garbine ubeda goikoetxea
EUSKARA BATUAK 50 URTE

Zikloa

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Urte bertsuan jaio ginen euskara batua eta biok. Ni hura baino urtebetez zaharrago naiz, Arantzazun sortu zela onartzen bada, eta hark nik baino hiru urte gehiago ditu, Baionakoa kontuan hartuz gero... baina igualtsu da. Nirekin batera hazitakoa da, nire bizitza osoaren parte, eta era berean, nire bizitzako parterik nekagarriena, inoiz itzali ezin dudana: zuzentasunaren bila beti, alajaina. Nire kontzientzia politikoaren ardatza ere bada. Batasuna. Euskaldun guztien elkar-ulertzea. Zokokeria guztien aurka, zubiak luzatzea. Ezer baztertu gabe, denena hartzea eta komeni bezala erabiltzea. Kasik, utopia.

Euskara batuaz hitz egitea sentimenduez hitz egitea da, sarri ahanzten zaigun gauza. Nire euskarak, eta esan dezadan lotsarik gabe, nire egoak eta nire hegoek, filologoak adina behar izan dituzte terapeutak, nire negar kasketak xukatu behar izan dituzten sorbaldak.

Publiko zabalerako mintzatu eta bereziki idatzi behar izan dudan bakoitzean, ama berriaren sindromeari egin behar izan diot aurre. Testuak munduratzea umeak egitea bezalatsu baita: denek dakite zerorrek baino gehiago; kristo guztiak du aholkurik debalde, musu-truk eta urririk emateko, ezinbestean eta kosta ahala kosta bete dezazun. Ez ditzagun zenbait aitona-amona ahantz. Inongo erreparorik, lotsarik nahiz filtrorik gabe gaizki ari zarela leporatuko dizuten izaki bipedo horiez ari naiz.

Esker txarrekoa izan liteke amatasuna, euskaraz sortzea ere esker txarrekoa izan litekeen gisan. Erditu egingo zara halere. Sortu egingo duzu, ez logikak agindu dizulako, senez aterako zaizulako baizik. Ez gizadiak/euskarak aurrera egingo badu, haurrak/testuak behar ditu esakunea bere borobilean sinetsi duzulako. Seguruen eta sinpleki, pentsatzeko lanik hartu ez duzulako. Hala behar zuelako. Apetak eman dizulako, zer arraio.

Eta sortu duzun hori plazara atera orduko, zuk baino gehiago dakien jakintsu urgazle saldoa etorriko zaizu, zoriontzera lehendabizi, baina bide batez, aholku feria antolatzera. «Et, et, et» esango dizu batek boligrafo gorria eskuan, «nondik atera duzu blokatu delako hori?», bereziki -ka- silaba ongi markatuz, «blokeatu da, alegia, con -e», edota «ez da letxu idazten, letxuga baizik». «Eta noiztik, ordea!», pentsatuko duzu zuk zeure artean, eta txistua irentsiko duzu, agian lotsatuta, egiazki ez zenekielako, agian amorratuta, zure deabrutxoak «gure herrian hala esatedeu ba!» oihukatuko dizulako belarrira. «Ez da kontuan hartu, kontutan hartu baizik», esango dizu hurrengoak, eta hain zuzen eta zehazki kontrakoa, atzetik helduko denak: «Kontuan, Garbiñe, kontuan. Honezkero mila bidez esan dizut». Eta zuk, ordurako txistua irensten ikasia, denak zakurraren salara bidali, eta hurrengoan, kontuak utzi eta gogoan hartu ipiniko duzula erabakiko duzu. Beste horrenbeste egingo duzu lehendabizi «pausu», eta ondoren «pauso», eta atzera berriz «pausu», eta azkenik «pauso» idatzarazi zizunarekin. Aurrerantzean «urrats» idatziko duzula deliberatuko duzu, irribarre gaiztoa ahoan. To mendekua. To, to eta to.

Bat-batean, eta erabaki desesperatu horiei esker, une sublime batera iritsi zarela jabetuko zara. Batuaren benetako boterea zein den ulertu duzu. Ortografia arau zurrun eta zenbaitetan arbitrarioez harago, bideak eta bidezidorrak eskaintzea dela, non aukeratu ematea.

Geroztik bestela begiratzen diozu zure haurrari. Aldatu egin da, odolberritu. Leundu egin zaizkio jaiotzetiko zimurrak, malgu eta guri dago. Hutsaren hurrengo zinena, hamalau sentitzen zara orain.

Egun batean beste norbaiten umearen aurrean aurkituko zara, zorrotz begiratuko diozu, eta beste urgazle bipedo haien gisan zuk ere, ezin izango diozu mihiari eutsi. «Ui, ui, ui» egingo diozu ozen goitika, «matxismoarekin amaitu?», eta jarraian berriz, errotulagailu gorri potoloaz -kin atzizkia nabarmenduz.

Egun horretan, euskararen/bizitzaren zikloak itzuli berri bati ekingo dio, konplexuz beteriko errotazio amaigabean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.