Hip-hopa eta trapa, trostan

Kase.O eta C. Tangana espainiarren doinu urbanoek inoiz baino gazte gehiago —6.500— erakarri dituzte hipodromora Donostiako Festibaleko lehenengo egunean.

Niño de Elche musikaria, herenegun, Donostia Festibalean eman zuen kontzertuan. GORKA RUBIO / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Azalberritan aurkeztu zen iaz Donostiako Kutxa Kultur jaialdia, Igeldoko jolas parke idilikoa utzi, eta hipodromo ustez bukolikoa aukeratuta. Apustu kamutsa izan zen, baina, eguraldi euritsuak eta salmenta urriak erabat baldintzatua. Ondorioz, aurten, azal berria ez ezik, hezurra eta mamia ere aldatu du jaialdiak. Hasteko, izen eta antolatzaile berriarekin: Donostia Festibala da orain, eta Last Tour Internationalek —Azkena Rock, BBK Live eta BIME jaialdien enpresa— hartu du Ginmusicaren lekukoa. Baina mamian dago aldaketa nagusia: musikan. Estilo urbanoaren aldeko apustu garbia egin du jaialdiak, eta ostiralean hip-hop eta trap doinuak izan ziren nagusi.

Norabide aldaketak eragina izan du hezurduran. Orain arte ohikoa izan da 40 urtetik gorako zaleak jaialdian ikustea: Jesus & Mary Chain, Dinosaur Jr. edo Yo La Tengo bezalako kartel buruek erakarrita. Aurten, baina, nabarmen gaztetu da batez besteko adina. Inoiz baino sarrera gehiago saldu dituzte antolatzaileek, gainera, eta horrek erakus dezake hurrengo urteetan jaialdiak hartuko duen norantza.

Nolanahi ere, ostiraleko lehenengo kontzertuek aurreko urteetako eskaintza gogorarazi zuten. Gitarra doinuak nagusitu ziren lehen emanaldietan. Albert Cavalierrek eta The Young Waitek zale gutxi bildu zituzten; asko kosta zitzaion jendeari kontzertuen eremuan sartzea. Lagun gehiago bildu zituen Cala Vento bikoteak. Haien abestiak entzuten hasi, eta berehala dator burura Nueva Vulcano. Artur Estradaren taldeak bezala, naturaltasun osoz gehitzen dizkiete pop melodiak post-hardcore doinuei. Une zaratatsuagoei muzinik egin gabe, melodia dute iparrorratza. Bikotea izanik —gitarra eta bateria—, hori bai, diskoan baino gordinago aritu ziren. Haien izena musika aldizkarietan lehen aldiz agertu zenetik, geroz eta izen handiagoa lortzen ari dira; eta, ziur, zale berriak poltsikoratuko zituzten ostiralean.

Horraino gitarra doinuen nagusitasuna. Joera hori apurtu zuen El Niño de Elchek. Izan ere, apurtu da haren kontzertua azaltzeko hitzik egokiena. Flamenkoaren ortodoxia pikutara bidali zuen Herrialde Katalenetako kantariak. Alkandora eta jaka sinean, eta gitarra eta piano jotzaile banaren laguntzarekin, farruka, tango eta runba doinuak eskaini zituen hasieran. «Musika erabat aproposa jaialdi baterako», esan zuen berak, ironiaz. Halako batean, baina, alkandora eta jaka erantzi, Loca del coño (Alutik pitzatuta) jartzen zuen kamisetarekin oholtzaratu, eta errotik aldatu zuen estiloa. Oinarri elektroniko baten gainean abesten hasi zen. Orroka, mikrofonoa ahoan, kakofoniko... Nahi zuen guztia egin zuen, punk talde askok baino basatiago. Jokoz kanpo utzi zituen asko, baina gainontzekoek txalo zaparrada ozenarekin agurtu zuten.

Belaunaldi talka

Bi kartelburu zituen ostiraleko afixak: Kase.O eta C. Tangana. Bi izar, bi belaunaldi, musika ulertzeko bi era. Ezinbestekoa zen bien arteko talka. Irabazlea? Aurreiritziak utzi, eta batarekin eta bestearekin disfrutatzeko gai dena.

Kase.O-rena izan zen ostiraleko lehen kontzertu benetan jendetsua. R de Rumbaren —dj lanetan— eta Momoren —bigarren ahotsa— laguntzarekin, hip-hop klasikoa jorratu zuen. Lehen abestiaren lehen estrofekin utzi zuen argi bere iritzia: «Gaur egungo musika historiako okerrena da / Erraza da niretzat zabor artean nabarmentzea». Errima zainduak, scratch-ak, parekidetasunaren eta errespetuaren aldeko mezuak... Abestien joan-etorriarekin, mende hasierara egin zuen jauzi batek baino gehiagok, nostalgia lagun. Izan bakarkako ibilbideko abestiekin zein Violadores del Versoko garaikoekin, letrak bikain ezagutzen zituzten askok. Musika eta errimak izan ziren emanaldiaren oinarria.

Espainiako rap musika underground-etik ateratzen lagundu zuten Kase.O-k eta beste hainbat sortzailek. Orain, ordea, trapak hartu du proposamen haren lekukoa. Aita hil, arauak ia errotik aldatu, eta bide berritik mainstream-era egin du jauzi: irrati-formulara. Trapa monarkikoa balitz, C. Tanganak eramango luke Espainiako koroa. Hark mugitzen du zale gehien. Kase.O-k belaunaldi berriari ziri egin zion bezala, C. Tanganak ere eztenkadaz erantzun zien aurreko belaunaldikoei: «Guk hil ditugu;goian beude!». Beste batzuetan baino ikuskizun soilagoa egin zuen madrildarrak: Ídolo jartzen zuen kartel koloretsu bat, ke kanoiak, eta, noizbehinka, emakumezko barra dantzari bi, amaierako konfeti festaz gain. Oholtza baten alde batetik bestera mugitu zen une oro, aldez aurretik grabatuta zituen oinarrien gainean abestuz. Ezkutatu gabeko playback-a lotsagabea izan zen; baina, egiari zor, lehen ilarak bete zituzten gaztetxoei ez zien axola. Musika ez da lehentasuna, ikuskizunaz gozatzeko tresna baizik. Eta, bai, ezin da zalantzan jarri C. Tanganaren abesti gehienak hit hutsak direla, pilula gozagarriak.

Bien artean jo zuen Nathy Peluso argentinarrak. Estilo ugari jorratu zituen oholtza gainean: soul, jazz, saltsa... eta haien gainean askatu zituen bere errimak, kantatzeko duen modu silabiko eta erritmiko bitxian. Rapak eta trapak erregeak baditu, emakumeek ere badute zer eta nola esan. Ozen eta argi. Ortodoxiarik ez, gora heterodoxia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.