BIRA
Hiritarrak
Ezin duzue imajinatu ere egin zenbat gustatzen zaizkidan hiriak. Haietan bizi izan naizenean zoriontsua izan naiz. Sarritan joaten naiz hirira lasaitzera. Bai, lasaitzera. Perspektiba aldatzen laguntzen dit. Beti hirian bizi izan den jendearekin, edo horietako batzuekin, ordea, gero eta distantzia handiagoak igartzen ditut. Ezin dut jasan jendearentzat Heidiren ondorengoak izatea baserritarrak zehazki, eta herri txikietan bizi garenak orokorrean. Existitzen ez duen bukolismo bat irudikatzen dute, eta haien buruan eraiki dutenaren arabera bizi behar dugula pentsatzen dute. Eta aholkuak ematen dizkigute: zerekin eta zerez gozatu behar dugun, errekan zer egin behar dugun, lurrean zer landatu behar dugun...
Niri ondo iruditzen zait bakoitzak bere iritzia izatea lurrari eta lurralde antolamenduari buruz. Oxala, behar adinako masa kritikoa bagenu guztiok horren inguruan; baina herrian etxea eraikitzen duten hiru hiritarretik bik harresiz inguratzen dute. Inguruan bizi garen guztioi esplikatzen digute gure orain arteko bizimodu eredua zergatik ez den hain ona izan, eta zergatik behar ditugun inoiz faltan izan ez ditugun zerbitzuak. Badakit gauden leku oro hobetu genezakeela, baina bizi denari bizitzen uztea baino ezer iraulzaileagorik ez dago.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.