Gaitzari aurre egin dion uzta

Getariako Txakolina jatorri izenarekin 3,1 milioi botila ekoitzi dituzte aurten, iaz baino %10 gutxiago. Ostegunean, San Anton egunean aurkeztu zuten uzta berria, «kalitatezko mahatsarekin» egina.

Irrika biziz dastatu zuten txakolin berria, ostegunean, Getariako Txakolin Eguneko iazko uztaren aurkezpena amaitzean. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Getaria
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Urte berriarekin, hasi da inaugurazio eta irekiera garaia. Sagardoaren txotx irekieraren biharamunean, Getariak (Gipuzkoa) bere produktu erreginaren uzta berria aurkeztu zuen: txakolinarena. Mahats biltzaileei ere ez die mesederik egin eguraldiak, eta ezin esan 2018a urte ona izan denik haientzat. Getariako Txakolina jatorri izenak 3,1 milioi botila merkaturatuko ditu aurten, iaz baino %10 gutxiago.

Ostegunean, San Anton egunean, Txakolin Eguna ospatu zuten Getarian, eta orduan ireki zituzten aurrenekoz uzta berriko txakolin botilak, aurkezpenetik bezainbeste ospakizunetik zeukan ekitaldi jendetsuan. Txalapartarien bi emanaldiren artean egin zuten aurkezpena. «Zer garen eta nora goazen aldarrikatzeko» baliatu zuen unea aurkezleak, txakolinak herria «munduaren erakusleihoan» jartzeko balio baitu.

Denera, 3.475.000 kilo mahats bildu dituzte txakolina ekoizteko. Eguraldiak eragindako kalte guztiak gainditzen jakin dute mahats biltzaileek, Emilio Ostolaza jatorri izeneko presidenteak esan zuenez. Euritan igaro zen joan den udaberria, eta gelditu ere ez zen egin ia ekaina bukatu arte. Horrek zaildu egin zuen loreak osatzea. Udako behe lainoak eta hezetasunak gaitzak eragin zituzten mahastietan, eta «ahalegin handia» egin behar izan zuten haiek kontrolatzeko. Abuztuan eta irailean egindako giro lehorrari esker lortu zen «kalitatezko mahatsa lasai jasotzea».

Hori horrela, «gorputz handiko» txakolina ekoitzi dela esan zuen Ostolazak. «Fruta gustukoa» ere bada, eta, iazko ekoizpenarekin alderatuta, ordukoak baino alkohol graduazio altuagoa du: gradu erdi bat gehiago, gutxi gorabehera.

Ekoizpenean beherakada izan den arren, salmentek gora egiten dute: %2,5 handitu dira 2018an. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan saldu dute %80; Gipuzkoan, batez ere. %10 Bartzelonara eta Madrilera esportatzen dute, eta gainontzeko %10a, AEBetara (%65), herrialde nordikoetara (%15), Frantziara (%10), Erresuma Batura (%5) eta Japoniara (%5).

Getariako Txakolin zuria da inguruan ezagunena, baina gorria ere ekoizten dute. Txakolinaren ekoizpen osoaren %10 izan da azken urtean, esportatu egiten baitute gehiena; AEBetara eta Erresuma Batura, batez ere.

Duela 30 urte abiatu zuten Getariako Txakolina jatorri izena, eta 33 upategiren izenak ageri dira 2018ko uztan. Getarian daude gehienak (12), eta atzetik daude Zarautz (7) eta Aia (3). Upategi bakarra duten hainbat herri daude Gipuzkoan: Alkiza, Arrasate, Beizama, Deba, Hondarribia, Mutriku, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Orio eta Villabona.

Uzta berria aurkeztearekin batera, Mahasti Jauna ere izendatu zuten ostegunean. Jakitea elkarteari eman zioten oroigarria, «sukaldaritza tradizionalaren eta tokiko produktuaren alde» egindako lanagatik. Bi hitzetan laburtu zuten Jakiteak bultzatzen duen filosofia: «Hemengoa eta betikoa». 2009an sortu zen elkartea, Aratz erretegiaren bueltan, han bildu baitziren Xabier Zabaleta jatetxeko jabea eta hainbat kritikari gastronomiko: Edorta Agirre, Josema Azpeitia, Mikel Corcuera eta Peio Garcia Amiano. Egun, 29 kidek osatzen dute elkartea.

Mahasti Jaunak eta Getariako Txakolina ekoizten duten upategietako kideek egin zuten lehendabiziko topa txakolin berriarekin, eta Getariako frontoian eta plazan elkartutako herritar andanak jarraitu zieten atzetik. 1.500 botila eraman zituzten dastatzeko.

Jatorri izena duten 23 upategik hartu zuten parte Txakolin Eguneko irekiera ekitaldian: Agerre, Aizpurua, Akarregi-Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa-lore, Elkano, Etxetxo, Flysch, Gaintza, Gañeta, Hiruzta, Inazio Urruzola, Katxiña, Mokoroa, Rezabal, Roke Eizagirre, Sagarmiña, Talai-berri, Txomin Etxaniz, Ulazia, Urki eta Zudugarai upategietako ordezkariak igo ziren agertokira.

Ondo errotutako mahastiak

Tradizioaz hitz egin zuten osteguneko ekitaldian, baina sarri ez da erraza izaten tradizioen tamainaz jabetzea. Mahastiena zeharo errotuta egon da aspaldian lurraldean. 1397. urtean, Getarian bertan egin zen Gipuzkoako Ermandadearen Batzar Orokorra, eta han onartu ziren Gipuzkoako lehendabiziko ordenantzak. Horietako 18. puntuan zehaztu zuten heriotza zigorra izango zuela mahastiak suntsitzen zituenak.

Ordutik, mahastiek bizirik iraun dute, mendez mende izandako traben gainetik. Protekzionismoak babestu zituen hasieran, krisiak gogor jo zituen ondoren, eta arnasestuka iritsi ziren XX. mendearen amaierara, Getariako Txakolina jatorri izena sortu zuten garaira. 1980ko hamarkadan, 21 hektarea mahasti baino ez zeuden: hiru Zarautzen, eta gainerakoak Getarian. Sektorea berritzeko elkartu ziren, eta urtez urte lortu dute izena sendotzea. Giro onean egin zuten 30. urteurreneko irekiera, eta hazkundearen bidetik jarraitzea dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.