Kontxako Bandera

Sagua eta katua bezala

Zazpi leku preziatu eta 21 traineru lehian. Denek ez dute, ordea, Kontxarako sailkatzeko aukerarik, eta, faboritoek hutsik egin ezean, behintzat, azkeneko leku bat edo bi ibiliko dira dantzan.

Ondarroa aurreko larunbatean, Boiroko (Galizia) estropadan, Eusko Label ligan. AITOR ARRIZABALAGA/ EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Berezia izango da gaur Kontxako Bandera datozen bi asteburuetan jokatu ahal izateko sailkatze estropada. Ez da ikuslerik izango, COVID-19ak eragindako egoera tarteko, eta gauza beragatik arraun egin ezinda geratuko dira Arkote, Astillero eta Lapurdi. Beste gainontzean, baina, gutxi edukiko du berezitik eta ezohikotik gaurko erlojupekoak, sekulako ezuste handiren bat gertatzen ez bada, behintzat. 21 traineru ariko direla asko nabarmentzen da, baina sailkatzeko benetako aukeren jabe izateko pagotxa gutxi batzuena baino ez da izango, urtero bezala.

Ikusi gehiago: Oriok irabazi du emakumezkoen sailkatze estropada

Aukeratu horiek dozenara doidoi iristen dira. 17:30ean, A edo B multzoa jarriko da abian, eta An batu ditu antolakuntzak aukeratuak izateko aukerarik handien dutenak. Eusko Label ligan aritu diren hamabi taldeak eta KAE ligako irabazlea izan den Pedreña daude hor.

Multzo horretan ere, ez dituzte aukera berberak talde guztiek. Faboritoak Santurtzi, Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Zierbena dira. Bost daude hor, Donostiarra sailkatua dago etxekoa izateagatik, eta beste bi leku leudeke dantzan. Hautagaiak, asko: Cabo, Isuntza, Ondarroa, Ares, Zarautz eta Pedreña bera.

Espainiarrak aparte utzita, beste bostak sagua eta katua bezala ibili dira Eusko Label ligan: egun batean, bat aurretik; hurrengoan, beste bat, eta, horrela, bata bestearen atzetik. Gaur zer gerta daitekeen asmatzea ez dago erraza talde horien artean. Multzo horretan, Isuntza, Ondarroa eta Zarautz animoz bizi aterako dira. «Azken hamar urteetan aurreneko aldiz, benetako aukera dugu sailkatzeko», esan du Imanol Eizagirrek (Zarautz, Gipuzkoa, 1996), Zarauzko arraunlariak. «Isuntza, azkenekoz, 1999an sailkatu zen, eta aukerak badauzkagu», adierazi du Jurgi Gorostizak (Mendexa, Bizkaia, 1989), Isuntzako arraunlariak. «Iaz seigarren edo zazpigarren egiteko hautagai ginen, eta irabazi egin genuen sailkatze estropada. Aurten ere zergatik ez gara, bada, sailkatuko?», bota du Iñigo Larrinagak (Ondarroa, Bizkaia, 1985), Ondarroako patroiak.

Benetako aukera hori gauzatzeko, ondo baino hobeto dakite zer egin behar duten gaur. Eizagirrek: «Dena ondo egin beharko dugu, eta zortea lagun izan». Gorostizak: «Sartu nahi duenak arraunean egin egin beharko du». Larrinagak: «Guri irabazi nahi digunak, arraunean ondo egin beharko du», aditzera emanez Ondarroak ere gauzak ondo egin beharko dituela.

Isuntzaren «zama»

Liga nagusian, aurten, talde handi guztiek egin dute kale egun batean edo batzuetan. Gaur hori ez dela gertatuko uste dute, Eizagirrek zalantzaren bat baduen arren: «Segundo gutxian gabiltza aurten taldeak, eta akats txikiena egin izan dutenean, atzera joan dira. Ezin dute gehiegizko konfiantzarik izan». Gorostizak, aldiz, garbi du ezetz: «Ligako lehen bost sailkatuek ez dute kale egingo». Larrinagak antzeko iritzia dauka: «Eguraldi ona dago emanda, eta zaila da».

Kezka Isuntzak dauka, bost egunez uretan aritu ezinda egon delako, itxialdian: «Bloke pixka bat galdu dugula antzeman dugu», esan du Gorostizak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.