Joseba Gabilondo. Idazlea eta unibertsitate irakaslea

«Literaturak ez du islatzen errealitatea: sortu egiten du»

Euskal literaturez mintzo da Gabilondo, pluralean, euskarazko eta erdarazko tradizioen talkan oinarritzen delako, dioenez, euskal literaturaren historia. Liburu berrian jaso du bere tesia.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Euskal literaturaren historia gatazka baten historia da». Hitz gutxitan laburbildu du Joseba Gabilondok (Urretxu, Gipuzkoa, 1963) Before Babel. A history of Basque Literatures liburuan jasotako tesia. Euskal literaturaren historiaz zuzenean ingelesez idatzitako lehen liburua osatu du Michingango Estatu Unibertsitateko (AEB) irakasleak, eta sarean jarri du (www.barbaroak.com). Ikuspegi «postnazional» bati jarraiki, ezbaian jarri ditu orain arteko definizio eta baieztapenak. Tartean, euskal literatura euskaraz egiten dena dela dioena. Txalapartak argitaratuko du euskarazko bertsioa, 2017aren hasieran.

Euskal literaturaz zuzenean ingelesez idatzitako lehen liburua da zurea. Nonbait sumatzen zenuen horren beharrik.

Lehena da, bai. Mende-genero-autore eredu edo paradigma filologiko horretatik atera nahi nuen, globalki interesgarriagoa izan daitekeen testu bat eskaintzeko. Mundu mailan, izugarrizko interesa dago gutxiengo kulturalekiko, gutxiengotasun hori nola kudeatzen eta borrokatzen dugun. Liburu honek hilabete inguru darama sarean, eta 600 bat aldiz ikusi dute; tartean, AEBetatik, Turkiatik, Japoniatik eta Indonesiatik. Ezin da jakin horietako ikustaldi batzuk hutsegiteak diren edo ez, baina hori hilabetean asko da, eta, beraz, bada interesik.

Nondik sortzen da gutxiengoekiko interes hori? Pentsa liteke exotizismoarekin lotura duela...

Euskal literatura beti dago exotizismoari lotua. Nik sarreran mmateria vasconica [kontzeptua] azaltzen dut. Mmateria vasconica da euskalduntasunari buruz egon diren eztabaida eta diskurtso guztiak, eta hor ez ditut ezberdintzen bertakoen eztabaidak eta kanpokoenak, erabat loturik daudelako. Benetan definitzen gaituena ez da euskara edo euskaldunak neolitikotik zuzenean etorri omen izana, baizik eta eztabaida hori, euskaldunek eta kanpokoek elkarrekin segidan eduki dugun eztabaida hori. Zientziarik zientifikoenak, DNArekin arduratzen denak, Oppenheimerrek edo Cavalli-Sforzak dagitenak, euskal DNA zer den erabaki nahi du, eta horren atzean Europako sorreraren obsesioa besterik ez dago. Zientifiko guztiek amaitzen dute betiko mitologia birproduzitzen, eta denek erabaki dute euskarak 30.000 urte dauzkala. Hori esaten du Openheimerrek, esaten du Cavalli-Sforzak eta esaten du gehiago jakin beharko lukeen batek, Arnaldo Otegik. El tiempo de las luces liburuan esaten du: «Euskarak 30.000 urte ditu». Ez, euskarak gutxienez 3.000 urte ditu, eta horren aurrekoaz ideiarik ez dugu! Gure historia eztabaida horien historia da, eta ezin dugu ukatu alderdi mitologikoa edo alderdi fikzionala, eta ezta alderdi zientifikoa ere, biak batera etortzen direlako beti.

Abiapuntua ere jarri diozu teoria horri, XIII.mendean.

Mmateria vasconica XIII. mendean hasten da, nafar batekin. Euskal herriko asmatzailerik handiena nafar bat da: Rodrigo Jimenez de Rada. Autore hori da euskal subjektu politikoa euskaldun bezala lehen aldiz artikulatzen duena, oso testu zentral batean, inperialismo gaztelarraren historiografiaren oinarrian dagoen liburu zentralean. Hor agertzen gara euskaldunak subjektu politiko bezala lehen aldiz historia idatzian. De Radak hor sortzen du euskaldunen mitoa; alegia, Tubalen ondorengoak garela.

Askok esango lizuke, ordea, Jimenez de Radarena ez dela euskal literatura...

Eta zer da literatura? Teknikoki literaturaren zentzu murritza erabiltzen badugu, alegia, literatura gehiengoek zentzu murritzean erabili dutena, euskal literaturarik ez dago 1932ra arte, Lizardiren Bihotz-begietan arte. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, popularitatearen —Cervantes, Shakespeare—, estetikaren —Kant— eta kalitatearen —modernismoa— irizpideak sartzen dira literatura zer den erabakitzeko orduan. Irizpide hegemoniko horiei nolabait erantzuten dien euskal obrarik lehenetakoa Lizardirena genuke. Horren arabera, beraz, hori baino lehenago ez dago euskal literaturarik; orduan, akabo! Galderaren arazoa galdera bera da, hain zuzen ere, definizio horrek ez digulako laguntzen. Literatura herri edo komunitate batek bere burua imajinatzeko erabiltzen duen diskurtsoa da, eta, gutxiengoen kasuan, hori oso testu murritz batzuek eta ahozko tradizio batzuek markatzen dute. Beraz, ezin dugu erabili definizio hegemonikoa. Guri dagokigun definizio bat erabili behar dugu.

Galdera ez zen hainbeste De Radararena estilistikoki edo generoari dagokionez literatura den, baizik eta euskal literatura ote den, erdaraz idatzia den heinean. Euskal literatura euskaraz egiten den hori dela dioen baieztapena ukatzen duzu zuk.

Erabat, errotik. Gaurdaino hartu dugu eredu hori, kuestionatu gabe, eta bada garaia pentsa dezagun. Baina ez euskara gutxiesteko; alderantziz, euskarari leku garrantzitsuagoa emateko. Eredu nazionalistak —ze aipatzen dugun hau eredu nazionalista da— herri bat-hizkuntza bat-subjektu bat eskemari jarraitzen dio. Eredu horrek ez dio euskarari laguntzen, euskararen arazoak estaltzen ditu. Esan dezakegu eredu hegeliarra dela. Zergatik? Beti narratiba bera duelako: subjektua sortzen da, kontraesan batzuen bidez hazten da, eta beti amaitzen du bere buruaren osotasuna nolabait erdietsiz. Zein da horren arazoa? Euskara ez dela inoiz hizkuntza nazionala izan, baizik eta klase sozial batena, eta hain zuzen klase sozial horren kontra erabili den hizkuntza. Gaurdainoko euskal literaturaren historia guztiek falazia hegeliarrari segitzen diote. Euskara historikoki hizkuntza subordinatua izan da, eta hori era nazionalista batean aurkezteak duen arazoa da euskarak azaldu beharko lukeen borroka historiko, sozial eta kulturala estaltzen duela. Euskara diogunean, klase subalternoaz ari gara, nekazariak eta arrantzaleak. Klase hauek sufritu duten historia estaltzen ari gara. Eta gaur egun oraindik zapalketa horrek segitzen du, egungo euskaldunak ekonomikoki subalternoak ez badira ere. Euskal literatura ez da 500 urte eta gero normalizazio maila batera iritsi.

Eta euskal literatura euskaraz egiten den hori ez bada, zer da?

Euskal literaturarena gutxienez bi literaturen historia da, eta, beraz, diglosia baten eta zapalkuntza baten historia, non eliteko klaseek gaztelera eta frantsesa erabili duten beren interesak zilegiztatzeko. Euskara ahozko hizkuntza izan da, subalternoa. Eredu nazionalistak ahozko literatura liburuen sarreran edo bukaeran jarri izan du beti, eta horrela euskal literatura egiazki izan dena, euskaraz kantatua eta perfomatua izan dena, erabat estali egiten du, eta deshistorizatu. Euskarazko ahozko literatura beti dago gazteleraz eta frantsesez idatzi denarekin talkan, bi literatur horien talkatik sortu delako euskal literaturaren historia. Euskal literaturaren historia gatazka baten historia da; ez da harmonia baten eta subjektu bakar hegemoniko baten hazkuntzaren historia, zapalketa batena baizik.

Zure hitzak dira: «Etxepare ez da ezarri behar euskal literaturaren hasiera bezala».

Ni XI-XII. mendeetan hasten naiz. Pentsa, Erdi Aroko bi idazle judu garrantzitsuenak Tuterako Benjamin eta Yehudad Ben Halevi dira. Batek sionismoaren oinarria sortzen du, eta hori izugarri interesatu beharko litzaiguke, nola judu euskaldun batek sionismoari hasiera ematen dion. Bestea, Tuterako Benjamin, lehenengoa da Europan Txina hitza aipatzen.Horrek Euskal Herriari buruzko beste ikuspegi bat ematen digu, eta gaur egun globalizazioak Euskal Herrian sortzen duen etorkin egoerari ere birbegiratzeko beste aukera bat ematen digu. Eredu postnazionalaren abantaila da horren arabera etorkinena ez dela ezer berria; euskaldunok arraza eta etnia askotakoak izan gara hasieratik, eta erlazio oso konplexua izan dugu, beti. Eta hori eredu nazionalistak ahaztu egiten du.

Diozunez, orain arte aztertu gabeko elementuak aztertu dituzu.

[Liburuan] Nafar asko sartzen dira gazteleraz idatzi dutenak, nabarrismoaren hasieran daudenak, eta, beraz, hau gabe ez dago Nafarroa ulertzerik. Imajina dezakezu nabarrismoa kontuan hartzen ez duen Nafarroako literaturaren historiarik? Horrek ez du zentzurik. Orain arteko euskal literaturaren historiak UPN kanpoan utzi du, baina UPN kanpoan uzten duzunetik gatazka bera uzten duzu kanpoan. Nik egin dudana da UPN historiara sartu, eta hor sortu den gatazka historizatu.

Turismoa ere aztertu duzu.

XIX. mendetik aurrera, Europan modernitatea hedatu ahala, Europak behar du bere sorrera aurre-modernoa, eta Euskal Herrian aurkitzen du. XIX. mendean euskaldunak oso gatazkatsuak dira. Gerra karlisten ondoren, burgesia espainiar eta frantsesak —neurri batean, galera kolonialen ondorioz— indigena zintzo, bezatu eta domestikatu batzuk topatzen dituzte beren etxe edo estatu barnean, eta, hain zuzen, beraien erakargarritasuna da oso gatazkatsuak izan direla eta orain dominatuak daudela. Ideologia horren inguruan sortzen da turismo isabelino eta frantsesa, Euskal Herrian zentratzen dena neurri batean. Euskaldunek gerra galdu eta gatazkatsu izateari uzten diotenean, baina oraindik bere exotismoa galdu ez dutenean, burgesia espainiar eta frantsesaren objektu exotiko faborito bihurtzen dira. Ikusten al duzu horrek gaur egungo egoerarekin duen parekidetasuna? Euskaldunok, gatazkatsu izateari uzten diogunean, exotizismo turistikoan amaitzen dugu. Pentsa gaur egun Europako hiria Donostia dela...Historia errepikatzeko arriskua dugu.

Literatura subalternitate egoeraren isla edo eragile da?

Literaturak zer esan nahi du? Idazleak? Literatura instituzioak?

Literatur sistema, esan dezagun, halakorik bada, bederen.

Euskal literatura sistema bezala ulertzen duten idazleek, eta euskal literaturaren sistematizaziora lagundu dutenek, eta horien artean nabarmenena Atxaga da, zapalketa horri eta Euskal Herriaren exotizazioari lagundu diote.

Horrek esan nahi du badaudela beste idazle batzuk ere.

Badaude. Hain zuzen, beste idazle batzuek beste jarrera batzuk hartu dituzte, eta euskal literaturak bizirik badirau, bere subalternitatean, beste idazle hauei esker da.

Literaturak iraul dezake zapalkuntza egoera?

Euskara eremu bat da, eta eremu horretan borroka hori gertatzen da. Literatura izan daiteke eremu garrantzitsu bat borroka horretan? Erabat. Alegia, literaturak ez du errealitatea islatzen, errealitatea sortu egiten du, eta borroka horretan parte hartzen du. Azken bost urteetan euskal literaturan gertatu den bilakaera garrantzitsuenetako bat jaso dut liburuan:orain arte garrantzirik izan ez duen diskurtso mota bat saiogintza da. Saiogintzari Joxe Azurmendik eutsi dio urte askoan berak bakarrik. Gaur egungo euskal literaturaren diskurtsorik garrantzitsuena saiogintza politikoa da. 2000ko hamarkadako niaren fikzioa-k indarra galdu ahala, hamarkada nartzisista horrek bere amaia ezagutu ahala, literatura politizatu da. ETAren su-etenaren ondoko egoerari erantzuten dio; hor hasten da mende berri eta postnazionala. Lehen aldiz uste dut euskaraz idazten den diskurtso politikoak beste hizkuntza idatzietan ez duen garrantzia duela. Gaur egungo diskurtso politikoaren garrantzia euskaraz idatzi eta eztabaidatzen da. Gure subordinazioaren amaieraren lehenengo zantzua da hori, eta erabat berria da. Egun Imanol Galfarsorok edo Jule Goikoetxeak idazten dutenak ez du parekorik gazteleraz Euskal Herrian.

Asmoa omen duzu hurrengo urteetan liburua luzatzeko.

Bai, adibidez, Maialen Lujanbio jartzen dut XXI. mendearen beste paradigma bat bezala. Bertsolaritzak beti izan du historia guztietan sarrerako edo amaierako leku ghettotizatua, eta nik uste dut euskal literaturaren beste genero edo diskurtso garrantzitsua dela. Literatur idatziak ez bezala bertsolaritzak jakin izan du mundu globalean leku bat topatzen, eremu bat sortzen eta eremu horretan irakurlea —edo entzulea— barneratzen, eta, beraz, literatura gizarte praktika oso konplexu eta oso arrakastatsu bat bihurtzen, idatzizkoa baino askoz gehiago. Beraz, uste dut, eta hau probokazio moduan diot, euskal literaturaren eredua bertsolaritza izan beharko litzatekeela. Lujanbiok hori gorpuztu eta haragitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.