'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, Naufragoak saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. EITB.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Abentura reality-a estreinatuko du EITBk asteartean: Naufragoak. ETB1en eta Eitb.eus-en egongo da ikusgai, euskara hutsean. ETB2ko El conquistador del Caribe saio arrakastatsuaren sortzaileek ekoitzi dute saio berria (Hostoil Produkzioak). Karibe itsasoan grabatutako saioa da, eta Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute. Biak «oso gogotsu» daude estreinaldirako.

Abentura saio berri horren protagonistak zazpi bikote eta bikoterik gabe parte hartu duten lau lehiakide dira. Karibean galduta, bizirik irauteko joko eta proba gogorrei aurre egin beharko diete. «Proba fisikoak daude, eta hain fisikoak ez direnak», argitu du Errekondok. Proba batzuetan, «buruari gehiago eman» eta «bikote harreman hori» jokoan jarri beharko dutela azaldu du.

Parte hartzaileei dagokienez, «denetarik» egongo dela adierazi du Vicensek: «Conquis saioko atletak ikustera ohituta gaude, baina hau ez da horrelakoa izango». Azpimarratu du «ohiko» pertsonak joan direla abentura bizitzera, askotan «harritzen» zaituzten pertsonak. «Agian fisikoki ez dira oso gogorrak, baina pertsonalki bai, eta hori erakutsiko dute». Errekondok gehitu du hainbat harreman mota egongo direla: lagunen arteko harremanak, bikote harremanak eta senide arteko harremanak.

Nahiz eta abentura berria El Conquistador del Caribe saioko egileek ekoitzi, izaera propioa eman diote. «Hasieratik bereizten ahalegindu dira», argitu du Vicensek. Aurkezleak eskertu egin du lantaldea berdina izatea: «Igarri da urteetako esperientzia zutela, eta erritmo oso azkarra eraman dute». Errekondoren ustez, berdintasunak egongo dira, baina desberdintasunak ere bai. «Reality guztietan bezala, bizikidetasuna asko hartuko da kontuan, eta proba gogorrak egongo dira, baina Naufragoak saioan bikote harremana jarriko da jokoan eta ez ezagutzen ez duzun talde batena».

Harrera «ona» espero dute bi aurkezleek. «Hurrengo aldietarako jende gehiago animatzea nahiko nuke», dio Errekondok. Vicensen hitzetan, berak ikusiko zukeen programa bat da; beraz, uste du jendeak ondo hartuko duela. «Euskaraz horrelako abentura saio bat behar genuen».

Aurkezleen lehenengo aldia

Iñigo Vicensek eskarmentua du telebistan: ETB1eko Adinberri saioko aurkezlea da. Hala ere, lehenengo aldia da «bikoteka» saio bat aurkeztuko duena: «Lurrek eta biok hasieratik tratu oso ona izan genuen; oso esperientzia aberasgarria izan da». Aurkezle gisa «duda barik» errepikatuko lukeela esan du.

Lur Errekondo, berriz, ez da inoiz telebistan aurkezle aritu: «Hasieran zalantza izan nuen: ez nuen argi nire aurpegia telebistan ateratzea nahi ote nuen». Aukera onartu, eta «oso gustura» egon dela aitortu du. «Ume txiki bat bere lehenengo jostailuarekin bezala egon naiz». Lehiatzera ere joango litzatekeela onartu du.

Astearteroko atalez gain, astelehen, astearte eta asteazkenetan, eguerdiko albistegiaren ondoren, 15 minutuko saio bereziak eskainiko dituzte bi aurkezleek. Momentuan momentuko informazioa eta material esklusiboa bilduko dute. «Gehiegi erakutsi gabe, kapituluen laburpenak egingo ditugu», azaldu du Errekondok. Horrez gain, ataletan sartzen ez diren baina «interesgarriak» diren irudiak sartuko dituzte. Reality-ak tarte berezia izango du ere Biba Zuek! saioan.

Saioak presentzia handia izango du sare sozialetan ere. Izaro Bereziartuak eduki bereziekin beteko ditu Twitter, Instagram, Tiktok eta Eitb.eus-eko kontuak, abenturak aurrera egin ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.