Donostiako 66. Zinemaldia. Zinemira

Egur zaharrei zutik eusteko borroka

Azken bost mendeetan bere familiarena izan den baserria bota behar zutela jakinarazi zioten Agus Barandiaran musikariari. Gertakari horretan oinarrituta, 'Basque Selfie' filma egin dute, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu dute, Zinemira sailean.

Agus Barandiaran protagonista, Basque Selfie filmeko fotograma batean. BERRIA.
Andoni Imaz.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Kepa Baraiazarra trikiti zahar bat konpontzen ari zaio Agus Barandiarani. Hala, Euskal Herriko tradizioaren pieza garrantzitsuak berriro elkartzen ari da, berriz zutik jartzeko. Beste garai batekoa den eta dagoeneko erabilerarik ez duen elementu bat egokitzen, birmoldatzen. Rufino Arrolaz ari dira hizketan. Barandiaranen maisua izan zen Arrola: hark irakatsi zion musika tresna jotzen, taberna batean, eta, batez ere, hark irakatsi zion «geurea mantentzen». Sekuentzia horrek borobiltzen du ostiralean Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztutako Basque Selfie filmaren esentzia. Tradizioaz ari da, euskal kulturan horrek duen pisuaz, eta, horretarako, etxea, sua du erdigunean.

«Gertakari errealetan oinarritutako filma» da Basque Selfie, Barandiaran protagonistaren hitzetan. Korrontzi taldeko trikitilaria da bera, eta bere bizipenetatik tiraka ondu du filma, Joaquin Calderon zuzendariarekin batera. Korrontzirekin jotzen zebilen batetik bestera, Euskal Herrian zein atzerrian, tradizioa, musika, dantza eta hizkuntza bera zabaltzen. «Halako batean, nire identitatea ematen zidan eta nik dena ikasi nuen lekua bota egin behar zutela esan zidaten». Bere familia Astintze baserrian bizi izan zen 1540tik aurrera, eta bere zein bere arbasoen etxe zena eraitsi nahi zuten, errepide berria egiteko. «Gu euskal nortasuna zabaldu nahian mundu osoan, eta, bitartean, akaso nortasuna ematen digun elementurik garrantzitsuena bota nahi».

Gertakariak berehala harrapatu zuen Joaquin Calderon aktore eta zinemagilea, eta istorioa kontatzeko gogoa piztu zitzaion. 2015. urtean jarri zuten proiektua martxan, eta, hasieran Barandiarani pasatutakoa dokumental batean jaso nahi zuten arren, filma asko aldatu da ordutik hona. Azkenean, erabaki zuten erakargarriagoa zela fikziozko film baten moduan aurkeztea, lehenengo pertsonan kontatutako bizipenekin. Espero gabeko film bat osatu dute, dokudrama hibrido bat. Aktore profesionalak izan dituzte lantaldean, eta Barandiaranek bere buruaren rola jokatu du.

Harentzat «ez da erraza izan» kamera aurrean jartzea. Musikaria da, eta ohituta dago jendaurrean zein kamera aurrean egotera, baina film bat egitea «erronka handia» izan da. Zortea izan duela dio, «oso aktore onekin» aritu delako lanean, eta profesionalak «horren ziur» ikusteak lagundu dio. Gainera, nahiz eta antzeztu beharra izan, bere buruaren rola dauka, eta hori ere abantaila izan da berarentzat. Harekin batera, aktore lanetan aritu dira, besteak beste, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Aizpea Goenaga eta Aitor Merino.

Bi istorio elkartzen ditu filmak, beren etxea uztera behartuta dauden bi pertsonaiarekin. Nork bere esperientziatik, badoaz nortasuna ematen dieten etxetik. Barandiaran bera da bat, familiako baserriaren eraiste aginduarekin, eta Aizpuruk gorpuztutako alzheimerrak jotako emakumea bestea, zahar etxe batera sartzen dutena. Horretarako, fikziozko pertsonaia bat sortu zuten, Ituñok antzeztutako Ane, biak lotu eta eta bi ikuspuntuen artean enpatia sortzeko.

Musikak, Korrontzi taldearekin egiten duen moduan, memoria pizteko balio du filmean, tradizioaren balioa defendatzeko. Barandiaranek dio proiektua hasi zenean nabarmenagoa zela salaketaren mezua. Bakarrik sentitzen zen: «Nire arbasoek defendatu zutena defendatu nahi nuen, baina inork ez zidan laguntzen». Azkenean, leundu egin zuten salaketaren tonua, baina kritika antzeman daiteke oraindik. «Agintariak, politikariak gure kultura babesten eta diruz laguntzen ari dira, eta, aldi berean, ez dituzte mantentzen etxean ditugun halako altxorrak».

Oso istorio pertsonala da, halere, eta zaila izan da salaketa egiteko moduak neurtzea. Honela ikusten du musikariak: «Orain, nire istorioa kontatzen ari gara, baina zuzendariak beste film bat egingo du, eta beste istorio bat kontatuko du. Nire bizitza da, ordea, eta ni agerian geratzen naiz denen aurrean». Bizipen pertsonaletik abiatuta kontzientzia kolektiboa piztea du asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.