Albistea entzun

Durangoko 56. Azoka. Balorazioa

Ezohiko azoka baten neurrian

Durangoko 56. Azokaren «balorazio positiboa» egin dute antolatzaileek. Landakon orotara 25.000 lagunetik gora bildu direla adierazi dute, eta kulturazaleen ardura txalotu. Salmentetan izan da alderik
Bisitariak salmahaietako batean, atzo, Durangoko 56. Azokan.
Bisitariak salmahaietako batean, atzo, Durangoko 56. Azokan. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko abenduak 9 - Durango

Ezohikoa izan zen iaz Durangoko 55. Azoka, pandemiak erabat baldintzatu, eta online azoka bihurtu baitzen. Eta aurten ere ezohiko itxura izan duen arren, aurrez aurrekoa izatera itzuli da 56. aldian, neurri zehatz batzuekin. Horiek hala izanik ere, aurtengo azokaz «balorazio positiboa» egin zuten antolatzaileek atzo, azokaren azken egunean, ohar bidez. «Aurten kulturaren plaza osasun neurrietara egokituta antolatu behar izan da, eta kulturazaleen eta parte hartzaileen konpromisoa eta ardura eskertu nahi dugu». Salmahaietan, berriz, alde argiagoak eta ilunagoak sumatu zituzten, jende gutxiago egon izanak salmentei zuzenean eragin dielako, espero izatekoa zena, bestalde. Oro har, baina, presentzialtasuna berreskuratu izana nabarmendu zuten.

Arduraz jokatzeko deia egin zutela gogorarazi zuen Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak, eta «erantzuna bikaina» izan dela. Plaza presentziala berreskuratzea zen antolatzaileen lehentasuna, eta xedea bete dela azpimarratu zuten: «Pozik gaude berriro batzeko aukera izan dugulako, kulturazale eta sortzaileak plazan elkartu ditugulako berriro, egungo egoerara moldatuta bada ere».

Landako Gunean 25.000 bisitaritik gora zenbatu dituzte; erreserba leku guztiak bete dira, eta jendearen jarrera «ezin hobea» izan da: «Eskertu nahi dugu bisitariek une oro izan duten jarrera eta prestutasuna: ilaretan itxaroteko, Landako husteko, pilaketak ekiditeko... Kultura segurua dela argi geratu da beste behin ere».

Aurrez aurreko azoka egitearekin batera, online dendari ere eutsi diote. Bisitariek aurrez aurreko erosketak lehenetsi dituztela jakinarazi zuten antolatzaileek, «argi geratu baita Durangoko Azoka bertatik bertara bizitzekoa dela». Haien hitzetan, erakusmahaietan salmentak «etengabeak eta orekatuak» izan dira bost egunetan. «Bisitari askok nabarmendu duten bezala, inoiz baino erosoagoa izan da erakusmahaietara gerturatu eta sortzaileekin zuzenean egotea». Dena den, beste alde bat ere izan du horrek, eta hori ere aipatu zuten oharrean: «Partaide batzuek diotenez, aurreko edizioetako salmentekin alderatuta, salmenta kopurua orokorrean txikiagoa izan da, bisitari kopurua ere txikiagoa izan delako».

Hainbat datu ere xehatu dituzte. Online dendan, abenduaren 3tik 7ra 1.300 erosketa egin dira, eta, guztira, 5.400 lan erosi dira. Batez besteko gastua 58 eurokoa izan da erosketa bakoitzeko. Halaber, abenduaren 3tik atzo arte 110.000 bisita baino gehiago jaso ditu azokaren webguneak, eta, streaming kateari dagokionez, 21.000 lagun konektatu dira zuzeneko kanal bietan.

Guneak

Azoka bera bezala, berau osatzen duten guneak ere bueltan izan dira aurten, eta haietan koordinatzaile aritu direnek ere balorazio «positiboa» egin zuten, ohar berean. Ahotsenearen kasuan, Plateruenan ezinbestekoa zen aurrez lekua erreserbatzea, eta edukiera bete egin da hainbat disko aurkezpenetan. Literatur solasaldi jendetsuak ere izan dira. Orotara, 7.500 bisitari batu dira Ahotsenean. Irudieneak mila bisitari baino gehiago izan ditu bost egunetan. Eta mila bisitarien langa gainditu du Saguganbarak ere. Szenatokiaren arduradunen arabera, antzerki eta dantza zaleek «bikain» erantzun diote programazioari; 620 ikusle igaro dira gunetik, eta oso publiko gaztea egon dela nabarmendu zuten.

Kabi@ guneko hitzaldi eta mahai inguruetan izandako «eztabaida mamitsuak» txalotu dituzte arduradunek, baita eztabaidek sarean piztu duten arreta ere. Eta Talaiara, azkenik, «gazte sortzaileekin eta kultur eragileekin egindako mahai inguruek» erakarri dute jendea; 500 lagun baino gehiago izan dira denera.

Azoka atzo amaitu bazen ere, antolatzaileek jakinarazi zuten Zu non, han DA! egitasmoaren bidez jarraipena izango duela datozen egunotan. Urtarrilaren 6ra bitarte, Euskal Herri osoko 149 saltokitan erosi ahalko dira azokan izan diren lanak. Zerrenda osoa azokaren webgunean dago ikusgai.

Argi-ilunak salmahaietan

Arraro hitza erabili zuen Izaro Andres musikariak aurtengo azoka deskribatzeko. «Arraroa izan da, baina behintzat aurrez aurrekoa izan da, eta hori da garrantzitsua. Gerediagak esfortzu handia egin du presentzialtasuna mantentzeko». Edukiera murritzagoa izanik, «salmentetan asko igarri» dela adierazi zuen, nahiz eta alde horretatik bera «pribilegiatua» ere sentitzen den, ongi joan zaiola baitio. Edonola ere, jende gutxiago egoteari alde onik ere topatu dio. «Ikusle edo erosle modura askoz ere erosoagoa izan da. Interesgarria litzateke halako edukiera murritzagoko tarte bat mantentzea, zeren egia da gurpil aulkidun jende askoz gehiago etorri dela, eta aipatu digute beste urte batzuetan ez direla etorri. Baina egia da egunero-egunero halako edukiera murritza izateak saltzaileoi asko eragin digula».

Arraro hitza Susa argitaletxeko editore Leire Lopezen ahotan ere. «Nik uste dut denontzat izan dela arraroa Landako hain jende gutxirekin ikustea. Aldi berean, horrek beste alde bat dauka; bisitari batek baino gehiagok aipatu digu gauzak lasaiago ikusteko aukera izan duela». Salmahaiaren martxarekin gustura zegoen. «Salmenta aldetik ondo ibili gara, baina badakit, batetik, beste egoera batean gehiago salduko genukeela, eta, bestetik, lotura duela helduen literatura argitaratzearekin eta etorri direnek zer erosi nahi zuten argi izatearekin. Iruditzen zait jende askorik gabeko azoka batean galtzen ateratzen direnak direla igual aurrez ezagutu ez eta pasaeran ikusten diren gauzak, motroilo handi horretatik salmenta ateratzen zutenak atera direla galtzen; adibidez, batek baino gehiagok esan dit haur eta gazte literaturak ez duela hain ondo funtzionatu». Bestela, pozik zegoen irakurleekin berriz elkartzeko aukera izatearekin, haien eta idazleen artean «elkarrizketa politak» sortu direlako. «Behintzat elkar ikusi ahal izan dugu aurten, baina egia da jende kopuru handi barik askorentzat momentu oso zaila dela, eta kezka hori badut».

Haurrentzako liburuz inguratuta zegoen, berriz, Carmen Elvira, Pamiela-Kalandrakaren salmahaian. Berezia hitza erabili zuen aurtengoa azaltzeko. «Presentziala eta online erakoa izan ditugu, eta gero ikusi beharko da bakoitzak zer eman duen. Baina jendea etorri da. Esango nukeena da ez dakidala guretzat kontuak nola aterako diren, baina etorri denarentzat ongi egon dela gauzak lasaiago ikusteko». Horretan ikusi du berak alde ona. «Nire neuri, haur literaturan gustatzen zait umeei aurkeztea liburuak, gurasoek aukeratu beharrean haiek aukeratzeko, iritzi propio bat sortzeko txiki-txikitatik, eta parada ona dago horretarako. Bestela, ekonomikoki, ikusi beharko dugu».

Urtero bezala, MusikaZuzenean atariaren salmahaian zebilen Koldo Otamendi, hamaika taldek plazaratutako diskoak aurrean zituela. Bertan egoteari eman dio garrantzia. «Azokan egoteko aukera ez duten taldeei hemen egoteko bide ematen diegu; gure mahaian gehienak talde txikiak, hasi berriak edo diskoak autoekoizten dituztenak dira, oso xumeak beste batzuen aldean, eta inportantea da taldeentzat hemen egotea eta jendeak jakitea disko horiek badirela. Alde horretatik, pozik gaude, gure helburua zelako etortzea eta beste errealitate bat dagoela erakustea». Presentzialtasunari lotuta, Ahotsenea guneak garrantzi berezia du harentzat. «Dena biribiltzen du: hona fisikoki etortzea eta kontzertuak ikusi ahal izatea. Ahotseneak diskogintzari bizi pila bat eman dio; gero eta gutxiago saltzen da, digitala gora doa eta fisikoa behera... Baina zuzenekoa da talde batentzat inportanteena, eta Ahotseneak aukera hori ematen du: kontzertu bat ikusi eta diskoa erosi».

Aurten, Otamendik aipatutako zirkuitu hori egitea zailagoa suertatu da ziurrenik, bai kontzertuak ikusteko bai azokan sartzeko izena eman behar izateak inprobisazioari tarte txikiagoa utzi dion neurrian. Agian, musikaren arloak nabaritu du bereziki jendetzarik gabeko azokaren eragina, eta ez dira gutxi izan salmentengatik kezka agertu duten mahai txikietako kideak. Izan ere, azoka urte arraro, berezi edo ezohikoan, jendeak eta hutsuneek, argiek eta ilunek bat egin dute Landakoko korridoreetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean
 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oraindik ez naiz igandeko zurrunbilotik guztiz atera»

Miren Mujika Telleria

Joanes Illarregi izan zen nagusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Eta, hain zuzen ere, garaipen horrek berak eman dio finalaurrekoetarako aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...