Etengabeko bilakaeran

The Lookers taldeak hirugarren diskoa kaleratu berri du: 'Sabotage & Fun'. Donostiako Dabadaban aurkeztuko du gaur

Taldeak garapen nabarmena erakutsi du azken urteetan. THE LOOKERS.
mikel lizarralde
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Garage-punkaren eraginpean sortu zuten, 2012an, The Lookers taldea, Mikel Toyosek (gitarra), Nicolas Caumontek (ahotsa eta baxua) eta Charlie Hollocouk (bateria). Punkaren lehen olatuko taldeak (Buzzcocks, The Damned) nahiz 60ko hamarkadako rock bizia zituzten gogoko, eta nabaria zen taldearen lehenengo kantuetan. «Lehenengo maketa oso punka zen, oso sinplea», azaldu du Toyosek. Orduz geroztik, taldeak bilakaera nabarmena izan du, eta bi disko luze (The Lookers, 2016; Real Things, 2018) eta hainbat EP eta single kaleratu ostean —bat Flamin' Groovies talde historikoarekin partekatua—, hirugarrena atera berri dute: Sabotage & Fun.

Ziburun (Lapurdi) kokatutako hirukotearen garapenaren isla garbia da diskoa, baina Toyosek uste du aurreko lan luzeak ekarri zuela aldaketa taldera: «Lehenengo diskoa ordura arteko kantuen bilduma bat izan zen, eta bigarreneko kantuak, berriz, diskorako propio idatzi genituen. Real Things-en baziren kantu lasaiagoak, eta askotariko estiloak biltzen zituen».

Bide horretan sakondu dute lan luzean ere. «Oso modu naturalean atera da. Entzuten ditugu beste musika batzuk, Big Star, Wilco, Television, eta hori nabaritzen da diskoan». Bada Sabotage & Fun-en rock-and-roll eta garage-punk aztarnarik, badira kantu laburrak, baina badira baladak (Center of The Universe) tempo ertaineko kantuak (Probably Nothing), eta baita taldeak orain arte egin duen piezarik luzeena ere, sei minututik gorakoa, Bad Decision. «Guretzat ez da berria. Lehen diskoko maketako kantu batzuk ere oso luzeak ziren! [barrez], baina gero laburtu genituen, oinarrizkora joateko. Bad Decision kantua bera laburra da, baina badu koda bat, guretzat esperimentatzeko baliogarria izan dena».

Garai zail bat

Taldeak lau urte behar izan ditu disko berria osatzeko. Pandemiak eragin du horretan, baina ez da hori izan hainbeste denbora igarotzeko arrazoi bakarra. «Real Things grabatu genuenerako, Nico hasia zen garai txar bat igarotzen, eta depresioak jota izan da denbora luzez. Gaur egun sendatuta dago, baina horrek ere eragin du. Pandemiak bezala». Diskoa 2021eko udaberrian grabatu zuten, baina zigilu bila ere aritu dira denbora horretan. «Porrot bat izan da, eta azkenean guk geuk ateratzea erabaki dugu».

Kantariak bizi izandako garai zailak isla zuzena du kantuen hitzetan. «Nicok egin ditu, eta egonezin bat erakusten dute. Gainera, Ives G-k [taldearen disko guztien ekoizlea] lagundu dio egonezin hori hitzetara eramaten. Oso terapeutikoa izan da Nicorentzat kantuak idatzi eta kantatzea».

Gaur Dabadaban aurkeztuko dute diskoa, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.