Etxean gelditzeko

Bakarkako ibilbideko laugarren diskoa argitaratu berri du Meg Baird kantari estatubatuarrak: 'Furling'. Gitarran eta pianoan oinarritutako folk kantu leunek osatzen dute.

Azken urteetan beste hainbat proiektutan sartuta ibili da Meg Baird. RACHAEL CASSELLS.
mikel lizarralde
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Zortzi urte behar izan ditu Meg Bairdek (Filadelfia, AEB, 1975) Don't Weigh Down the Light bere azken-aurreko lanari segida emateko. Urte hauetan, baina, kantaria beste proiektu batzuetan aritu da: Mary Lattimorerekin diskoa atera zuen orain bost urte, Heron Oblivion taldearekin ere argitaratu zuen beste bat, eta Sharon van Etten, Bonnie Prince Billy eta Kurt Vileren diskoetan ere parte hartu du. Horren guztiaren eta, neurri batean bada ere, bere burua berrasmatzeko gogoaren emaitza da azken diskoa: Furling (Drag City, 2023).

2000ko hamarkadan, weird-folk etiketa zabaldu zenean, haren barruan sartu zuten Espers, Baird ezagutarazi zuen taldea. Devendra Banhart, Joanna Newsom, Akron / Family eta ildo hori ezaugarritu zuten beste artistekin alderatuta, ordea, Espersek 1960ko hamarkadako folk britainiarraren eta psikodeliaren eragin nabarmenagoa erakusten zuen, eta, Bairdek berak aitortu izan duenez, baita apalatxeen kantu zaharrena ere —herenaitona kantari apalatxea zuen—. Bere bakarkako ibilbidean ere, bide horretan segitu du, eta folk ahaire klasikoek zipriztinduta etorri dira haren orain arteko diskoak.

Ez da bide horretatik gehiegi aldentzen Furling, kantariaren bakarkako laugarren lana, baina, Bairdek berak azaldu duenez, aurreko diskoen aldean, azken honek «talde lan» handiagoa izan du oinarrian. «Lehen, ez nion garrantzi handirik ematen horri. Pentsatzen nuen: 'Oinarrizkora joan behar dut'. Oraingoan, ordea, ideia zen Charlie Sufleyrekin lan egitea, eta estudioan banda baten gisa aritzea», azaldu berri dio Interneteko Aquariumdrunkard atariari.

Gainera, gitarraz eta perkusio leunez gain —Baird bateria jotzaile gisa hasi zen musikan—, pianoak orain arte izan ez duen protagonismoa hartu du diskoan. «Beti iruditu zait piano batek etxe sentsazio bat ematen duela, etxera eramaten zaituela. Eta hori nahi nuen disko honetan. Nostalgia sentitzen dudanean, pianoa jotzeak etxean sentiarazten nau».

Bairden azkeneko diskoak baditu bere ezaugarri propioak ere, aurreko lanetan hain agerikoak ez zirenak. Ashes, Ashes hasierako piezak jazz giro leun bat du; Will You Follow Me? soft-rockera gerturatzen da, eta Wreathing Days pianoan eta ahotsean oinarritutako kantu ia inpresionista bat da. Star Hill Song-ek, berriz, Mazzy Starrek 90eko hamarkadan landutako giro goxoak ekartzen ditu gogora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.