Pop musika irauli zuen diskoa

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.

Michael Jacksonek 24 urte zituen Thriller kaleratu zuenean. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Argitaratu zutenetik 40 urte bete diren honetan, Michael Jacksonen Thriller diskoa haren diskografia gorabeheratsuko lanik inportanteena da oraindik ere, baina ez hori bakarrik: gerora pop komertzialaren eta R&B garaikidearen artean mugitu den musika guztiaren nolabaiteko erreferente bat ere bada. Mugarri bat ezinbestean, are gehiago kontuan izanik historian gehien saldu diren diskoetako bat dela —Eaglesen Their Greatest Hits (19711975), Pink Floyden The Dark Side of The Moon, AC/DCren Back in Black eta The Bodyguard filmaren soinu bandarekin batera—. Orain, urtemuga baliatuta, Sony diskoetxeak argitalpen berezi bat kaleratu du, jatorrizko diskoarekin batera, orain arte argitaratu gabeko hamar kantu, maketak eta bestelako bitxikeriak biltzen dituena.

Thriller kaleratu zuenean, Jacksonek 24 urte besterik ez zituen, eta ordurako izar handi bat zen. 6 urterekin egin zuen debuta anaia zaharragoekin osatutako The Jackson 5 taldeko parte zela, eta artean gaztetxoa zela egin zuen debuta bakarlari gisa Got to Be There (1972) diskoarekin. Off The Wall (1979) lanarekin, baina, urrats bat egin, eta, disco musika, soula, popa eta baladak puzzle heterodoxo batean bilduta, R&B modernoaren izen handienetakoa —handiena ez bada— bilakatu zen 1980ko hamarkadaren hastapenetan.

Orduan iritsi zen Thriller. Quincy Jonesek ekoizpenean egindako ekarpen ezinbestekoarekin, Jacksonek beste pauso bat eman zuen bere ibilbidean. Eklektizismoa ardatz hartuta,funk ia tribala (Wanna Be Startin' Somethin'), soul-pop garaikidea (Baby Be Mine), Paul McCartneyrekin bi ahotsetara ondutako balada goxo bat (The Girl is Mine) eta tempo ertaineko kantu bat (Human Nature) azaltzen ziren Thriller-en.

Eta, horiekin batera, denbora gainditu duten eta gaur egun ere mundu osoko kantu arrakastatsuak diren beste hiru pieza. Beat It-ek funk erritmoak eta gitarra hard-rock-heavyak —Eddie Van Halenek jo zuen— uztartzen ditu, eta diskoko kantu zuzenenetako bat da; Billie Jean, berriz, disco musikari lotuta ageri da, diskoko melodia gogoangarrienetako bat du, eta konponketek are urrutirago eramaten dute kantua. Bitxia bada ere —diskoaren arrakasta eragin zuen kantuetako bat izan baitzen—, hasieran Jonesek ez zuen diskoan sartu nahi, ez ziolako indar nahikoa ikusten. Gero eskertuko zuen Billie Jean Thriller-en izatea.

Eta, jakina, Thriller kantuak berak zerikusi handia izan zuen diskoak arrakasta itzela izan zezan. Funk erritmo batean ardaztuta, kantua aurrera eramaten duen baxu hipermelodiko batekin eta haize konponketa txiki baina erabakigarriekin, Thriller berehala bilakatu zen diskoko ikur nagusia, eta kantuak izan zuen oihartzunean ez zen txikia izan John Landisek egindako bideoklipa ere, bi bertsio izan zituena: bata kantuaren iraupen estandarrera lotua, eta bestea ia hamalau minutuko film laburra.

Thriller 1982ko azaroaren 30ean argitaratu zuten, eta urtebete geroago 32 milioi ale salduak zituen. Gaur egun 70 bat milioi dira.

Hamar kantu berri

Diskoak 40 urte betetzen dituela eta, Sonyk luxuzko argitalpen batean kaleratu du, berriro ere, Thriller. Jatorrizko diskoarekin batera, nahasketa ugari —besteak beste, Kanye West, Akon eta Fergierenak—, maketak eta orain arte inoiz argitaratu gabeko hamar kantu biltzen ditu. Horien artean da Starlight, Thriller kantuaren nolabaiteko zirriborroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.