Iruditeria ezberdinen topaleku

Hainbat belaunalditako 44 ilustratzaile nafarren lana bildu dute 'Iruditeriak. Ilustrazioaren egoera Nafarroan' erakusketan. Irailaren 22ra arte egongo da zabalik, Iruñeko Ziudadelan

Erakusketaren beheko solairuan album ilustratuari lotutako obrak jarri dituzte, eta lehenengoan, gainontzeko formatuak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Asko daude, baina diren guztiak ez. Artearen esparru berberean ibiltzen dira, baina ez dute guztiek arte bera egiten. Bakoitzak bere sortzeko era du; bere nortasuna. Lehen aldiz, Nafarroako hainbat belaunalditako 44 ilustratzaileren lanak elkartu dituzte erakusketa batean, Iruñeko Ziudadelan. Talde homogeneo baten gisan erakutsi dituzte, baturik, nahasturik, baina haietako bakoitzak bere iruditeriatik abiatuta sortu ditu lanak. Horregatik, hain zuzen, Iruditeriak. Ilustrazioaren egoera Nafarroan izena jarri diote erakusketari. Irailaren 22ra arte egongo da ikusgai, Ziudadelako Mistoen aretoan.

«Erakusketa Nafarroako ilustrazioaren lagin bat da», adierazi du Javier Zabalzak, erakusketako komisarioak. Harena izan da erakusketa osatzeko ikerketa eta hautaketa lanaren ardura. Kontatu duenez, proposamena jaso zuenean, gogotsu hartu zuen, hutsune bat ikusten baitzuen hor: «Inoiz ez da egon erakusketa bat tokiko ilustratzaileen talentua ikusarazteko, eta beharrezkoa zen». Baina, halere, erakusketa osatzeko lana konplexua iruditu zitzaion, «erronka bat», arloaren barruan aniztasun handia baitago. Ondorioz, irizpide batzuk ezartzea erabaki zuen: «Batetik, erabaki nuen kanpoan uztea umore grafikoa, komikia, muralgintza, infografia eta diseinu grafikoa, horiek beren nortasuna dutelako, eta erakusketa zehatzetan sar daitezkeelako; eta bestetik, aktibo dauden sortzaileak bakarrik sartzea erabaki nuen».

Hala, ibilbide luzeko zein ahots berriko 44 artistarekin osatu du erakusketa. Eskarmentu handiko sortzaileak daude, hala nola Pedro Oses eta Joaquin Resano, bai eta panoraman finkatzen ari direnak ere; besteak beste, Cristina Jimenez, Mirian Cameros eta Liebana Goñi. Eta tartean, beste asko: Leire Urbeltz, Maite Mutuberria, Jose Angel Labari Jali, Mikel Santos Belatz, Adam Kozinski, Aizpea Lasa, Jokin Larrea... «Nire asmoa izan da Nafarroako ilustratzaileen argazki ahalik eta zabalena ematea», azaldu du Zabalzak. Onartu du, halaber, artista askoren lana kanpoan geratu dela, Nafarroan «beste erakusketa bat osatzeko adina» ilustratzaile baitaude.

Pluraltasun handia dago sortzaileen artean, adin aldetik ez ezik, baita ibilbidean eta lan egiteko eran ere: «Batzuk Arte Ederretatik datoz, beste batzuk diseinutik, beste batzuk autodidaktak dira; badira muralgileak, kartelgileak, diskoen azalak diseinatzen dituztenak...». Artistetako gehienak euskarri digitalean, kartelgintzan eta —batez ere— album ilustratuan aritzen dira. Baina guztiek beren ahotsa, diskurtsoa eta estiloa dituzte: beren iruditeria. Hori da, preseski, erakusketak aldarrikatu nahi duena: ilustratzaile bakoitza berezia dela.

Ibilbidea

Erakusketa Ziudadelako Mistoen aretoko beheko solairuan eta lehenengoan dago, eta ibilbide zehatz bat proposatzen du: lehenbiziko aretoetan album ilustratuari lotutako obrak daude, bereziki haurrentzako liburuetarako egindakoak, eta goikoan, berriz, lan «heterodoxoagoak» ageri dira, ilustrazioaren ohiko ereduetatik irteten direnenak: kartelak, prentsarako lanak, diskoen azalak... Solairu horretan, halaber, liburutegi txiki bat jarri dute, Civican zentroarekin elkarlanean, erakusketako ilustratzaileek editatutako liburuak irakurri ahal izateko.

Jatorriz hiru lan eskatu zizkioten sortzaile bakoitzari, baina batzuek gehiago eraman dituzte azkenean. Egileetako batzuek beren lanik bereizgarrienak hautatu dituzte: esate baterako, Maite Mutuberriak Lohia laneko marrazkiak eraman ditu, Aizpea Lasak Guisantes crudos liburukoak, Mikel Murillok La Guarimba jaialdirako egindako kartelak, eta Martintxo Alzuetak Euskal Herriko Historia ilustratua laneko marrazkiak. Beste batzuek beren azken sorkuntzak eraman dituzte erakusketara: adibidez, Raquel Samitierrek, Jokin Larreak eta Idoia Iribertegik. Halaber, Carlos Puigek eta Sergio Gontzek beren estudioetatik inoiz atera gabeko materiala jarri dute erakusketan, sormen prozesua konpartitzeko: koadernoak, oharrak, zirriborroak...

Erakusketak ilustratzaileen arteko elkargune funtzioa ere bete nahi du, sortzaileen arteko sare bat ehuntzen hasteko abiapuntu izateko. Izan ere, Zabalzak azaldu duenez, ilustratzaileetako askok gainontzeko artistengandik isolaturik egiten dute sormen lana, eta ez dute topagunerik izaten. «Inaugurazio egunean guztiak elkartu genituen, eta asko poztu ziren, batzuek ez zutelako elkar ezagutzen ere», adierazi du. Lehenengo kontaktuarekin pozik, sare hori ehuntzen jarraitzeko asmoa dute ilustratzaileek, eta erakusketa itxi baino lehen beste hitzordu bat jarriko dute, Zabalzak esan duenez. Haren iritziz, Nafarroako ilustratzaile guztiek elkargune bat izateak mesede egingo lioke sektoreari.

Argitaletxeen garrantzia

Erakusketarekin baieztatu den moduan, ilustrazioa osasuntsu dago Nafarroan. Komisarioak argi du hori: «Primeran dago: sortzaile asko daude, eta harrobi bikaina». Baina loraldia ez da kasualitatez heldu: azken hamarkadetan ilustrazioaren aldeko apustua egin duten argitaletxeen babesa «ezinbestekoa» izan da horretarako, Zabalzaren hitzetan: «Argitaletxeek tokiko talentuaren alde egin dute, batik bat euskarazkoek, eta, urteetan jasotako babes horri esker, sortzaileek orain lan egiteko aukera dute». Argitaletxe horien artean daude, besteak beste, Pamiela, Txalaparta, Elkar, Ibaizabal, Cenlit-Denonartean, Jalabali eta Ken. Horiekin batera, «oso garrantzitsuak» izan dira Etxepare Saria eta liburutegi publiko zein espezializatuen lana. Horien guztien babesari esker, «Nafarroako ilustrazioak orainaldi eta etorkizun handia du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.