Onintza Enbeita.
BIRA

Karma

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Ez da egia bizitzak bakoitza bere lekuan jartzen duela». Gogorra egin zitzaidan entzun nionean. Min eman diguten pertsonez ari ginen, eta nik karmaren indarrean sinistu nahi nuen. Bizitzako momentu hartan behar nuen. Gainera, herri jakinduriak hori esan digu beti: denborak erakutsiko duela elurra mendian. Lagunak esandakoari bueltaka ibili naiz askotan, eta esaera zaharrari baino sinesgarritasun handiagoa eman diot. Izan ere, hor ikusten ditugu guri min egin diguten lagunak edo esplotatu gaituzten nagusiak edo barre egin diguten gelakideak lasai asko. Guri egin zigutena beste norbaiti egiten ariko diren pentsatzen dugu, baina erantzunak min egingo digula badakigunean, ez galdetzea hobe. Ikusten ditugu kalean, mendian, hondartzan... jendez inguratuta eta gu ondo ez gaudenean berritu egiten zaizkigu zauriak. Eta eurek lasai dabiltzan bitartean, geure burua aurkitzen dugu behin eta berriro igerilekuaren bazter batean, geldi. Geldi, lehen jasotako minak eragindako beldurrak ez digulako salto egiten uzten. Non egongo ote da karma momentu horretan?

Seguruenetik geure burua konbentzitzea izango da gakoa: ez haiek izango dira ematen duen bezain zoriontsuak, ez gu gara orduan bezain inozenteak. Eta geure burua geuk zaindu dezakegu karmak baino hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.