Musika

Konplexutasuna erraietan

Daniel Rossen musikari estatubatuarrak bere lehen lan luzea argitaratu du, EP batekin bakarka estreinatu eta hamar urtera: 'You Belong There', folketik eta popetik edaten duen bilduma dotore eta konplexua.

Grizzly Bear taldean aritu da orain gutxira arte Daniel Rossen. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
You Belong There bere lehen disko luzea bada ere, Daniel Rossen (Los Angeles, AEB, 1982) ez da ezezagun bat musika independentearen arakatzaileentzat. Ed Drostek 2000. urtean sortutako Grizzly Bear taldera batu zen 2005ean Rossen, eta haiekin grabatu ditu folk-rocketik nahiz pop psikodelikotik edaten duten hainbat disko, horien artean, Veckatimest (2009) aupatua. Grizzly Bear taldeak ez du agurrik esan, baina, orain bost urte, Painted Ruins diskoa kaleratu ostean, Drostek musika uzteko erabakia hartu zuen, eta ez dirudi taldea berriro itzuliko denik.

Horiek horrela, eta Silent Hour EPa (2012) kaleratu eta hamarkada batera, lehen lan luzea argitaratu du orain Rossenek, alde batetik, Grizzly Bear-en proposamen barrokotik alde egin, eta, bestetik, talde haren konplexutasuna bere erraietan gordetzen duen diskoa. Izan ere, Grizzly Bear-en musikari zerion kutsu akustikoan sakonduta, folk dotore, sofistikatu eta harmonikoki oparoa biltzen duen lana ondu du Rossenek.

Gitarra klasikoa nabarmentzen da You Belong There-ko hamar kantuetan, baina beste hamaika tresna ere agertzen dira kantuen bihotzean (txeloak, perkusioak, klarinetea...), eta guztien artean hutsune guztiak betetzen dituen sare bat eraiki du Rossenek. «Nire lehenengo asmoa zen Los Angelesen grabatzea musikari ugarirekin. 2020ko apirilean grabatzea zen aurreikuspena. Gero, jakina, ezinezkoa izan zen». Hori, ordea, ez zen izan oztopo gaindiezina beretzat, eta, azkenean, Rossen bera arduratu da musika tresna ia guztiez diskoa grabatzeko orduan.

You Belong There-n suma daitezke erreferentzia batzuk —Brian Wilson, Radiohead, 1970eko rock progresibo pausatuena—, baina ez dute balio diskoa definitzeko, ezta Rossenek elkarrizketaren batean aipatutakoek ere: «Batzuetan pentsatu dut Brasilgo musikaren, Chico Buarqueren edo Baden Powellen, eta Xoxtakovitxen harmonia errusiarren artean kokatzen dela diskoa».

Nolanahi ere, atmosfera bereziko diskoa ondu du Rossenek, folkari eta popari atxikita egonda ere, haien eskemak gainditzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.