Aspaldiko uztarik onena

'Mid90s', 'Gräns', 'Di qiu zui hou de ye wan', 'Us', 'Portrait de la jeune fille en feu' eta 'Sorry We Missed You' izan dira, BERRIAko zinema kritikariarentzat, 2019. urteko film aipagarrienak

Bi Gan zinema zuzendari txinatarrak Di qiu zui hou de ye filma aurkeztu zuen iaz. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Alderdi artistikotik oso ona joan da 2019a; bestelako kontua da gauzak nola gertatu diren zinemaren beste alor batzuetan. Izan ere, ikus-entzunezkoak zabaldu eta ikusteko molde berriek gero eta tarte estuagoa uzten diete logika industrialetatik aldendu nahi duten zinemagile beterano zein hasiberriei. Alde horretatik, joan den urtean gertatu diren hainbat kontu bereziki esanguratsuak izan dira.

Hasteko eta behin, streaming bidezko plataformek orain dela urte batzuk hasi zuten gerra irabazi dutelako. Kostata, baina Netflix lortzen ari da bere nagusigoa telesailez harago eramatea, eta zinema ere bereganatu nahi du. Iaz Alfonso Cuaronen Roma-rekin egindako apustua handitu egin du aurten. Besteak beste, Steven Soderbergh, Michael Bay, Noah Baumbach eta beste izen ezagunek aretoei izkin egin diete, haien azken lanak zuzenean plataforman estreinatuta.

Askoz ere munta handiagokoa da Martin Scorsesek berak ere pauso hori eman izana. Batetik, zinemazale gehienek urteko filmik inportanteenetako bat —The Irishman— zuzenean telebistan edo sakelakoan ikusi behar izan dutelako. Bestetik, Scorsese badelako nor zinema garaikidearen unibertsoan, eta oso sinbolikoa delako zinema klasikoaren alde horrenbeste nabarmendu den zuzendari batek jokamolde berriei men egin izana.

Dirua dago afera horren atzean, gaur egun plataformak baitira hainbat zuzendariren lanak finantzatzen ahal dituzten bakarrak. Eta horretan ari dira, trukean merkatu berria eta prestigioa irabazita.

Monopoliorako bidean

Aretoetako zinemari erreparatuta, egoera ez da askoz hobea. Zinema komertziala monopolio berri baterantz doala ematen du, eta ongi zaharberritzen jakin duen eragile zahar bat da onuradun nagusia: Disney. Dela Marvelen, dela Pixarren, dela Star Warsen mozorropean, ekoiztetxe-banatzailea beti agertzen da nonbaitetik.

Iaz diru gehien bildu duten filmen zerrenda argigarria bezain kezkagarria da, aldez edo moldez Disney han delako: Toy Story 4, Avengers: Endgame, The Lion King, Spider-Man: Far from Home, Frozen II...

Zorionez, negozio ereduan dauden hodei beltzek ez dute uzta zapuztu. Azken urteotako joera hautsita, bikaina izan da bukatu berri den urteak utzi digun balantze zinematografikoa. Gozatzeko moduko film ugari, eta genero, estilo zein jatorri askotarikoetakoak; plazera bihurtu da berriro etxeko epela utzi eta zinema aretoetarako bidea egitea.

Atzera begiratu eta harribitxi asko daudela ikustea pozgarria da. 2019a oso ongi hasi zen, eta, azken bizpahiru hilabeteotan filmen kalitatea jaitsi bada ere, emaitza bikaina utzi du iazkoak.

Generoen mugetan

2018an egindako hiru film daude urteko onenaren artean, iaz estreinatu baitziren gurean: Mid90s estatubatuarra, Gräns suediarra eta Di qiu zui hou de ye wan txinatarra. Lehena Jonah Hillen estreinako lan luzea izan da, eta, bertan, skateboard giroaz baliatzen da adiskidetasunaren inguruko istorio indartsu eta argitsu bat kontatzeko.

Bigarrena, ordea, ilunagoa da. Ali Abbasiren Gräns-ek genero fantastikoan murgiltzen gaitu, baina oso modu berezian, ikuslea etengabe harritzen baitu. Barnean iltzatuta geratzen den istorio txundigarria.

Oso bestelakoa da Bi Gan zuzendari txinatarrak aurkeztu digun proposamena: Di qiu zui hou de ye-k zinema beltzeko osagaiak hartzen ditu barnean, ikuslea bilaketa baten istorio oniriko batean murgilarazteko. Azken ataleko plano sekuentzia luzeak zeresan handia eman du urte osoan, baina ez da inondik inora hori filmak duen bertute bakarra.

Generoekin segituta, Us estatubatuarra izan da iazko ezustekorik handienetako bat. Izuaren eta thriller psikologikoaren artean mugitzen da udaberrian estreinatu zen filma. Horrekin, Jordan Peele zuzendariak argi utzi du duela hiru urte Get Out-ekin erakutsi zituen dohain harrigarriak ez zirela zoriaren ondorio.

Edertasun piktorikoa

Urteko film onenen zerrendan ia ezinbestean Frantziak egon behar zuen ordezkatuta, herrialde hori baita Europako zinemaren motorra, kantitatez zein kalitatez. Iazkoen artean, Portrait de la jeune fille en feu zoragarria izan da biribilena. Maitasun harreman baten gerizpean, artearen eta sorkuntzaren gaineko gogoeta ugari ezkutatzen zituen harribitxi horrek, den-denak estetika soil baina eder batez apainduta.

Celine Sciammak Tomboy eta Bande de Filles-ekin erakutsia zuen jada harremanen munduaren eta nortasunaren inguruko begirada propioa, eta bere azken lanarekin koska bat gorago jarri du langa.

Urteko film onenen zerrenda ixteko, sasoi betean itzuli den zinemagile beterano bat: Ken Loach britainiarra. Sorry We Missed You-rekin, zuzendariak berriro ere bere mailarik gorena eman du; egungo gizartearen behatzaile kritiko eta beharrezkoa izaten segitzen du, eta errealitateari itsatsitako istorioak kontatzeko duen abilezia paregabea agerian utzi du beste behin ere. Loachek egiten duenak erraza ematen du; baina, manikeismoa alde batera uzten duenean, harena goi mailako zinema da.

Sei horiez gain, askoz gehiago dira urtea alaitu duten filmak. Bakar batzuk aipatzearren: Yorgos Lanthimosen The Favourite, Jacques Audiarden The Sisters Brothers, Todd Philipsen Joker, Bong Joon-horen Gisaengchung, Olivier Assayasen Doubles vies eta, nola ez, Quentin Tarantinoren Once Upon a Time in... Hollywood.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.