Onintza Enbeita
BIRA

Kartzela

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barañaingo berotik etxerantza nentorrela, Almeriaz gogoratu nintzen kotxean. Hango moduko berorik ez dut egundo inon sentitu. Geure trasteak hartuta abiatzen ginen lehengusina maitea ikustera, eta umeak ere desinflatu egiten zitzaizkigun. Oporretan bertan egoteko leku ederra da Almeria, baina asteburu batean joan eta etorri egiteko, bero handiegia egiten du. Zenbat aldiz egon ote ginen garagardoa eskuan genuela, euliak erortzen ikusiz, hitz egiteko ere adorerik gabe. Etxera etorri eta sasoi baterako eguzki nahikoa ikusita gentozela begitantzen zitzaigun.

Orain, ostera, alderantziz gabiltza. Frantzia iparraldera joaten gara lagunarengana, eta udarik beroenean ere anoraka eraman behar izaten dugu motxilan. Lagunek Kanarietako argazkiak bidaltzen dizkigute, edo Zarauzkoak, edo Karibekoak, edo Miarritzen ateratakoak, eta gu han: ipar haizetan. Zeru grisa gutxitan urdintzen zaigu abuztua izan arren, baina gaztelu zaharren arrastoak gozatzen ditugu.

Eta horrela pasatzen ditugu udak maite ditugun lagunen ondoan. Izan ere, urte askotan agur baino esan ez duzunean, bihar arte bat gauza ederra da. Eta distantziak laburtu nahian, bihar hasi eta abuztuaren 31ra arte, jende asko abiatuko da bere kabuz egundo abiatuko ez litzatekeen lekuetara maitasuna konpartitzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.