Literatura

Pertsonaiak, gertaeren menpe

1960ko hamarkadatik orain arte Yemenek bizi izandako aldaketa politiko eta sozialek zipriztintzen dute 'Susloven alaba' Habib Abdulrab Sarori idazle yemendarraren eleberria.

Beste herrialde arabiar askotan bezala, 2011n udaberriko iraultza gertatu zen Yemenen. YAHYA ARHAB / EFE.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Yemen hegoaldeko Aden portu hirian, «jendea barre egiteko bizi eta barretik bizi zen» 1960ko hamarkadan. Hala azaltzen dio Imranek, Habib Abdulrab Saroriren (Aden, Yemen, 1956) Susloven alaba nobelako (2014) protagonistak, Heriotza izeneko pertsonaiari, zeina isilik dagoen kontakizunean zehar. Urte haietan, «itsasontzi eta itsas pertsonen» hiria zen Aden, Saadi Youssef eta Mahmoud Darwish bezalako poeta handiek maitekiro deskribaturiko hiria. «Adengo bizimodua, Herio maitea, sekularra eta modernoa zen... Emakumeek ez zuten jantzi erlijiosorik eramaten. Heziketa bat jasoak zeuden, lan egiten zuten, eta alderdiko goi aginteko karguetan parte hartzen zuten». Imranen hitzetan, Aden «sortzeko bidean zen nazioarteko hiriburua» zen.

Ez da kasualitatea 1960ko hamarkadan Adenen arnas zitekeen aniztasun giroa azaltzeko orduan emakumeek zituzten eskubideak hartzea adibide moduan. Hain zuzen, emakumeekin izandako harremanari heltzen dio Imranek bere bizitzan zein Yemenen jazotakoaren kronika osatzeko orduan; Hego Yemenek independentzia lortu eta jarraian eratu zuten Yemengo Errepublika Demokratiko Popularraren garaitik 2011ko Duintasun Iraultzara arte. Tamalez, gertaera historikoak azaltzean, narratzaileak ematen dituen xehetasun aberatsen ondoan lau xamar gertatzen dira emakumezko pertsonaiak. Azken horiek ideologia jakin batzuen arketipo dira, nortasun propiorik gabeak eta gertaeren menpeko. Funtsean, narratzailearen eta, neurri batean, Yemen beraren gatazka politikoen isla eta biktima dira.

Haurra zela ezagutu zuen Imranek bere lehen maitasuna, Zientzia Marxista-Leninisten Goi-Graduko Eskolako buru zen Susloven alaba, ahaidetasun gorabehera gehienetan Susloven alaba moduan agertzen dena. Haren benetako izena Faten da, arabieraz erakargarri, baina narratzaileak Hawiya, amildegi, izena hobesten du hari buruz ari denean. Imran hazi ahala, Faten desagertu egingo da, ohartarazpenik gabe, eta hark utzitako tokia Doktore anderea izeneko Etiopiako prostitutak hartuko du. Independentzia osteko Adenen duen lanbideaz aparte, ezer gutxi esaten da emakume horri buruz. Denbora gutxira agintea zurrundu egingo da Yemenen sobietar sistemaren egituraketa jarraituta. Nobelako unerik barregarrienetako batean, komite batek arazoak ditu narratzailea langile klasekoa ala burgesia txikiko kidea den erabakitzeko orduan; beraz, azpi-komite bat antolatzen dute aitaren arrain-jatetxe txikia bisitatu eta bertan diren koilarak zenbatzeko. Koilara kopurua kontuan hartuta, burgesa dela erabakiko dute.

Gizarte eraldaketaren alde

Lehenago Fatenekin gertatu bezala, Doktore anderea kontakizunetik desagertuko da 1970eko hamarkada erdialdean, gainerako sexu langile eta homosexualen antzera atxilotua denean. Prostitutak berrezteko helburuarekin, tomatea poteratzen duen lantegi batera bidaliko dituzte, eta suposatzekoa da, beraz, patu bera egokitzen zaiola Doktore andereari. Homosexualekin zer gertatzen den ez da argitzen. Gertaera horren ostean, Imranek Frantziara alde egingo du, «kapitalismoaren ilunabarra» ikusteko esperantzari eutsita.

Frantziako garaiak hirugarren emakume bat dakar Imranen bizitzara, erdi-frantziarra erdi-yemendarra den Najaa. Narratzaileak «DNAn zuzentasuna, zintzotasuna eta debozioa idatzita» dauzkan emakume bezala deskribatzen du bere emazte bihurtuko dena. Harekin, komunista anti-kolonialista izatetik ezkerreko frankofilo izatera igaroko da, edo berak dioen moduan, «matxinadak alde batera» utziko ditu «gizarte eraldaketa sakonaren alde» egiteko. Parisen igaroko dituen urteetan, Imranek ez du jaioterriarekiko harremana galduko, ordea. Udaro bisitatuko du Aden Najaarekin batera, besteak beste Fatenen nondik norakoen berri jasotzeko. Azken horren familia, herrialdea bera bezala, gerra zibil basati eta odoltsu batean bete-betean sartuta dago 1980ko hamarkadaren amaieran. 13.000 hildako inguru eragindako gerrak amaiera emango dio Hego Yemengo esperimentu marxista-leninistari. Komunista izandako asko islamera bihurtuko dira, eta iparraldera joko dute, babes bila. Haien artean dago Faten. Sana'a hirira abiatuko da familiatik urrun, Imranen hitzetan «Yemen aurrerakoitik Yemen atzerakoira».

1994ko bigarren gerra zibilaren ondoren, «Aden hiri umiliatu bihurtu zen, gerrako harrapakin». Parisen egoera politikoa ez da hobea, islamiar taldeek buruturiko erasoak tarteko. Haietako baten biktima da Najaa. Haren galera kolpe ikaragarria da Imranentzat, eta hasiera batean Frantzian jarraitzea erabakitzen duen arren, Yemenera joko du azkenean. Bertan Ama al-Rahman izeneko buruzagi salafista ezagutuko du, emakume boteretsua eta aldi berean otzana. Imranen harridurarako, haurtzaroko Faten da al-Rahman; Suslov komunistaren alaba Al-Hamdani xeke salafistaren erraina da orain.

Milurteko berriaren hasieran bere herrialde maitea bitan banaturik topatuko du Imranek: iparraldea eta hegoaldea, Aden eta Sana'a; sekularra bata, salafista bestea. Ordena berriro aldatuko da 2011n, udaberriko iraultzak lurraldea bateratzeko promesa dakarrenean. Berehala jazarriko dute iraultza, ordea. Behin gehiago, Frantziarako bidea hartuko du narratzaileak, Yemeni bizkarra emanda. Bigarren erbeste aldian garai batean filosofia marxista irakurri zuen irrika berberaz irentsiko ditu Sun Tzuren Gerraren artea. Maitale berri bat ere badu, Yan Lio, Txina bezala «erabateko inteligentzia eta isiltasuna»ordezkatzen duen emakumea. Gaztaroan Errusiara zuzendu zuen bere begirada Imranek erantzun bila, helduaroan Frantziara, eta orain, zahartzaroaren atarian, Txinara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.