Partida 22. tantoan amaitzen baita

Peña II.a-Albisu 13-19 joan dira aurretik, baina ez dute asmatu lana biribiltzen, eta 22-21 irabazi diete Elezkano II.a-Zabaletak

Jon Ander Peña, etsita, huts bat egin ondoren, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu, jota; eta Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta, egindakoa sinetsi ezinda. Halaxe amaitu zen atzo Iruñeko Labriten jokatutako partida. Jota Baikokoak, partidaren zatirik handienean bikain jokatu ostean, garaipena bideratuta zutenean (13-19), azken txanpan ihes egin baitzien. Eta eginikoa sinetsi ezinda Aspekoak, neurketarik zatirik handienean eskas jokatu eta kinka larrian egon ostean, oso maldan gora jarri zitzaien norgehiagoka irabazi baitzuten: 22-21. Peña II.ak 43. tantoan txapara bidalitako pilotakadak eragin zuen bata zein bestea.

Pilotakada ustel horrek agerian utzi zuen jakina dena: partida ez dela bukatzen norbaitek 22. tantoa egin arte. Berdin dio aurretik eginiko lan guztiak, nahiz eta ona izan. Atzo, adibidez, Peña II.a-Albisuk aspaldiko partidarik onena jokatu zuten. Aurrelaria nabarmendu zen: bizi-bizi eta oso eraginkor aritu zen minutu askoan. Albisu ere aurrekoetan baino seguruago aritu zen. Alde handia egon zen aurreko partidekin alderatuta. Azken binakakoan horren itxura ederra eman zuen bikotea gogorarazi zuten.

Gorakadak, gainera, aurkarien egun traketsarekin bat egin zuen. Azken txanpan izan ezik, ez ziren fin aritu Elezkano II.a-Zabaleta. Baina 22. tantora iristen denak irabazten du, eta kostata eta ederki sufrituta izan bazen ere, haiek egin zuten 22. tantoa. Laugarrenez egin dute bost partidetan. Horri esker, lider dira. Peña II.a-Albisuk, ordea, behin baino ez dute irabazi. Hala ere, galtzeko moduak eta moduak daude, eta atzokoak min egin dien arren, konfiantza emango die ere. Nor baino nor gehiago aritu dira txapeldunen kontra. Hori izan behar dute helduleku.

Bosgarren jardunaldiak gaur eta bihar izango du segida. Gaur, Ezkurdia-Tolosa eta Laso-Imaz ariko dira Eibarren (Gipuzkoa). Aspekoek lehen partida irabazi berri dute; Baikokoek, ordea, lehen biak irabazi eta gero, galdu egin dituzte azken biak. Jaka-Mariezkurrena II.aren eta Irribarria-Rezustaren artekoak amaiaraziko du jardunaldia, bihar, Tolosan (Gipuzkoa). Bi bikoteak bolada gozoan daude, irabazi egin baitituzte azken bi norgehiagokak. Irribarria-Rezustak hiru garaipen dituzte; aurkariek, berriz, bi.

Lau eta erdiko finala, gaur

Gaur jokatuko dute Emakume Master Cupeko Lau eta Erdikoaren pilota mistoko finala, Mungian (Bizkaia). Miriam Arrillaga atzelari aginarra eta Amaia Aldai aurrelari dimoztarra ariko dira elkarren aurka. Arrillaga da egungo txapelduna: 2019an irabazi zuen txapela. Aldai, berriz, nagusi izan zen Promozio mailakoan, duela hiru urte. 12:00etan hasiko da jaialdia (ETB1), eta finalaren aurretik hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko dute Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.