Onintza Enbeita.
BIRA

Euria

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ekainaren hamaikan halako zerbait esan omen zuen Fito Cabralesek San Mamesen: euria baino ez zitzaigun falta Bilbo izan zedin. Eta hala da. Euskal Herrian abuztuak ere ez ditu jaiak euritik salbatzen. Beti kexatu izan gara horregatik, eta askotan ezagutu ditugu euriak zapuztutako ekitaldiak, edo busti gara txosnetan, edo salto egin dugu erromeriara bustitzera musikariak bakarrik ez uztearren. Euritara ohituta gaude, eta, hala ere, purrustadaka hartu izan dugu askotan. Azken astea ikusita, ordea, desiatzen nago euria egin dezan. Ez ni bakarrik: inguratzen nauen guztia ere bai. Pertsonak desinflatuta daude: izerditan, bazterretan eserita, geldi. Animaliak ere ez dira salbatzen. Behiak dituen lagun batek esan zidan eguraldi honekin ur asko edaten dutela eta apenas jaten dutela, eta horrek esnearen ekoizpenean eragin egiten duela. Landareak lurrera begira eguzkira begira egon beharrean.

Beroa gehiegizkoa denean ohartu gara ze beharrezkoa dugun euria. Hezurrei kalte egiten die hezetasunak, baina bero honek ere ez digu bizirauten laguntzen. Ez daukat federik, baina santuak pasiatzera ateratzeko zorian egon naiz egun hauetan. Kontua da, egin ditugun txapuza guztien atzean, gure existentziaren kontra eraiki dugun mundu hau eraiki eta gero, jainkoek ere ez gaituztela lagunduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.