Bidaia musikal bat egiatik at

Zortzigarren albuma kaleratu du Gorillaz talde birtualak: 'Cracker Island'. Besteak beste, Bad Bunny, Stevie Nicks, Adeleye Omotayo eta Thundercat artistek parte hartu dute diskoan.

Damon Albarn abeslaria, Gorillaz taldearen zuzeneko kontzertu batean, Danimarkan. TORBEN CHRISTENSEN.
Miren Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Blur taldean hasi zuen Damon Albarn abeslari eta musikariak bere ibilbide musikala. Urte batzuk bertan egin ondotik, atzean utzi zuen britpopa, eta hip-hoparen eta elektronikaren eraginekin osatutako rock alternatiboko Gorillaz talde birtuala sortu zuen 1998. urtean,Jimmy Hewlett komikigilearekin batera. «Dena esploratzeke zegoen, dena eraikitzeke», kontatu dio berriki publikatutako elkarrizketa batean Gentlemen's Quarterly aldizkari estatubatuarrari. Etorkizuna imajinatzea izan zen, hain zuzen, Gorillazen hastapenetan eman zuten lehen urratsa. Hala oroitu du berak: «Abentura bat izan zen, eta abentura bat izaten jarraitzen du». Justuki, joan den hilabetean plazaratu zuen taldeak bere disko berria: Cracker Island.

Musika jendaurrean aurpegia eman gabe egitea desiratzen zuen taldeak bere hastapenetan. Haien hitzetan, «talde despertsonifikatu bat» izan nahi zuten rock kulturaren barruan. Ez zuten pop izar bihurtu nahi euren burua; beren pop izar propioak sortu nahi zituzten. Haurtzaroko marrazki bizidunak izan zituzten horretarako tresna.

Albarnek esan izan du «broma» gisa sortu zutela taldea; «dibertimendu» gisa. Ordea, musika talde birtualen artean ezagunena da gaur egunGorillaz, zalantza izpirik gabe.

Animaziozko lau kidek osatzen dute taldea —2-Dk, Noodlek, Murdoc Niccalsek eta Russel Hobbs-ek—, eta haien fikziozko unibertsoan sakontzeko aukera eskaintzen dute taldearen bideoklip eta elkarrizketek —hasieratik eman diete garrantzi handia horiei—. Albarn eta Hewlett daude proiektuaren atzean, kantak sortzen eta pertsonaiak diseinatzen, hurrenez hurren.

2001ean kaleratu zuen taldeak lehen diskoa, eta taldearen izen bera jarri zioten. Arrakasta handia izan zuen mundu zabalean disko hark, eta haren atzetik kaleratu zituzten Demon Days (2005), Plastic Beach (2010), The Fall (2010), Humanz (2017), The Now Now (2018) etaSong Machine, Season One: Strange Timez (2020).

Hiriaren susmo txarra

Taldearen zortzigarren albuma da, bada, Cracker Island, eta aurreko diskoetan bezala, munduko artista entzutetsuenen kolaborazioak aditu daitezke kantu berrien artean ere. Oraingoan, ondorengo artistek hartu dute parte diskoan: Stevie Nicks, Adeleye Omotayo, Thundercat, Tame Impala, Bad Bunny, Bootie Brown eta Beck. Abeslariaren arabera, bere ekarpena egiten dio artista horietako bakoitzak taldeak urteetan eraiki duen irudimenezko munduari. «Mundu bitxia da, baina gurea da. Oraingoan emozionalki oso disko irekia egin dugu, hausnarketarako bide ematen duten kantuz betea».

Halaber, sare sozialen eta teknologia berrien gehiegizko erabilerak ere ardazten du taldearen album berria. Abeslariarentzat, «era guztietako sektek» inguratzen dute egungo gizartea, eta, hain justu, horixe salatu nahi izan dute. «Los Angeles kondairazko dimentsioa duen hiria da, ez erabat fisikoa, eta, beraz, errealitatetik bakartu zaitzake. Urte askotan susmo txarra hartu diot. Zerikusia du oraindik gidatzen ez nuenean bisitatu nuelako lehenengoz, eta gero Hollywoodeko hotel batean geratu behar izan nuelako leihotik so. Hiriko esperientzia bitxi horrek piztu zuen Cracker Island-eko txinparta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.