Alaitz Biritxinaga

Ametsa beteko du, eta historia egin

Emakumezkoen Euskal Herriko lehen Itzuliko zuzendari izango da Biritxinaga. Epaile lanetan 26 urte daramatza, eta lehen aldiz zuzenduko du lasterketa bat.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Atxondo
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bizikleta asko ikusten da Atxondotik pasatzen. Mendikoak gehienak, eta bi gurpileko tramankuluen gainean, txirrindulariak. 1962ra arte Apatamonasterio izan zen herriko errepide bazterrean begira jartzea hamar bat minutuz nahikoa da taldetxo bat osatzeko. Banaka dabiltza gehienak; denak elkarren ondoan jarrita, tropeltxoa. Eta buruari imajinazioaren haizea botaz gero, irudika daiteke auto baten barruan lasterketako zuzendaria, gorputz erdia kanpoan duela, banderatxoa eskuan. Txistua jo, eta lasterketari hasiera ematen.

Herrian bertan daukate zeregin horretan Itzulian lehen aldiz ariko den emakumezkoa. Alaitz Biritxinaga du izena (Atxondo, Bizkaia, 1976), eta estreinatu egingo da lasterketa bat zuzentzen maiatzaren 13tik 15era. Non eta Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulian. 26 urte daramatza errepideetan barrena, epaile lanetan, hara eta hona, baina oraingo lan hau berria du. «Sekulako ezustea hartu nuen Julianek [Eraso, Ozeta antolatzaile taldeko burua] proposamena egin zidanean. Harri eta zur geratu nintzen». Aurreneko erreakzioa «sustoa» izan zuela onartu du, eta erantzuna ez ziola momentuan eman. Baina, Erasori proposamena entzun orduko, baiezkoak segituan hartu zion lekua. «Amets bat betetzea da niretzat», esan du.

Ametsetan non eta etxeko lasterketan. Ohe gozoagorik ez ei du aurkituko: «Lehen aldiz izango da Itzulia, gainera, eta aparteko zerbait gehiago ere ematen dio horrek». Ilusioa hainbeste ari da sentitzen azken egunetan kezka edo ardura: «Erantzukizuna da azkenean lasterketa oso bateko zuzendari izatea, eta, nola ez dakidan zer den, ziurgabetasun antzeko bat ari naiz sentitzen». Barruko zomorroa baretze aldera edo, gizonezkoen Itzulian ibili da lasterketako zuzendariaren autoan etaparen batean —Eraso aritu da len horretan—.

Emakumezkoen Itzuli hau berezia izango dela ez da zalantza zipitzik, lehendabizikoa delako. Aldarrikapen kutsua dauka, eta aldarrien pelotoi horretako kide izatea gustuko du Biritxinagak: «Emakumeok azaldu egin behar dugu geure burua; ezin gara atzean geratu, eta aukera hau paregabea da denontzat gizon eta emakumeen arteko berdintasunean urratsak egiten segitzeko. Ari gara lanean, baina asko dago egiteko oraindik. Adibidez, Itzuliak segida izan behar du».

Zeregin handi horren barruan, karguarenak berarenak izango ditu lasterketako egunetan. Etapak hasi aurretik, irteeran egon beharko du, txirrindulariek sinaduren kontrola pasatzen duten bitartean. Taldeetako zuzendariekin ere egoteko baliatuko du tarte hori, horrela tokatzen bada, behintzat. Eta gero, agintariekin-eta egon beharko du. «Harremanetarako egongo naiz», aurreratu du. Etapa hasierari berak emango dio hasiera, irteera neutralizatua amaitzen denean. Orduan azalduko da pelotoiaren aurrean, auto barruan, gorputz erdia kanpoan duela eta banderatxoa eskuan. Txistua jo, eta etapari hasiera ofiziala emango dio. Gero, lasterketa abian dela, ihesaldiak badira, aurrekoen eta tropelaren artean joan beharko du. «Dena zaintzea eta kontrolpean edukitzea izango da nire lana».

Haren eta beste inoren eskuetan ez dagoenak kezkatzen du erabat, edonola ere: erorikoek. «Horrek kezkatzen nau gehien. Hori da gogorrena. Gertatzen badira, ikusi egingo ditut, eta ez zaizkit batere gustatzen. Pena ematen didate ziklistek horrelakoetan. Amatxo bat bezala sentitzen naiz». Eta epaile lanetan ikusi duen eroriko itsusiena kontatu du: «Uste dut Zumaian izan zela, afizionatuetan. Tropelean asko erori ziren, eta joan nintzen dortsalak jasotzera, bildu egin behar izaten ditugulako. Ikusi nuen txirrindulari bat aurpegiko azala erabat aterata, lurrean arrastaka joan zelako zuhaitz batek geratu zuen arte. Esan ez zidan, ba, bizikleta hartu eta jarraitu nahi zuela. Nik ezetz, amatxo banintz bezala». Aukera baliatu du ziklisten izaera goraipatzeko: «Zeinen gogorrak diren!».

Erorikoekin edo gabe, etapak amaitu egingo dira Itzulian dena ondo bidean, eta, bakoitzaren bukaeran, bilera egingo du epaileekin, eguna zer moduz joan den aztertzeko. «Normalean, ez da arazo handirik izaten, eta bere-berean joaten dira gauzak», azaldu du.

Bizikletazalea betidanik

Atxondotik igarotzen diren ziklistetako bat ere bada Biritxinaga. Igaro baino, bertan jartzen da bizikletaren gainean egunero, eta egiten du bueltatxoa inguruetan. Hainbeste gustatzen zaion horretara noiz zaletu zen ia ez da akordatzen, ume-umetan izan baitzen: «Gure etxean beti zegoen presente». Baita orain ere: «Senarra Eibar txirrindularitza taldeko zuzendaria da, baina ez dugu horretaz hitz egiten».

Zaletasunetik epaile izatera joateko bidea ia nahigabe egin zuen: «Joan nintzen hemen alboko bizikleta denda batera, Javi Elorriagarengana, eta esan zidan epaileak behar zituztela. Nik baietz». Prestatu egin behar, eta azterketak gainditu: «Araudia ikasi beharra dago azken batean, eta mailak daude: herrikoa, eskualdekoa, nazionala...».

Horrela hasi zen epaile, non eta herriko lasterketan. Herrialdean eta Euskal Herrian ibiltzen da, kanpora atera gabe, eta, zaletasunari esker, ezagutu ditu hainbat bazter: «Existitzen zirenik ere ez nekien hainbat tokitan egoteko aukera eman dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.