Bizikleta gainean jolasean

Demi Vollering. Oraina oraingoz, eta bide beretik segitzen badu, etorkizuna ere bai. Euskal Herriko Itzuliko hiru etapak eta lasterketa irabazi izanak gauza asko eman ditu aditzera.

Demi Vollering Donostiako helmugan garaipena ospatzen, igandean, Euskal Herriko Itzuliko azkeneko etapan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Txirrindulari on bat Herbehereetakoa izatea ez da kontu berria. Harrobi amaigabea daukate emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Bizikletari lotuta bizi den herrialdea izateak edukiko du eragina horretan. Herritar bat, bizikleta bat. Haur bat, txirrindulari profesional posible bat.

Haurra zenean, ibiliko zen bizikleta gainean Demi Vollering (Pijnacker, Herbehereak, 1996). Jolasean hasieran. Jostailua, bizikleta. Eta urteen joanean, txirrindulari profesional egin zen. Jostailua joko, zaletasuna ogibide. Horregatik esaten du ziurrenik zer den txirrindularitza: «Joko bat bezalakoa da niretzat».

Jokoa jolas. Horrela ibili da Euskal Herriko hiru lurraldetako errepide gorabeheratsuetan ostiraletik igandera. Primeran jokatu du aurreneko Itzulian, eta jolastu egin da aurkariekin. Hiru etapa, eta hirurak irabazi. Sailkapen nagusia bereganatu du, baita Puntuena ere. Historian sartu da, gainera, eta lekua egin du Euskal Herriko txirrindularitzaren historian: Vollering abizenaren alboan betirako azaldu da Itzuliko lehen garailea izan dela. «Oso pozik nago egindakoarekin. Gai izan naiz hiru etapak eta lasterketa irabazteko», kontatu zuen herenegun Donostian, lanak bukatu eta gero.

Gai izango zela bazekien. Edo horren berri eman zuen, behintzat, Bastidan (Araba) ostiralean, aurreneko etapa bukatu eta gero BERRIAri eman zion elkarrizketan: «Indartsuena naiz lasterketa honetan, eta datozen bi egunetan ere horrela izaten segitzea espero dut».

Konfiantza adierazpena izan zen. Ez harrokeriarena. Pentsatzen zuena garbi esan zuen, eta oso zuzen zebilela erakutsi zuten ondorengo bi lehiaketa egunek. Bigarren denboraldia du SD Worx bere herrialdeko taldean. Aurretik ParkHotel Valkenburg taldean ibili zen bi urtez. Oraingoak fitxatu zuenean, zertara zihoan lasai asko azaldu zuen, umil: «Asko ikas dezaket talde honetan».

Ikusiz ikasten duena izateko, badu eta bazuen irakasle aparta urrutira joan gabe: Anna van der Breggen du zuzendari orain, eta iaz taldekide. Alboan izan du Itzulian: hura autoan, eta bera bizikletan. Miresmena dio gazteak ziklista ohiari: «Oso garrantzitsua da niretzat. Asko ikasten ari naiz harekin. Gustatzen zait besteengan inspiratzea». Bereizgarri bat nabarmendu du: «Badaki lasterketa aurretik txirrindulariak ahalik eta gehien lasaitzen. Oso garrantzitsua da hori». Biak alderatzen hasita zeuden lehendik ere Herbehereetan. Iazko sasoiaren hasieran, telebista saio batean galdetu zion kazetariak Volleringi ea «Anne berria» al zen: «Ondo dago hori», erantzun zion Itzuliko irabazleak.

Ontzat hartzen baititu erronkak. Horrelaxe barneratu zuen SD Worxeko kideak fitxatzera joan zitzaizkionean. Berehala pentsatu omen zuen hau: «Talde gogor batera noa, baina horixe nahi dut. Onenen aurka lehiatzea gustatzen zait, txirrindularitzaren jokoan ondo jokatzea».

Frantziako Tourra helburu

Itzuliaren jokoan, pena bakarra izan da UCIren zerrendako munduko lehen bi sailkatuak ez lehiatu izana: Annemiek van Vleuten (aurrenekoa) eta bera (bigarrena). Frantziako Tourrean izango dute aukera, gauzak ondo direla: «Helburua da niretzat», esan du Itzuliko irabazleak.

Oraingoz, 11 garaipenera gizendu du palmaresa. Eta indarra eman dio: «Konfiantza handia emango dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.