K2: falta zen mugarria

Hirugarren kanpalekutik irten eta tontorrera heldu dira hamar mendizale nepaldar: lehen aldia da inor neguan igotzen dela. Oxigenoa erabili dute, eta elkarrekin iritsi dira gora

K2ren tontorrera neguan igo den espedizio nepaldarreko kideak, iazko abenduan hartutako irudi batean. SEVEN SUMMIT TREKS.
Ainara Arratibel Gascon - Iñaki Petxarroman
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lau hamarkadaren ondoren, lortu da hamalau zortzimilakoak neguan igotzea. Everest (8.849 metro) izan zen lehenbizikoa, eta K2 (8.611 metro) falta zen zerrenda osatzeko. Bada, atzo lortu zuten hura ere urtarorik gogorrenean igotzea. Nepalgo hamar mendizalek osatutako talde batek lortu du, eta urrezko orri bat utzi dute idatzita sarritan mendizaletasunaren historian itzalean geratu den herrialde baten kaierean. Atzo iritsi ziren tontorrera, Euskal Herrian 13:00 inguru zirela, oxigeno artifizialak lagunduta. 18:30 aldera, zortzi mendizale hirugarren kanpalekuan ziren, atsedena hartzen. Beste bik behera segitzen zuten, kanpaleku nagusira iristeko asmoz.

Nirmal Nims Purja, Gelje Xerpa, Mingma David Xerpa, Mingma Tenzi Xerpa, Pem Chhiri Xerpa, Dawa Temba Xerpa, Mingma Gyalje Xerpa, Dawa Tenzin Xerpa, Kili Pemba Xerpa eta Sona Xerparen izenak hizki larriz geratuko dira alpinismoaren historian. Denis Urubko errusiarra eta Marcin Kakzkan poloniarra 7.750 metrora iritsi ziren 2002ko neguan egindako saiakeran. Baina ez zuten lortu, eta mendizaletasunaren historian geratzen zen mugarri garrantzitsuenetako bat zen, adituen arabera. Aurtengo neguan 60 alpinista elkartu dira K2ko kanpamentu nagusian. Orain arte, 367 mendizalek lortu dute munduko bigarren gailurrik altuenera iristea, eta 86 hil dira ahalegin horretan. Achille Compagnoni italiarra izan zen igotzen lehena, 1954. urtean.

Neguko ahaleginei dagokionez, 33 urte behar izan dira tontorrera iristeko. Aurretik zazpi espediziok egin zuten saiakera. Andrzej Zawada buru zuen espedizioa izan zen aurrenekoa, 1987-1988ko neguan. 23 alpinistaz osatua zegoen, eta 80 egun egin zituzten oinarrizko kanpalekuan. 7.300 metrora ailegatu ziren.

2014-2015eko udan ahalegintzekoa zen Alex Txikon,Urubko eta Adam Bieleckirekin batera. Baina abiatzeko egun gutxi falta zirela, Txinako Gobernuak baimena ukatu zien, eta espedizioa bertan behera utzi zuten.

Azken ahalegina iazko neguan izan zen. Gyalje buru zuen nazioarteko espedizio bat prest zegoen erronkari heltzeko. Baina finantzaketa arazoek, eguraldiak eta espedizioaren jarduteko moduan zeuden zalantzek atzera egitera behartu zituzten.

Eguraldi aurreikuspenak alde izan zituen atzo Nepalgo espedizioak. Euskal Herrian goizaldeko ordubetean abiatu ziren tontorrerantz, 7.350 metrotik. Seirak inguruan iritsi ziren Botila lepora (8.200 metro). Igoerako zatirik zailena zen: 50-60 graduko desnibela duen korridore estua baita.

Izotzaren baldintzak ziren inguru horretan zalantza nagusia. Baina 09:00ak aldera berri eman zuten zailtasun inguru hori gainditua zutela, eta tontorretik 200 metroa zeudela. Tontorretik gertu batzea erabaki zuten mendizaleek, gora elkarrekin iristeko.

Elkarlana ardatz

Atzoko lorpena elkarlanaren fruitua da. Izan ere, hiru espedizio desberdinetako kideak zeuden bertan. Gyalje, Tenzin eta Perba abenduaren 18an iritsi ziren oinarrizko kanpalekura. Ordurako lehen kanpelakurako bidea ekipaturik zegoen. Hiru alpinistek egin zuten lan hori: John Snorrik eta Ali Sadpara aita-semeek.

Gyalje eta haren espedizioko kideak neguko azken egunean, abenduaren 21an abiatu ziren tontorreruntz.Egun bat behar izan zuten bigarren kanpalekura iristeko, 6.700 metrora.

Ondoren iritsi ziren Seven Summits Treks espedizioko kideak eta Nirmal Purja buru zuena. Hiru espedizioak txandakatzen joan dira asteotan bidea ekipatzen, 7.350 metroa iritsi arten.

Egindakoaren berri ematen lehena izan zen espedizioa antolatu duenagentzia nepaldarrak, bere Twitter kontuan: «Lortu dugu, sinetsi.Nepalgo eskalatzaileek K2ko tontorra zapaldu dute azkenik. Mendi basatia igo dute sasoirik arriskutsuenean».Ordu horietan jakin zuten himalaismoarentzat egun izanda izan zenak orbanik ere izan zuela. Sergi Mingote katalana amildu baitzen, mendian behera, eta ezin izan zuten deus egin salbatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.