Arturo Colorado. Historia katedraduna

«Itxaropenari ate bat irekitzen dio De la Sotaren koadroen itzultzeak»

Espainiako Gobernuak frankismoak lapurtutako bi koadro itzuli dizkio De la Sota sendiari, eta, Coloradoren ustez, keinu horrekin «erabat» aldatu du orain arte gisa horretako ondarearekin izandako jarrera.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Historia du ikergai Arturo Colorado Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko historia katedradun eta irakasle emerituak (Huelva, Espainia, 1950), sakon ikertu du 1936ko gerrako eta haren osteko kultur ondarearen arpilatzea, eta, besteak beste, Arte, botín de guerra. Expolio y diáspora en la posguerra franquista liburuaren egilea ere bada (Artea, gerrako harrapakina. Espolioa eta diaspora gerraondo frankistan). Eta, beraz, «historiko» hitza ez da debaldekoa haren ahotan, baina, hain justu, hitz horixe erabili du.

1937an frankistek Ramon de la Sota Llanos ontzigileari konfiskatutako bi artelan itzuli berri dizkio Espainiako Gobernuak haren familiari, 85 urteren ondoren, eta oinordekoek Bilboko Arte Ederren Museoan utzi dituzte. Ostiralean egin zuten aurkezpena, eta jende artean izan zen Colorado, ordezkari politikoek haren izena bitan aipatuta ere. Pozik. uste duelako litekeena dela bi koadro horiek norabide aldaketa bat iragartzea gisa horretako ondarearen gaiari erantzuteko Madrilek orain arte izandako jarreran.

Zer garrantzi du familiak bi artelan horiek bueltan jasotzeak?

Oso garrantzitsua da, aurrekari esanguratsu bat ezartzen diolako jadanik zaharra den eskari bati. Errepublikano askok sufritu zuten frankismoaren espolioa, eta honek ate bat ireki diezaioke zor zahar-zahar bati.

Ate hori itxita egon baita orain arte, ezta?

Erabat itxita. Oraingoan, [Espainiako Gobernuko] Industria Ministerioak onartu egin du itzulera hori, eta justiziazko ekintza eztabaidaezina dela esango nuke.

Litekeena da norabide aldaketa bat ere iragartzea?

Jarrera eta norabide aldaketa erabatekoa da hau, eta horrek aukerak zabaltzen dizkie bateko eta besteko aldarrikapenei.

Ondare asko dago oraindik berreskuratzeko?

Piloa.

Kalkulatzerik badago?

Baditut guk orain arte ikertutakoaren araberako datu batzuk. Errepublikak bildu eta frankistek kudeatutako 17.000 artelaneko multzoa aztertu dugu guk, eta gure ikerketa taldeak beren jatorrizko jabeak ez zirenen eskuetan lokalizatu ditu haietako 8.000. Eta, beraz, oraindik aldarrikapen, bilaketa eta lokalizazio lan handia geratzen zaigu egiteko, eta, noski, baita lanak bueltatzekoa ere, horretarako aukera dagoenean.

Artelanak topatutakoan ere, oraindik dokumentu, argazki eta erreferentzia pilo bat beharko da artelanak beren jabeenak direla frogatzeko.

Hori da. Baina badaude aurrekari garrantzitsuak ere. Badira lan hori egina duten hainbat herrialde Europan; Frantzia, esaterako. Artelanak bilatzeaz harago, artelan horien benetako jabeak bilatzen ere saiatu dira han. Koadro hauen jabeen bila izenburuarekin egindako hainbat erakusketa egin dituzte, kasurako. Artelan horiek erakusten zituzten, eta haien jabeen bila heltzeko baliatzen zuten lan hori.

Ekinbide horiek gobernuak bultzatu ditu?

Noski. Naziek indarrez ebatsitako lanak bilatzeko egin dute lan hori. Parisko Louvre museoan gai horri buruzko kongresu bat egin zuten iazko uztailean, eta nik neuk ere hitzaldi bat emateko aukera izan nuen. Asmoa zen aztertzea nola itzuli artelan horiek benetako eta zilegizko oinordekoei.

Eta Espainiako Gobernuak orain arte ez du ekimenik hartu?

Ez. Horregatik irudikatzen du etorkizun esperantzazkoago bat bi koadro hauen itzultzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.