakoan, gogoan izan zituen gertukoak: «Txapel hau etxekoentzat, nire neskarentzat, hernaniarrentzat eta Antiguako kide guztientzako da». Kantxan «izugarri» disfrutatu zuela azpimarratu zuen Barrenetxea IV.ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.