Albistea entzun

Joseba Gabilondo. Michigango Unibertsitateko irakaslea

«'El hoyo' filma alegoria bat da: denok gaude Netflixen preso»

«Alde guztietatik kraskatuta dagoen kartzela» bilakatu da estatu neoliberala, Gabilondoren arabera. Ikus-entzunezkoen monopolioak Ipar Amerikakoa izaten jarraitzen duela uste du.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko maiatzak 10

Joseba Gabilondo (Urretxu, Gipuzkoa, 1963) filologoa eta idazlea da, eta Ikasketa Penintsularrak irakasten ditu Ameriketako Estatu Batuetan.

Zure blogean aipatu duzu netflizazioa izeneko fenomenoa gertatzen ari dela, eta tartean dela Galder Gaztelu-Urrutia zinemagilearen El hoyo filma. Zer ari da gertatzen?

Nihil novum sub sole. XIX. mendeko Europako irakurgai arrakastatsuenak, folletoiak, Londrestik eta Paristik kontrolatzen ziren. Espainian gehien irakurtzen zen literatura nazionala ez zen gazteleraz idazten; frantsesetik itzultzen zen, gehienbat. Hollywoodek ere mendebaldeko pantailak eta gure ikus-entzunezko imajinazioa kontrolatu ditu ia 100 urtean; hor nonbait, pantailen eta telebistaren %75-85 kontrolatzen zuen. Eredu horren digitalizazioa, pribatizazioa eta indibidualizazioa «menutik nahi duzuna ikusi momentuan bertan» bihurtu da, Youtuberekin batera. Eredu berri horrek eskatzen duen eskaera hain da handia, non «atzerriko produktuak» ere azaldu behar dituzten, azpidatziz hornituta. Txinaren Tik-Tok noraino ailegatzen den ikusi beharko dugu. Bestela, monopolioa oraindik ere iparramerikarra da guztiz.

Zure tesia da zuloa ezin dela herritarron zeruertz politiko eta historikoa izan, ezta?

Bai. Horregatik, El hoyo garai baten, ideologia eta diskurtso baten amaierako zeinua da. Koronabirusarekin ikusi duguna da, hain zuzen, ez dagoela zulorik, baizik eta alde guztietatik zartatuta eta kraskatuta dagoen kartzela edo gaztelu zaharkitu bat: estatu neoliberala. Egun, El hoyo filma Netflix plataformaren alegoria bat da: denok gaude 333 ziega horietan, El hoyo filmaren 333 zeldei begira, etxetik ezin irtenda, Netflix plataformaren preso.

Netflixen beste produktu arrakastatsu bat La casa de papel da. Kasu horretan, lapurrak banku batean daude harrapatuta. Zein dira kasu horretan arrakastaren gakoak?

Maialen Akizuk gogoeta luze bat egina du. Arrakasta «exotismo populistan» dago, nire iritziz. Alegia, ingelesezko izenburua Money Heist da. Hots, the heist (lapurreta azkarra eta ezustekozkoa) ondo errotutako zinema genero bat da. Eta, alde horretatik, Espainiako telesail batek ez luke erakargarritasun apartekorik. Baina generoaren konbentzio amerikarretako bat hausten du: estatua da biktima, gobernua, eta, beraz, eskandalu nazional eta global bihurtzen da. Hori, beste nonbait gertatzen den bitartean (Spain is different), oso exotikoa eta erakargarria bihurtzen da, jendea era populista batean erakartzen baitu, generoaren konbentzio orokorrak eten gabe.

Luis Bello kazetariaren arabera, Netflix langile gutxiko eta aurrekontu txikiko ekoizpenak ari da bultzatzen, ondorengo proiektuetan kostuak txikiagotzeko. Pentsatu duzu horretan?

Bai, Netflix ez da erakunde kultural bat; haren helburu nagusia dirua eta etekina lortzea du. Beraz, betiko teknika kapitalistak aplikatu ditu. Ekoizleek aitortu dute Netflixetik ez dutela sosik jasoko.

Netflixetik aparte, Amazon da koronabirusaren krisian etekin ekonomiko handiak lortzen ari den beste enpresa bat. Esan izan dute haien zerbitzuko telesail bakoitza ikusten denean zapata gehiago saltzeko aukera dutela. Eta alderantziz. Zer irizten diozu Amazonek egun lortu duen hegemoniari?

Amazonek behar dugun logika bati erantzun dio (egokitasuna, komenentzia). Eta zentzurik intelektualenean inposatu du Jeff Bezosek, inork sinesten ez zuenean. Urteetan inbertitzaileen presioa jasan zuen etekinak emateko, baina eutsi egin zion etekinik gabe, guztia berriro ere Amazonen hedapenean inbertituz. Argi dagoena da, argindarra edo ura bezala, egungo azpiegitura beharrezko bihurtu dela, eta, horrenbestez, estatuek nazionalizatu egin beharko lukete. Izan ere, estatuka operatzen du. Merkatari txikiek ere bertan doan —gehigarririk ordaindu gabe— saltzeko aukera bihurtu beharko litzateke, egungo hiru-dimentsioko merkatu plaza fisikoen antzera. Ikus-entzunezkoetan, Amazonek berandu eta gaizki erantzun du, eta ez du hegemonia hori lortu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Clara Garcia Astrain eta Javier Plou, ikerketa taldearen laborategian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Tumoreen 'igeltseroak'

Jakes Goikoetxea

CIC Biomaguneko ikerketa talde batek tumoreak hazten ditu hiru dimentsioko aldamioetan, eta haien barne funtzionamendua aztertzen du, nanopartikula plasmonikoen bidez. Tumorea osatzen duten elementuen arteko interakzioak ezagutu nahi dituzte.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Badakigu inoiz ixtera kondenatuta gaudela»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Denda bat baino «zerbait gehiago» da Donostiako Eskulanen Etxea. Jostekoak saltzen dituzte, eta hurbiltasuna josi. Ixteko zorian izan dira, baina aurrera egitea erabaki dute. Asteartean irekiko dute berriz, berrituta.
Amalur Arbelaiz. ©ETB / EZEZAGUNA

Iritsi da 'Baserria'-ren finala

Urtzi Urkizu

Amalur Arbelaiz-Xabi Orbegozo eta Gari Lauzirika-Gontzal Viaga arituko dira lehian, igandean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.