Kontxako Bandera

Baditu zortzi hautagaiak

Oriok irabazi du Kontxako Banderako sailkatze estropada, eta haren atzetik sartu dira Tolosaldea, Arraun, Zumaia, Hondarribia, San Juan eta Hibaika; horiek osatuko dute zortzikoa, Donostiarrarekin batera

Vicky Piñeiro Orioko aurrekalaria ziaboga emateko pronto, atzo Kontxako Banderako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Emozioaren zirrararen marka ez du gaindituko atzoko estropadak. Kontxako Banderako sailkatzea ikuslerik gabe izatea zer den lehen aldiz probatu eta gero, aurtengoa azkena izan dadila opatzea baino ez da geratzen. Estropada bera ere lehorra izan zen, erlojuaren aurkakoa, eta sailkatu ez zen azkeneko taldea sei segundora geratu zen saria lortzetik. Ez dira asko, baina emozioa dantzan jartzeko nahikoa ez, behintzat.

Ikusi gehiago: gizonezkoen sailkapen estropada jokatuko da gaur (17:30)

Halakoetan ohikoa izaten den bezala, saria izango zuten zazpi talde baino gehiago zeuden aukerekin, eta ezin, bada, denek pozik amaitu. Orion, Tolosaldean, Donostian Arraunekin, Zumaian, Hondarribian, Pasai Donibanen eta Errenterian zabaldu zen poza. Pena eta disgustua Ondarroara joan zen, zortzigarren eginda, eta Caboko galiziarrek ere kolpea hartu zuten, bederatzigarren egitea baino asmo handiagoarekin atera zirelako.

Atzoko lehortasuna berresteko beste datu bat: kanporako luzean sailkatuta zeudenak izan ziren bueltako luzean ere txartelari heldu ziotenak. Itsasoak ematen zuen, bada, zerbait astintzeko modua. Izan ere, kanpotik bare zirudien arren, behin Santa Klara uhartetik kanpora, zikin zebilen, haizeak eragindako olatu deserosoen eraginez. Baina naturaren baldintza horiek ere ez zuten lortu gatza eta piperra botatzerik sailkatze estropadaren lapikora.

B multzokoek ekin zioten lanari, eta Ondarroa izan zen aurrenekoa abiatzen. Erlojua etsai denean laguna izaten da aurkarien erreferentziak edukitzea, eta hori gabe atera zen atzo Bizkaiko egungo txapelduna eta ETE ligako laugarren sailkatua. Sailkatzeko hautagaien artean zegoen, baina garbi zegoen lan ia biribila egin beharko zuela sailkatzeko. Kanpoko balizan, kanpoan zen, eta barrurako luzean ez zuen egoera zuzendu. Sei segundo izan zituen sobera.

B multzoan arreta bereganatuta atera zen bestea Cabo izan zen. Galiziako ligan, estropada bat ez beste guztiak irabazita azaldu zen Donostian, sailkatzeko aukerarekin, baina ez zuen asmatu. Galizian, lau luzetara jokatzen dituzte estropadak, eta hemen bitara izaten dira. Motzagoa izanagatik ibilbidea, ez da mesederako izaten aldaketa, eta horrek ere erasango zien atzo. Ondarroaren denboretan zen ziabogan, eta helmugan, bizkaitarrek baino ia lau segundo gehiago behar izan zituen.

A multzoko guztiak, barrura

Denbora hobeak ari ziren egiten A multzoko traineru guztiak, eta Orio nabarmendu zen denen aurretik. Ez zen ezustea izan. Euskotren ligako garailea hautagai sendoa da Donostiako bandera preziatua bigarren aldiz segidan irabazteko. Ziabogan eta amaieran, denborarik onena egin zuen. Tramitea bete zuen.

Hori baino gehiago egin zuena Tolosaldea izan zen. Bigarren azkarrena izan zen ETE ligako irabazlea, eta ez zuen aparte izan Orio: 8, 82 segundora. Ziabogan, gertuago zen, oriotarren parean zelako. Tolosaldea sailkatzea ez zen ezustea izan; bai, ordea, bigarren egitea eta Oriorengandik gertu ibiltzea. Iaz sailkatu ez izanaren arantza atera zuen.

Arraun Lagunak sailkatu zen hirugarren. Bizipozaren estropada izan zen talde guztiarentzat. Batetik, bigarren itxialditik astelehenean atera zirelako, eta uda osoan, hogei uretako entrenamendu galdu dituztelako, COVID-19ak bi bider erasan eta gero. Lehiarekin gozatzeko aukera zuten aspaldiko partez. Bestetik, sailkatu izanak eman zien aparteko poza. Esperoko zuten zazpi aurrenetan sartzea, baina kezka ere izango zuten, bizi izan duten guztiaren eraginez. Ziabogan, hirugarren ziren, Orio eta Tolosaldea baino sei segundo gehiago eginez. Bueltako luzean, Oriok bikoiztu egin zien aldea, baina Tolosaldekoei lau jan zizkieten donostiarrek.

Zumaia izan zen sailkatu zen laugarren taldea. Lan erditan bale zen, Oriok eta Tolosaldeak zazpi segundo baino ez zizkielako atera, baina etorri egin behar zuen. Ziaboga eman eta hasierako metroetan, haize kolpeak trainerua ia batera eta bestera mugiarazi arren, barrura ere moldatu zen, aurretik sailkatu zitzaizkion hiru taldeek aldea handitu bazioten ere. Iaz ere sailkatu zen Zumaia, eta aurten ere Kontxan ariko da.

Euskotren ligako azkenak egin zuen bosgarren denbora onena. Barruan behar zuen Hondarribiak, baina zalantzak ere baziren, liga amaiera ez zuelako oso ona egin. Astebetean bigarren saria eskuratu zuten hondarribiarrek, aurreko asteazkenean Donostian bertan Aste Nagusiko bandera irabazi eta gero. Ziabogan, hamabi segundoko tartea zuen Ondarroarekiko, A multzokoen artean azken-aurreko bazen ere. Bosgarren zen ziabogan, eta postu horretan bukatu zuen gero ere.

Eguneko ezuste txikia edo ertaina San Juanek eman zuen. ETE ligan, behera eginda amaitu du, eta ez zuen ematen sailkatzeko hautagai sendoen artean zenik, aukerak eduki arren. Baina sailkatu egin zen, iaz bezala. Ziabogan seigarren zen, Ondarroa baino hamar segundo bizkorrago, eta hortxe bukatu zuen.

Hibaikak itxi zuen zazpikoa, ETE ligako bigarren sailkatuak, goraxeago ibiltzeko maila eman badu ere azkenaldian. Sailkatu zen, baina, eta horrek balio zuen atzo.

Igandean, bigarren txandan joango da Errenteriako taldea, Zumaia, Orio eta Donostiarrarekin. Aurrenekoan ariko dira Arraun, Tolosaldea, San Juan eta Hondarribia. Atzo egin zen zozketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.